Bera Berak Itxakoren aurka galdu du gaur, baina bere zigilua utzi du, lider indartsuari aurre egin dion talde handi batena. Izan ere, nafarrak estu eta larri ibili dira bigarren zatian. Bukaerako porrotak ez du ilundu behar donostiarrek egindako lan bikaina. Ligako geldialdira, bigarren postuan geratzeko baliabideak dituztelaren ideiarekin joango dira.
Bera Berari kosta egin zaio partiduan sartzea, Itxako hotz harrapatu baititu. Nafarrek ez dute barkatzen eta segituan lortu dituzte abantaila erosoak. Pentsa zitekeen partidu eroso bat izango zutela, baina ezta gutxiago ere.
Lehen zatian Itxakok partidua kontrolatua izan du, baina aldegeletatik itzultzean, gauzak aldatu egin dira. Reyes Karrerek bere jokalariei defentsa indartzeko beharra jakinarazi zien, eta alderdi honetan zentratuta, eta atean Wendy Obein zoragarri batekin, Bera Berak Itxako lehortzea lortu du.
Nafarrak golik sartu gabe egon dira hamar minututan, eta horrek ederki asko uzten du agerian Bera Beraren lana. Gainera erasoan asmatu egin dute, eta horrek markagailuari buelta ematea suposatu du. Eider Rubio bikain aritu da penalti guztiak sartuz, eta Bea Fernandez, berriro ere ezinhobeto aritu da gol arloan. Bigarren zatiaren 15garren minutuan markagailuak 23na berdinketa erakusten zuen.
Orduan Itxakok errekzioa bilatu du. Partiduaren norabidea galduta zuen. Geldialdi bat eskatu beharrean egon dira. Zita handietan bezala jokatu beharrean ikusi dira. Tamalez, orduan egin du kale Bera Berak. Hiru baloi klabe galdu, eta horrenbeste gol jaso dituzte. Partidua maldan gora jarri zaie. Eta hortik aurrera arrisku gehiago hartu beharrean egon dira, eta kontraerasoan nafarrek ez dute barkatu.
Bukaerako emaitzak zapore gazigozoa utzi dio Bera Berari. Lasai eta gustora daude egindako lan onagatik, eta liderra ederki asko estutu dute. Itxakok asko sufritu du begietara begiratuta jokatu dion arerio batekin. Baina azken minutuetan donostiarrei alde egin die aukera handi bat. Zerbait ateratzea oso gertu egon. Hala ere, Bera Beraren zaletuak gaur inoiz baino gehiago euren jokalarietaz harro sentitu behar dira. Handiak dira.
BBB.Zazpikoa-Obein, Ziarsolo(3), Rubio(9), Lide, Cuña(1), Carvalho(2), Agirre(2). Fernandez(9), Punko(3), Melinda(1), Menendez, Campa, Tomasevic
Kanporaketak: Carvalho(2), Rubio, Cuña, Menendez, Agirre
Itxako.Zazpikoa-Navarro, Martín(6), Barbosa(2), Turey(7), Begoña Fernandez(3), Soit(3), Barno. Pena(6), Egozkue(2), Pinedo(3), Aguilar(1), Alonso(1), Curvanova, Alizar.
Kanporaketak: Pinedo
Partzialak: 3-1, 6-3, 10-7, 13-9, 16-12, 19-15(des), 23-17, 23-21, 23-23, 29-25, 32-27, 34-30.
Arbitroak: Santiuste y Santiuste
Bera Beraren kadete taldeak erakusten ari den mailak bere ondorioak izan ditu, eta Euskadiko selekzioak gure lau jokalari deitu ditu. Deialdia Gasteizen azaroaren 20tik 21era ospatuko den kontzentrazio batetarako da.
Oraingoz preselekzio bat besterik ez da, baina oraingo 19 jokalarietatik aukeratuko dira selekzioan egongo direnak. Bera Beratik, esan bezala, lau neska joango dira: Nora Azurmendi, Maria Acuña, Lide Lucas eta Ane Valle. Dudarik gabe, Klubarentzat berria oso pozgarria izan da.
Bera Bera eskubaloi taldeak bihar Lizarran urteko azken liga partidua jokatuko du, eta liderraren aurka izango da gainera. Itxako indartsua ABF ligan jaun eta jabe izaten ari da aurten ere. Bera Bera hala ere, inongo konplexurik gabe joango da, eta euren aurrean aukera handi bat dutela jakinda.
Itxakoren aurkako partidua hori izan behar da, aukera handi bat, eta ez ezinezko bat edo lehenbailen pasa beharreko “estuasuna”. Ezta inundik ere. Bera Bera zerbaitegatik da kategoria honetako hirugarren talderik indartsuena, eta Castrok nafarrei susto handi bat eman bazien, Bera Berak ere horretarako gaitasuna du.
Itxako gainera partidu garrantzitsu bat jokatzetik dator, igandean Alemanian jokatu zuena, horregatik ez dira beti bezain fresko egongo. Hala ere, engainuan erori gabe, ez dago dudarik ligako talderik indartsuenaz ari garela, eta bere jokalariak “galaktikoak” direla. Patri Pinedo, Alexandría Barbosa, Emiliya Turey edo Raphaelle Tervel frantses bikaina dira, besteak beste, euren izarretako batzuk.
Donostiarrak bihar bertan joango dira Lizarrara, talde osoarekin, eta moralez gainezka pasa den asteburuan Elx-en aurrean emandako erakustaldiagatik. Lehiaren klabea defentsan oso fuerte egotea izango da, gure armarik onena baita, eta horrela Itxakok eroso jokatzen utziko dioten abantailarik lortu ez dezan. Partidu honen ondoren, liga gelditu egingo da urtarrilaren 8ra arte, abenduaren 7tik 19ra Emakumezkoen Europako Txapelketa jokatuko baita Norbegian eta Danimarkan.
Bera Beraren harrobiko taldeek euren ligetako jardunaldi berri bat jokatu zuten pasa den larunbatean, eta berriro oso emaitza onak lortu zituzten.
Goizean infantilak hasi ziren lanean. Kasu honetan, A taldeak ezin izan zuen ezer egin Pasaian Ereintza indartsuaren aurka, eta 19-4 galdu zuten. Emaitza honen zauriak laister itxi zituen hala ere B taldeak, etxean Leizarani 29 eta 11 irabaziz.
Nagusiagoak bestalde, ezin hobeto aritu ziren. Kadeteak ligan primeran jarraitzen dute, eta 6ean utzi zuten Aloña Mendi B. Beraiek 31 gol egin zituzten gainera.
Egian jokatu zuten jubenilek, eta kasu honetan ere partidua eurek eraman zuten. 30-22 irabazi zioten Pulpori. Seniorrek ere arerio hau izan zuten, eta jubenilek bezala, irabazi egin zieten baita ere. Zumaian izan zen, 20-24 emaitzarekin.
Pasa den astean Eldan jokatu zenaren ondoren, bihar Bidebietan garrantzi handiko beste partidu bat jokatuko da, denboraldia markatzen duten horietako bat. Bera Berak Elx jasoko du, arerio sendoa, donostiarren porrotaz baliatuz sailkapeneko hirugarren postua kendu diena. Etxekoak eurena sentitzen duten posizioa berreskuratzen saiatuko dira bihar.
Astea nahiko luzea egin da, batez ere Bera Beraren jokalariak pasa den partiduko zapore txarra kentzeko irrikitan daudelako. Eldan ez zitzaizkien gauzak espero bezala atera, eta hura ahazteko erremediorik onena Elx-i irabaztea izango da. Garaipena lortzea oso garrantzitsua litzateke Itxakori bisita egin baino lehen, hurrengo asteazkenean.
Donostiarrek duela zazpi egun galdu zuten defentsa ona berreskuratu beharko dute, orain arteko ibilbide onaren klabeetako bat izan baita. Kontuan edukita gainera, ilizitarrek txapelketako defentsarik onenetakoa dutela, partidu gogor eta intentso bat izatea espero da. Beraiek kanpoko partiduetan sufritu egin dute, horregatik kantxa faktorea arma garrantzitsu bat izango da Bera Berak bere helburua lor dezan.