Gaur Bera Berari jakinarazi zaionez, kadete taldean aritzen diren Maria Acuña eta Nora Azurmendi jokalariak Gipuzkoako Jubeniletako Selekzioarekin entrenatzeko deituak izan dira.
Selekzioak hurrengo deialdietarako jokalariak aukeratzen jarraitzen du, eta horretarako bi entrenamendu antolatu ditu Donostiako Gasca kiroldegian. Hurrengo larunbatean 10:00etatik eta 12:00tara, eta igandean 12:00tatik 14:00tara ospatuko dira. Ondo pasatzea eta zorterik onena opa diegu Maria eta Norari!
Bi astez jokatu gabe egon eta gero, Bera Berak bihar Bidebietan 19:00etan Eldaren aurka arituko da, aurtengo Kopako txapeldunordea (non donostiarrak kaleratu zituen), eta ligako bigarren sailkatua. Azterketa benetan gogorra, baina baita ilusionantea ere, ligako azken fasea pribilegiozko lekuan hasiko duen Bera Berarentzat.
ABF liga azken laurdenean sartzera dijoa. Sei partidu amaitzeko, poza edo nahigabea ekarriko dutenak. Elda, Itxako eta Vicar Bidebietatik pasako dira, ia ezer, eta Elche, Ro Casa eta Saguntori egingo zaie bisita. Oso egutegi gogorra, baina Bera Berak froga gainditu ezkero, hurrengo urtean Europara itzuliko da.
Horretarako sekulako aurrera pausoa litzateke bihar Eldari Donostian irabaztea. Talde bikaina da, baina badirudi alakantdarrak azkenaldian ez daudela euren momenturik onenean. Gol bakarragatik irabazi zuten Murtzian eta etxean Leonen aurka galdu zuten ezustean. Hala ere, Bera Beraren entrenatzaile den Reyes Karrere ez da fidatzen “Bigarrenak dira. Nik ez nioka kasurik egingo Leonen aurka gertatutakoari. Egun txarra izan zuten eta gainera Ana Paula ez zegoen bertan, beren taldearentzat oso garrantzitsua dena”.
Ana Paula jokalari bikaina hain zuzen, duda da biharko partidurako Eldatik diotenaren arabera, baina Karrere ez da fio “Nik uste Ana Paulak jokatu egingo duela ziur. Iritsi egingo da eta baita jokatu ere. Hala ere Elda ez da bera bakarrik”. Eurengandik nabarmantzen du “euren jokua, benetan zoragarria bere sinpletasunagatik. Hasierako zazpikoa bikaina dute, Patri Alonso bezalako jokalari inteligenteekin. Euren jokuari errentabilitate handia ateratzen diote”.
Hala ere, Karrerek bere jokalariei euren buruengan zentratzeko eskatu die, ahal duten mailarik altuena emateko. “Gauzak ohi baino hobeto egin behar ditugu. Oreka klabea izango da. Ez digu ezertarako balio defentsan sendo egotea, erasoan asmatzen ez badugu, eta alderantziz. Horrelako arerio bat aurrean edukita, oso partidu ona egin behar dugu alderdi guztietan”.
Partidu honetarako, Alba Menendezen galeraz gain, Bera Berak ere Matxalen Ziarsolo galduko du. Honenbestez, gipuzkoarrak partidu bikaina egitera behartuak daude aurten aurkitu diren bi alditan irabazi dion taldea gainditzeko. Eldan donostiarrek denboraldiko egurrik handiena jaso zuten (40-29), eta Kopan ere alakantdarrak nagusi izan ziren. Bidebietan errebantxa hartu behar zaie. Bera Berak irabazten badu, bigarren postutik bi puntura kokatuko da. Adi beraz.
Partiduz beteriko udaberria izaten ari da Bera Berarentzat, eta bere jarraipena izango du asteburu honetan, non harrobiko talde guztiek liga partiduak izango dituzten.
Infantilekin hasiko gara ohitura moduan, kasu honetan A taldearekin. Larunbatean 11:00etan Zarautzeko Antoniano kiroldegian arituko dira Aiala Dren aurka, euren multzoko azken sailkatua, eta nola edo ahala garaitu behar dena txapeldun izateko borrokan mantentzeko. Ordu bete beranduago, baina Altzako kiroldegian, B taldeak Ereintza jasoko du. Sailkapenean berdinduak, etxean arituko direla aprobetxatuz, irabaztea dute helburu.
Larunbat arratsaldean jubenilen eta seniorren txanda izango da. Lehenengoek Donostiako Gaskan jokatuko dute 17:30etan Aialaren aurka. Zarauztarrak euren mailako lider sendoak dira, eta ia ezinezko izango dute Egia-Bera Berako neskek zerbait positiboa ateratzea. Seniorrek bestalde, Errenteriako kiroldegian jokatuko dute 17:30etan baita ere Ereintza arerio izanik. Multzoko talde onenenekin aritu ondoren, samurragoa den arerio batekin irabaztea tokatzen da berriro.
Igandean Barakaldoko Lasesarre kiroldegian, 10:30etan kadeteek aste bukaera itxiko dute Bide Onera Zuazoren kontra. Bera Berak irabazten badu, bizkaitarrak puntu bakarrera geratuko liratezke.
Martxoko azken asteburuak bi garaipen eta hiru porrot utzi ditu Bera Beraren harrobiko taldeentzat. Orokorrean, talde guztiak maila onean aritu ziren.
Infantiletako A taldeak ez zuen hutsik egin Pulporen kontra, eta horrela Foru Aldundiaren Txapelketa lortzeko borrokan jarraitzen du. Garaipena 10-12 emaitzarekin lortu zuten. B taldeak bestalde, Udarregi 2 liderra ederki asko estutu zuen, baina zoritxarrez, partidu on baten ondoren, puntuek alde egin zuten 13-14 galduta. Emaitzak hala ere, ez du Bera Berak egindako lan ona iluntzen.
Kadeteek ere irabazi egin zuten, kasu honetan Usurbilen kontra. 25-18 emaitzarekin garaitu ziren, partidu ona egin eta gero. Jubenilek eta seniorrek ordea, galdu egin zuten. Egia-Bera Bera jubenilari bigarren fase hau gogorra egiten ari zaio, eta Autobuses Juantxu Kukullagarekin galdu zuen 33-24. Seniorrek bestalde, ezin izan zuten ezer egin bigarren sailkatuaren aurka, Usurbil. Arerioa hobea izan zen nabarmen, eta 21-40 irabazi zuen.
Aste bukaera berria Bera Beraren taldeentzat, pasa den asteburuko emaitza txarrak uzteko aukera berriekin. Ea oraingoan gure neskek pozen bat ematen diguten.
Infantiletako bi taldeek larunbat goizean jokatuko dute. Bera Bera B Altzan arituko da 11:00etatik aurrera Udarregi 2 liderraren kontra, lehen fasetik ondo ezagutzen duena. Usurbildarrak ez dira arerio samurra izango. A taldeak 11:45etan jokatuko du Zumaiako Lubaki kiroldegian Pulporen aurka. Garaipenaren bidera itzultzeko arerio aproposa dela dirudi.
Larunbat arratsaldean kadete eta jubenilen txanda izango da. Lehenengoek 16:00etan Bidebietan Usurbil jasoko dute, aurreko partiduan jada garaitu zuten taldea. Ea errepikatzea baduten. Jubenilek Etxebarrin jokatuko dute 17:30etan Autobuses Juantxu Kukullaga arerio bezala izanik, euren antzeko maila duena.
Bukatzeko, Bera Berako seniorrek igandean 12:00etan Donostiako Gaskan itxiko dute jardunaldia Usurbilen kontra, bigarren sailkatua.