Aste bukaera honek Bera Berako taldeentzat era guztietako emaitzak ekarri ditu; garaipen bat, porrot bat eta berdinketa bat. Hori izan da harrobiko taldeek jokatutako partiduetan izandako balantzea.
Bera Bera B taldeak jokatzen duen Gipuzkoako Infantil Txapelketaren azken fasea gogorra izaten ari da. Donostiarrek partidu lehiatua jokatu zuten Ereintzaren aurka, eta borroka gogor baten ostean, puntu bat ekartzeko aukera izan zuten, 22ra berdindu ostean.
Kadeteek bestalde, bigarren faseko lehen garaipena lortu zuten, Usurbil 26 eta 31ko emaitzarekin gainditu ondoren. Emaitza honek autoestima indartzeko balioko dio Bera Berari, maila hau handia geratzen ez zaiela erakutsi baitute.
Bukatzeko, jubenilek burua makurtu behar izan zuten Autobuses Juantxu Kukullagaren kontra Donostian. Partidua oso lehiatua izan zen, eta gure neskek zerbait ona ateratzeko aukerak izan zituzten arren, azkenean puntuek Egiatik alde egin zuten 29-31 galduta.
10 egunez lehiatu gabe egon ondoren, Bera Berak bihar 19:00etan ABF Ligari ekingo dio berriro ere, Cleba Leonen kontra Bidebietan jokatuko duen partiduan. Lehiaketa erregularrean bi porrot jarraian jaso ondoren, eta amaitzeko bederatzi jardunaldi bakarrik falta direla kontuan hartuta, irabazteko beharra du taldeak arazoetan ez sartzeko.
Eldarekin aurpegia emanda Erreginaren Kopan galdu ostean, donostiarrek egun asko izan dituzte animikoki eta fisikoki errekuperatzeko. Partidurako Alba Menendez ezezik, beste guztiak prest egongo dira. Jokalariek gogo izugarria dute orain dauden tendentzia negatibo horretatik irtetzeko. Horretarako badakite Castro eta Murtziaren kontrako partiduetan egon ziren hutsuneak ezin direla errepikatu, oso garesti irtengo bailitzateke.
Kontzentrazio osoa eta defentsa indartsua beharko dituzte garaipenaren bidera itzultzeko. Ez gara erotu behar, taldea sailkapenean laugarren baitago, eta Bidebieta Castro ezik beste guztiek galdu dute. Sagunto, Alicante eta Elche bezalako talde indartsuak burumakur irten dire hemendik. Beraz, zelatuen babesean, gipuzkoarrak euren bertuteetan sinetsi behar dute, dakiten bezela aritzen badira garaipena lortuko baitute.
Donostiara azken zortzi puntuetatatik bost lortu dituen Cleba Leon dator, etxetik kanpo oso arriskutsua dena. Elcheri galde diezaiotela bestela, gol bakarragatik irabazi ziona. Lehen itzulian Bera Berak euren kantxan berdinketa lortu zuen soilik, horrebestez, azken norgehiagoketako maila hobetzen ez bada, leonekoek ez dute oparirik egingo.
Neguko merkatuan oso ondo indartu dira, Daria Ilina pibotearekin esaterako. Erasoan asko ematen dio taldeari, nahiz eta azkenaldian ezin izan duen jokatuko belauneko minagatik. Andre Mugosa Montenegroko laterala ere ekarri dute, Leoneko bere bigarren etapan maila ona ematen ari dena. Hala ere, izen propioez hitz eginda, Soraya aipatu behar, talde honetako pieza garrantzitsuenetakoa. Hala ere, postuz postu, Bera Berak kalitate gehiago dauka, eta ez dago aitzakiarik partidua irabazteko.
Bera Beraren harrobiko taldeek asteburu berri bati ekingo diote, eta pasa den asteko emaitza txarrei buelta ematen saiatuko dira. Infantilek eta seniorrek atsedena izango dute, baina infantiletako B taldeak partidu bat jokatzeko zuenez, larunbat honetan arituko da.
Txikiek fase berriaren estreinaldian gol bakarragatik galdu zuten, eta gauzak aldatzen saiatuko dira larunbatean 11:45etan Beraunen Ereintzaren kontra jokatuko duten partiduan.
Kadeteek eta jubenilek ere ez zuten ondo hasi fase zail eta berri hau. Bera Bera kadeteak Usurbili egingo dio bisita larunbatean 17:00etan. Amorruz joango dira, denboraldiko lehen norgehiagoka galdu ondoren.
Jubenilek beren aldetik etxean jokatuko dute, Egian konkretuki, Autobuses Juantxu Kukullaga arerio izanik. Lehia larunbatean 17:30an jokatuko da.
Otsaileko azken aste bukaera ez zen ona izan Bera Beraren harrobiko taldeentzat, garaipen bakarra lortu baitzuten, eta lau porrot. Hala ere, animoak goran jarraitu behar du, hurrengo asteburuan ziur gauzak beste itxura bat dutelako. Horrela lan eginda, garaipenak ez dira urruti egongo.
Lortutako garaipen bakarra Bera Berako infantilek lortu zuten Foru Aldundiaren Txapelketan. Bertan, gazteenek ez zuten arazorik izan Aloña Mendi B 21-12ko emaitzaz gainditzeko. B taldeak bestalde, ez zuen zorterik izan Gipuzkoako Txapelketaren estreinaldian, eta gol bakarragatik galdu zuen Elgoibarren kontra (21-22).
Kadeteek eta Jubenilek Euskadiko Txapelketan estrainatu ziren baita ere, baina ezin izan zuten nahi bezala hasi. Bi taldeek galdu egin zuten Ermuako Errotabarri Eskubaloiaren kontra. 22-27 emaitza izan zuten kadeteek, 26-28koa jubenilek.
Asteburu txar honek jarraipena izan zuen seniorren partiduan, euren ibilbide bikaina moztua izan baitzen Leizaranengatik. Andoainen 29-26 emaitza izan zuten, baina txarrena Maria Graciaren lesioa izan zen. Oraindik ez dakigu lesio horren larritasuna, baina Klubetik animo asko eta besarkada handi bat bidaltzen dizkiogu.
Otsaileko azken asteburuak Bera Beraren taldeentzat partidu ugari ekarriko ditu. Infantiletako B taldeak, kadeteak eta jubenilak beren fase berriei ekingo diete, non beren mailetako txapeldunen artean txapeldun izaten saiatuko diren.
Infantilen B taldeak Gipuzkoako Txapelketaren Azken Faseari hasiera emango dio Pasai Donibanen larunbatean 10:45etan. Arerio bezala Casa Astigarraga Elgoibar izango dute. A taldeak bestalde, Foru Aldundiaren Txapelketako bigarren lehia jokatuko dute igandean 11:30etan Bidebietan. Aurkaria Aloña Mendi B izango da.
Kadete taldeak denboraldiaren bigarren faseari hasiera emango dio larunbatean 16:00etan Bidebietako polikiroldegian. Arerio gogorrak izango dituzte fase berri honetan, Euskadiko txapeldun izateko asmoarekin. Lehenengo aurkaria Errotabarri Eskubaloia izango da. Bere multzoan gainera Zuazo eta Usurbil daude.
Euskadiko txapeldun izateko borroka jubenilek ere larunbatean hasiko dute. Errotabarri Eskubaloia izango da euren arerioa baita ere, baina kadeteak ez bezala, bisitari moduan arituko dira hauek. Partidua Ermuako Miguel Angel Blanco polikiroldegian izango da 17:00etan. Euren multzoan Aiala Zarautz eta Kukullaga Autobusak ere daude.
Bukatzeko, seniorrak Andoaineko Allurralde polikiroldegian arituko dira larunbat arratsaldean 18:15etatik aurrera Leizaranen kontra arituko dira, zuzeneko arerioa dena. Bera Bera forma zoragarrian dago, eta bigarren postua lortzeko borrokan sartu daiteke larunbatean garaipena lortzen badu.