Bukatu dira bromak. Bihar Bera Berak denboraldiko suzko lehen proba izango du Eldan. Hasierako probak bukatuta, eta taldea gero eta hobeto ulertzen den bitartartean, bigarren sailkatuaren aurka arituko dira, Elda Prestigio. Helburua garaipena lortu eta alakantekoei bigarren postua kentzea da.
Astean zehar inguruan nabaritu da partidu berezi baten aurrean gaudela. Hala ere, donostiarrak euren lana egiten jarraitu dute, eta Bidebietan egon dira jo ta su lanean, partidua prestatzen. Atzo Eldara joan ziren, eta bertan egingo dituzten asteko azken entrenamenduak. Helburua %100 kontzentratuak egotea izango da.
Jokalariak, zaletuak bezala, ilusioarekin ari dira bizitzen taldearen ibilbide ona, horregatik, bigarren sailkatuaren aurka jokatzeak bereziki motibatzen ditu, are gehiago jakinda, irabazita euren aurretik jarriko direla.
Hala ere, helburua oso zaila dela ezin da ahaztu, Eldak duen maila kontuan hartuta. Sailkapenean beti goran egoten den taldea da, eta aurten ere sekulako taldea direla ari dira erakusten. Popovic, Onso eta Ana Paulak osatzen duten hirukia da beraien klabeetako bat, baina ez bakarra. Oso eraso indartsua dute, horregatik, Bera Beraren defentsa inoiz baino hobea izan beharko da.
Ilusioa eta lana armak bezela hartuta, Bera Berak bere zaleei beste poz bat eman nahi die. Oraingoan zerbait handia litzateke. Helburu horrekin joan dira Eldara. Garaipena besterik ez dutela buruan.
Beatriz Fernandez, Bera Beraren jokalaria, taldearen egoera aztertzen digu eta Eldaren aurkako partiduan ditugun aukerak.
Zer moduz Bea?
Oso ondo, oraindik lasai, je,je.
Nola baloratzen duzu taldearen ibilbidea, espero zitekeena baino hobeto al zaudete?
Pasa den urtearekin konparatuta, baliteke diferentziatako bat kanpoko jaurtiketa gehiago daukagula izatea. Hala ere oraindik goiz da non bukatuko dugun jakiteko. Ez dakit zer espero zitekeen konkretuki gugandik, baina oraingoz balantzea oso ona da. Nik taldeari nota ona jarriko nioke oraingoz, baina hobetzeko margenarekin, taldeak asko baitu oraindik.
Taldearen klabeetako bat izaten ari zara...
Pozik nago nire lanarekin egia esan, baina ez dut uste taldea hain ondo doanik nere lanagatik bakarrik. Taldearen lana da, oso ondo funtzionatzen duena. Horrela jokatzen ari bagara, eta puntuak ateratzen, lan kolektiboarengatik da. Oso talde polita sortu da, eta oso batuak gaude.
Esperientzia berri honek zer eskaintzen ari zaizu?
Oso pozik nago, egia esan. Oso klub serioa zelaren ideiarekin nentorren, non oso giro ona zegoen, eta dudarik gabe hori berresten dut orain. Asko ari naiz disfrutatzen.
Defentsa izaten ari al da zuen errendimenduaren klabeetako bat?
Ein batean bai. Partidu asko defentsa onarengatik atera ditugu. Ligako taldeen artean, gol gutxien jaso dugun hirugarrenak gara, eta horrek zerbait esan nahi du. Oso bloke solidoa dugu. Kontuan hartu behar da gainera, jokalari berri asko etorri direla, eta beste joko estilo batera ohitzea oso zaila da. Gainera iaztik baja garrantzitsuak daude, Tati edo Esme-renak esaterako. Berriak pixkanaka gure jokoa adaptatzen egon behar gara.
Liga bitan banandua egoten jarraitzen du: Itxako eta besteak...
Bai, egia esan, gaur egungo egoeran Itxakoren aurka lehiatzea oso zaila da, kontuan hartuta zer aurrekontu daukan eta sekulako jokalariak dauzkala. Hori kontuan hartuta, gure ligan ahalik eta gorago egoten saiatu behar gara, eta bigarrenak bagara, oraindik eta hobeto.
Larunbatean bigarren postu horren bila...
Bai, oso kontzientziatuak gaude, badakigu partidua oso oso garrantzitsua dela, eta Eldara bigarren tokiaren bila joango gara. Gogor ari gara lan egiten, eta uste dut irabazteko aukerak baditugula, zergatik ez. Zaila izango da, zuzeneko arerioa delako eta etxean arituko delako, baina berriro diot partidu serio bat egiten badugu, irabazteko aukera izango dugula.
Eta gero egutegia gogorra izaten jarraitzen du, Eltxe eta Itxakorekin...
Nahi duguna partidurik ez galtzea da. Argi dago Itxakorekin ez galtzea oso zaila dela, baina gutxienez gauzak zailak jarri nahi dizkiegu.
Helburua Europara bueltatzea da, edo partiduz partidu ikusiko da?
Taldea osatu zenean helburua Europara bueltatzea zen, dudarik gabe. Hala ere, sartzearekin ez gara konformatzen, eta egunetik egunera irabazi hobetzen joan nahi dugu. Horregatik bigarrenak izan nahi dugu bostgarrenak baina hobeto, eta horretarako egingo dugu lan.
Gaur Madriden RFEBM-ko zuzendaritzak izan duen bileran, XXXII.garren Erreginaren Kopa Telde-n (Kanaria Handia) jokatuko dela erabaki da. Ro casa eskubaloi taldea izango da antolatzailea eta 2011ren otsaileko 24-25-26 eta 27 egunetan jokatuko da. Ostegun arratsaldean jokatuko dira final laurdenak; bi partidu Rita Hernandez kiroldegian eta beste biak Antonio Moreno kiroldegian. Finalerdiak larunbatean izango dira eta finala igande goizean.
Bera Berak sailkapena eskura du, eta lortu ezkero, aukera polita izango luke beste txapelketa batekin amesteko. Izan ere, oso ondo ematen zaie donostiarrei Erreginaren Kopa.
Urriaren azken aste bukaerak garaipen gehiago ekarri zituen Bera Bera Eskubaloiaren harrobiko taldeentzat, etorkizuna eurena dela erakutsiz.
Kadeteek eta jubenilek ez dute garaipena besterik ezagutzen, pasa den larunbateko partiduak berriro irabazi eta gero. Kadeteek ez zuten gupidarik izan Ereintzarekin, eta 28-7 irabazi zioten. Jubenilek ere Ereintza izan zuten arerio, eta emaitza desberdina izan arren, 31-22 kasu honetan, garaipena Donostian geratu zen baita ere.
Infantiletan bestalde, denetarik egon zen. A taldea Aiala B-k gainditu zuen 24-12, baina B-koek konpondu zuten goiza, Leizaran B-ri 22-11 irabaziz.
Badira bi aste jarraian, noiz Bera Bera Eskubaloi taldeak bizikleta bat zozketatu duen, Ohorezko Mailako nesken partidura joan diren ikusleen artean.
Iniziatibak onespen bikaina izaten ari da, errifak euro bakarrera saltzen baitira. Hurrengo oparia termetara joateko txartel bat izango da, eta azaroaren 13 zozketatuko da, Bera Bera eta Elcheren arteko partiduaren atsedenaldian.
Aste honetan saritua Maite Lesmes izan zen, Amaia Ramirez Klubeko arduradunaren eskutik bizikleta eder bat jaso zuena.