Partidan sartzea kostatu arren, behin eginda Bera Berak horma handi bat ezarri zuen, Rocasarentzat gaindiezina izan zena. Larunbateko partida aurretik, Kanariarrek jokatutako guztia irabazi zuten Antonio Moreno kiroldegian: Elche, Alcobendas, Guardés, León eta Castro izan ziren gainditu zituen aurkariak, sailkapenean hirugarren, laugarren eta bostgarren gaur egun esate baterako.
Lehenengo itzulian Rocasaren ezaugarri nagusiena izan da etxean gol erraz egitea. Izan ere, bataz beste 32 gol sartu ditu Bera Beraren bisita aurretik. Horrek esan nahi du donostiarrek 12 goletan murriztu dute Kanariarren gol egiteko gaitasuna. Eta hori dena, defensa bikaina eta Zoqbiren geldiketei esker.
Ikus bideoa Rocasa-Bera Bera
Etxetik kanpo, berriz, 30 gol azpiko markagailuekin sufritu zuten kanariarrek Castelldefelsen (19-21) eta Barakaldon (26-26).
Halere, hamahiru minutu behar izan zituen Bera Berak proposamena baieztatzeko (7-4). Teldensen baloi galduak Altunak eta Nuñezek aprobetxatu zituzten kontraerasoetara, eta eskerrak eraso posizionala trabatzen zelako. Defentsako lan ederra azaldu zen orduan, baloi lapurketak, blokaketak Elorza, Núñez eta Ederra jokalarien bitartez eta Zoqbiren geldiketak 1-5 aldeko partziala eragin zuten, Menéndez, Ziarsolo, Elorza eta Pinedoren golak, hain zuzen.
Lehenengo zatian, Bera Berak zazpi alditan gauzatu zituen kontraerasoak edo transizio azkarrak, brasildar atezainak, berriz, zortzi geldiketa egin zituen.
Partida irauli
Bigarren zati hasiera partidarena gogoan ekarri zuen. Rocasak zortzi metroetatik asmatu zuen eta sei gol sartu zituen adina minutuetan, Bera Beraren kontraerasoak saihestuz. Halere, baloia berreskuratu zutenean donostiarrek 15-17 aurreratu ziren Ziarsoloren bitartez.
Rocasak asmatzen jarraitu zuen, orain hegalak, piboteak eta barneraketak gauzatzen (43 min. 19-17), hau da, 13 minutuetan lehenengo zatian baino gol gehiago zeraman.
Reyes Carrerek Eider Rubio aurreratu zuen defentsan Daniviaren ondoan jarriz eta donostiarrek eraso posizionalean, Ziarsolo eta Castroren bidez, asmatu zuten (19-19).
Hortik aurrera, Bera Bera baino ez zen gelditu pistan. Defentsan lapurtu egin zuen, hiru kontraeraso gauzatu zituen (19-23) eta Zoqbik sei geldiketa bikainak egin zituen.
Rocasa saiatu zen banan banako defentsarekin, Bera Berak partida kontrolatzen jakin izan zuen eta orduan Patri Elorzak asmatu zuen barneraketa egiten partidari amaiera jarriz.
Rocasak erasoan 63 baloi jabetza izan zituen, horietatik 42 jaurtiketa egin zituen, penaltiz bost –lau sartuz-, zutoinetara hiru baloi, beste bat kanpora eta Zoqbik %50eko portzentaiarekin amaitu zuen partida. Horrez gain, Bera Berak bost baloi lapurtu zituen, lau aldiz oztopatu zituen jaurtiketak eta kanariarrek 12 aldiz galdu zuten jabetza. Partida osoan, 14 kontraeraso gauzatu zituen Bera Berak, norgehiagokako beste gakoa.
Eli Pinedori erresonantzia
Jokalari interzionalak ez zuen partida galtzerik nahi eta eskuin anketako muskulu bikia estutu zuen. Pasa den astean ekografi batean lesiorik agertu ez arren, bihar goizean Gipuzkoako Poliklinikan erresonantzia egingo diote.