Pasa den martxoaren 2an, Baionan Aviron eta Bera Beraren arteko kolaborazio hitzarmena berritu zen, 2003ko abenduaren 17tik martxan dagoena. Bertan bi kluben arteko kirol kolaborazioaren puntuak adosten dira, eskubaloian eta errugbyan erabiliko direnak.
Hitzarmen honen berritzean pertsona hauek egon ziren: Philippe Ducase, Aviron Bayonnais Omnisports-eko presidentea, Bera Bera Errugby Taldearen presidentea, Fernando Diez Mintegi, Aviron Bayonnais Handballeko presidentea, Daniel Bona, eta Bera Bera eskubaloiaren presidentea Amaia Ramirez.
Akordio honen berritzea urtebeterako izango da, eta aspektu hauek ezartzen dira. Alde batetik, bi klubek konpromezua hartzen dute, entrenamendu komunak egiteko, lagunarteko txapelketak eta partiduak antolatzeko, teknifikazio kurtsoak egiteko, eta bi kluben artean jokalarien zesioak egoteko. Besteak beste, gaur egun Ainara Luque Bera Beraren jokalariak Avironen utzita jokatzen du.
Gainera, bi klubek konpromezua hartzen dute datu baseak konpartitzeko, bideoak, eskubaloieko gertaera garrantzitsuak jasotzeko antolakuntza elkarrekin eramateko... hau dena Kontseilu Tekniko batek kontrolatuko du, proiektuaren jarraipena egingo du alegia. Kontseilu hau Klub bakoitzeko bi pertsonek osatuko dute, eta hiru hilabetean behin batuko dira.
Horrela, Bera Berak eta Avironek eskua ematen dute etorkizunean elkarrekin aurrera egiteko, eta elkarlanean egunez egun hazteko eta kirol maila hobetzeko.
Zoritxarrez, Bera Beraren harrobiko taldeek ezin izan zuten nagusiek izan zuten emaitza onari jarraipena eman, eta lehia guztienak galdu zituzten. Partiduak oso parekatuak izan ziren, baina lehiakortasun horretan gehienetan gurutzea atera zen.
Infantiletako B taldeak bere multzoko liderraren aurka berdinketa lortu zuen 23na. Aiala A faboritoa zen, baina gure neskek maila altua eman zuten, eta ia garaipena lortu. Zoritxarrez, A taldeak ez zuen bere egunik onena eduki, eta Usurbilen gol bakarragatik galdu zuen Udarrigi 1en kontra. Emaitza 17-16 izan zen.
Gol bakarragatik galdu zuten baita ere kadeteek Bidebietan. Bide Onera Zuazok talde bikaina zela erakutsia zuen, baina gure neskek begietara begiratu zieten. Pena bat izan zen azkenean hain tarte txikiagatik puntuak alde egin izana (24-25).
Jubenilek eta seniorrek ere porrota jaso zuten. Lehenengoek oso konpromezu zaila zuten Aiala Zarautzekin, euren multzoko lider sendo eta indartsua. Logika bete egin zen eta Bera Berak 34-19 galdu zuen. Min gehiago egin zuen seniorren porrotak, Aloña Mendirekin izan baitzen, zuzeneko arerioa. Donostiarrek laugarren postuan jarraitzen dute, baina euren jarraitzaileak gerturatu egin dira 18-20 irabazi ostean.
Maitane Etxebarria Bera Beraren infantila Espainiako Selekzioarekin kontzentrazio bat egiteko deitua izan da. Euskal Federazioak Klubari jakinarazi dionez, kontzentrazio hau Getafen ospatuko da (Madril), apirilaren 25 et 26ean.
Honenbestez, gure jokalari gazteak estatuko jokalari onenekin aritzeko aukera izango du. Entrenamendu horietan zorterik onena opa diogu gure txapeldunari. Asko disfrutatu eta Zorionak Maitane!
Bera Berak bihar 18:00etan Madriden partidu garrantzitsua jokatuko du Alcobendasen kontra, forma bikainean dagoen taldea, irabazten zaila izango dena. Hala ere, donostiarrak garaipena lortzeko intentzioarekin doaz, Leonen aurka sentsazioak berreskuratu ondoren. Dara Carvalho duda da.
Lehia honekin egutegiaren fase garrantzitsuenari hasiera ematen zaio, non Bera Berak Europara joateko bere aukera asko jokuan jarriko dituen. Bi partidu jokatuko ditu jarraian (hurrengoa azken sailkatuaren kontra) Alpeetan sartu baino lehen. Elda eta Itxako Donostiatik pasako dira, eta erdian Elx-era bisita benetan zaila. Fase horretara etxeko lanak eginda iristea komeni da, eta biharko garaipena negozia ezina da.
Horrela ulertzen du baita ere Reyes Karrerek “Goiko postuetan sendotzeko garaia iritsi da, edo bestela Europan sartzeko sufritu egingo dugu. Konpetentzia oso handia da, horregatik ezin dugu kalerik egin horrelako partiduetan. Bihar irabazi beharra dugu”.
Leonen kontra lortutako garaipen freskagarriaren ondoren, “irabaztea baino gehiago den partidu bat behar genuen” dio Karrerek, taldeak indarrak berreskuratu ditu Madridera joateko. Partidu honetarako Dara Carvalho brasildarra duda da. Norgehiagoka galdu lezake belauneko golpe batekin.
Aurrean Alcobendas, etxean Alicante gainditu duena, eta Elcheren aurka gol bakarragatik galdu duena. Madrildarrek hutsuneak dituzte, egia da, sailkapenean horregatik baitaude dauden lekuan, baina egun ona dutenean oso arriskutsuak dira. Gainera denboraldiko momenturik onenean daude, hiru partidu irabazi baitituzte jarraian.
Reyes Karrerek irudi ona du talde hontaz “gazteak eta freskoak dira. Etorkizun handiko jokalariak ditu, freskotasun handikoak, gauza handiak egiteko gai direnak. Oso maila interesgarria dute; hemen asko kostatu zitzaigun irabaztea. Partidu osoan zehar mantentzen dute intentsitatea nabarmenduko nuke”. Izen propiez hitz eginda, gogokoen duena da “Yvette Broch holandarra. Nere ustean ligako piboterik onenetakoa. Gainera, badituzte kalitatezko beste jokalari batzuk ere, Basic eta Marta Fernandez kasu”.
Laburbilduz, lehiakortasun handiko arerioa, gailentzeko zaila. Hala ere, duela sei egun Leonen aurka ikusi genuen Bera Bera hori, ia kantxa guztietan irabazteko gai da. Hori bai, maila hori mantendu beharko da puntuak Donostiara ekartzeko. Gure neskak horretarako gai dira.
Hurrengo asteburuan partidu pila izango dugu aurretik. Bera Beraren harrobiko talde guztiek norgehiagokak izango dituzte. Ea aurrera pausoak emateko gai diren bakoitza bere mailan.
Infantiletako B taldekoak izango dira goiztarrenak. Larunbatean 10:45etan Zarautzen Aiala A liderraren aurka arituko dira. Mahai gainean kolpea emateko aukera ezinhobea. A taldeak bestalde Usurbilen jokatuko du Udarregi 1en kontra. Aurkariek oraindik ez dute punturik batu, eta lidergora igotzeko aukera paregabea izan daiteke 12:30etatik aurrera izango dutena.
Larunbat arratsean iritsiko da kadete eta seniorren txanda. Gazteenek Bidebietan 16:00etan jokatuko dute euren multzoko liderraren aurka, Bide Onera Zuazo hain zuzen. Bera Bera irabazteko gai bada, sailkapenean aurrea hartuko lioke. Bi ordu beranduago, Bidebietako kantxara seniorrak irtengo dira. Aloña Mendi izango dute arerio, sailkapenean atzetik duten taldea. Irabazi ezkero, laugarren izatea gutxienez ziurtatua lukete donostiarrek.
Aste bukaerari agur esateko jubenilak arituko dira igandean 11:30etan Zarautzen. Bera Berak Aialari egingo dio bisita, lehen partiduan maila izugarria eman zuen taldea. Ea gure neskak emaitza on bat ekartzeko gai diren.