Pasa den asteburuak oso balantze positiboa utzi zuen partidua izan zuten Bera Beraren taldeentzat. Kadeteek eta jubenilek Gipuzkoako Kopako ibilbidea behar bezala hasi zuten, bi garaipen ederrekin, etorkizunari baikortasunez begiratzeko.
Larunbat goizean Egia-Bera Berako jubenilek Pulpo erraz garaitu zuten Egiako kiroldegian. Hasieratik gure neskak partiduaren jabe izan ziren, eta azkeneko emaitzak argi agerian uzten du egindako lan ona: 34-23.
Jubenilek lan txukuna egin bazuten, baita kadeteek ere. Bidebietan larunbat arratsaldean jokatutako lehian ikusi zenaren arabera, Bera Berak aukera asko izango ditu Kopa honetan irabazle izateko. Izan ere, ez zuten arazorik izan Aloña Mendi A 27-12ko emaitzarekin garaitzeko.
Luzea egin den geldialdiaren ostean, Bera Berak ligako partidua izango du berriro ere bihar Las Palmasen (18:30). Bertan Ro Casaren kontra arituko da, liga amaitu baino lehen jokatuko dituen azken hiru partidutako lehenengoa. Taldeari puntu bakarra falta zaio Europara bueltatzeko, eta hori lortzea ez litzateke gehiago luzatu behar.
Bera Berak partidua gogoarekin hartuko du, bi aste baino gehiago igaro baitira Itxakok Bidebietan irabazi zuenetik. Hala ere, atseden hartzea ondo etorri zaio taldeari, bere entrenatzailea den Reyes Karrerek esaten digunaren hildoan “egia esan ondo etorri zaigu galditzea, atseden hartu eta deskonektatzeko, eta horrela pilak kargatzeko. Talde bezala berriro ere aurkitzeko ondo etorri zaigu, eta entrenamenduetan bakarrik landu ditzazkegun gauzak egiteko. Taldea ondo ikusten dut, konfiantzarekin”.
Tentsio handiko partidua izatea espero da, Ro Casak asko baitu jokoan, maila ez galtzea hain justu. Sarrera dohainik, zaletuei deialdia... kanariarrentzat finala izango da biharkoa, baina Bera Bera onenak azkenaurreko sailkatua gainditzeko ahalmena du. Hori bai, intentsitatea eta kontzentrazioa ezinbestekoak izango dira. Karrerek badaki zer aurkituko duten “ez dago maila babestea bezain beste motibatzen duen faktorerik, ezta txapeldun izatea ere. Badakigu zer edukiko dugun aurreran, eta prestatuak gaude, egutegia ezagututa bagenekielako zer aurkituko genuen bertan. Hala ere, partidu hau ez da definitiboa ez batentzat ez bestearentzat”.
Argi dago, konpetizioaren garai honetan salbazioagatik borrokatzen ari diren taldeak hobeto sailkatuak daudenak baino arriskutsuagoak izan daitezke. Beharrak bultzatu egitun du, eta Kanaria Handiko pabeloi txikia infernua bilakatu daiteke, Kopan ikusi zen bezala. Saguntok eta Itxakok bere gain sufritu zuen faktore hau, ligan nabarmen galdu baitzuten bertan. “Oso kantxa zaila da, non jendeak asko animatzen duen. Kopan ikusi zen nolako giroa dagoen bertan. Gainera oso talde indartsua dira fisikoki, oso intentsoa, eta fitxaketa berriekin asko irabazi dute” dio Karrerek.
Europara itzultzeko behar den azken puntua lortzea ez da erraza izaten ari, baina badirudi biharko partidua helburua lortzeko aproposa dela. Elchek Eldari irabazten ez badio, helburua lortuta legoke, baina hobe donostiarrek euren egin beharrak betetzen badituzte. Irabazteko errezeta bakarra du Reyes Karrerek “beraiek baino hobeto jokatzea. Ez dago besterik. Haiek baino hobeto egiten baditugu gauzak, garaipena lortuko dugu”. Horrela izan dadila.
Bera Beraren bost jokalari Gipuzkoako jubenil Selekzioak igandean Usurbilen antolatu duen entrenamenduan parte hartzeko deituak izan dira. Oiardo kiroldegian izango da goizeko 9:00etan. Hauek dira protagonisten izenak: Izure Andres, Uxue Ezkurdia, Olatz Ramón, Nora Azurmendi eta Maria Acuña. Aukera honetaz gozatzera neskak!
Aste Santuko oporren ondoren, Bera Beraren harrobiko talde batzuk konpetiziora bueltatuko dira asteburu honetan. Lehen fasean txapeldun izan ziren kadete eta jubenilek fase berri bati ekingo diote, kasu honetan Gipuzkoako Kopa.
Larunbatean 10:00an Egian, Egia-Bera Berako jubenilek Pulpo jasoko dute Gipuzkoako Kopari hasiera emateko. Txapelketa ligaxka formatuan jokatuko da, bi multzotan bereiztuta. Larunbat arratsaldean bestalde, konpetizio formatu berarekin baina hiru multzotan bereiztuak, Bera Beraren kadeteek egingo dute debuta. Partidua Bidebietan ospatuko da 16:00etan eta Aloña Mendi A izango da arerioa.
Bera Beraren hiru jokalari Usurbilen hitzordua dute hurrengo igandean, Gipuzkoako kadete Selekzioak egin behar duen entrenamenduan parte hartzeko. Maitane Etxeberria, Anne Valle eta Lide Lucas dira jokalari horiek. Igandean, maiatzak 1, 10:15etan Oiardo kiroldegian egon behar dira. Iraupena 10:30etatik 12:30tara izango da. Zorionak eta ondo pasatzera neskak!