Itxakok aste bukaeran Hungrian Txapeldunen Ligako finalaurrekoaren joaneko partidua jokatu behar duenez, Bera Berari hurrengo astean elkarren artean jokatu behar duten partidua aurreratzeko eskatu dio. Horrela, lehia apirilaren 12an izango da arratsaldeko 19:00etan Bidebietan.
Bigarren urteko Nora Azurmendi eta Maria Acuña kadeteez gain, Bera Beraren beste hiru jokalari Gipuzkoako selekzioarekin entrenamendu pare bat egiteko deituak izan dira. Kasu honetan, jubeniletako lehen urteko Olatz Ramon, Uxue Ezkurdia eta Izure Andres dira.
Horrela, Bera Berako bost jokalari arituko dira larunbata eta igande honetarako antolatu diren entrenamenduetan. Gaska kiroldegian izango dira, Donostian. Larunbatean 10:00etatik 12:00etara eta igandean 12:00etatik 14:00etara.
Aurretik dugun asteburua nahiko lasaia izango da Bera Beraren harrobiko taldeentzat. Kadeteek eta jubenilek Gipuzkoako selekzioarekin egongo dira, eta honenbestez infantilek bakarrik edukiko dituzte liga partiduak.
Bera Bera Bk larunbatean 9:30etan jokatuko du Elgoibarreko Olaizaga kiroldegian. Casa Astigarraga Elgoibar izango dute arerio. Aurkari zuzena da, sailkapenean Bera Beraren aurretik baita puntu bakar batengatik. Partidua itxia eta lehiatua izatea espero da.
Igandean izango da Bera Bera Aren partidua Federopticos Ikus Elgoibarren kontra. Norgehiagoka Bidebietan izango da goizeko 10:00etan. Foru Aldundiaren Txapelketako azken partidua izango da, eta Donostian liderra izango dugu bisitari.
Bera Beraren harrobiko taldeen lan onak bere ondorioak izaten ari da, eta hori eskualdeetako selekzioen deialdietan ikusten ari da, kasu honetan Gipuzkoan.
Kadete selekzioarekin entrenatzeko hiru jokalari izan dira deituak. Behin betiko deiadiak egin baino lehen, proba faseak jarraitzen du honenbestez. Oraingoan Maitane Etxeberria, Anne Valle eta Lide Lucas dira deituriko jokalariak.
Entrenamendua hurrengo igandean izango da Usurbileko Oiardo Kiroldegian 11:00etatik 12:30etara.
Apirileko lehen asteburuak Bera Beraren taldeentzat emaitza bikainak ekarri ditu. Ohorezko Mailakoen garaipen zoragarriaren ostean, harrobiko taldeek ere partidu ederrak jokatu zituzten.
Infantiletako bi taldeek garaipena lortu zuten. Bera Berak ez zuen sorpresarik nahi, eta Aiala D 12-16 gainditu zuen. Txikiek Foru Aldundiaren Txapelketan duten ibilbidea hurrengo astean bukatuko dute Elgoibarren kontra. Bera Bera Bk bestalde, pixkanaka goruntza dijoa, eta larunbat honetan 24-23 irabazi zion Ereintzari.
Kadeteek bestalde, 2º fase honi era ezin hobean esan zioten agur; Barakaldon sekulako garaipena lortuz. Denboraldi osoan inork ez zuen Bide Onera Zuazoren kantxa irabazi, baina Bera Berak puntuak eraman zituen 19-20 irabazita. Tamalez, finaletatik at geratzen dira puntu bakarragatik, baina honek ez du denboraldi zoragarri bat iluntzen. Aste Santuaren ondoren, Gipuzkoako Kopa jokatuko dute.
Kadeteen garaipena bikaina izan bazen, zer esanik ez Egia-Bera Berako jubenilek lortutakoa. Aiala liderra mendean hartu zuten 26-25. Zarauztarrek ibilbide ezin hobea zeramaten, puntu guztiak batuta, baina oraingoan Donostian galdu egin zuten. Horrela, donostiarrek zapore onarekin bukatu dute 2º fasea, eta orain Aste Santuaren ondoren Gipuzkoako Kopa jokatuko dute baita ere.
Bukatzeko, tamalez, Bera Beraren seniorrek ezin izan zioten asteburu eder honi jarraipena eman, eta Ereintzarekin 32-21 galdu zuten. Horrela Liga laugarren postuan amaitu dute, eta orain Gipuzkoako Kopa jokatuko dute.