Lehiaketa honetan arlo garrantzitsuenetariko bat prestaketa fisikoa izan ohi da, egutegiari so eginez gero kontutan hartzekoa, izan ere ia bi hilabeteko etenaldi ostean hemendik aurrera atsedenik gabeko bost hilabeteri ekingo diotelako.
Iker Fernández da lan hori betetzen duena, Bera Bera Eskubaloiko ohorezko mailako taldeko prestatzaile gisa bigarren urtea betetzen ari dena, hain zuzen ere. Iraunpena, indarra eta ahalmena, abiadura eta prebentzioa bezalako arloak definitzen ditu denboraldi osoan zehar jokalariek jarduera ahalik eta ondoen gauzatze aldera.
Horretarako, metodologia zehatza jarraitzen du, hau da, hainbat parametro tarteko, banan-banan jokalarien profila osatuz. Hasieran, asimetriak antzematen saiatzen da, %15 eta %20a bitartean emanez gero “intentsitate gehiagorekin lantzen da gorputz adar ahulena oreka lortu arte”. Jokalariaren profilari esker “lesioak izateko aukerak zehazten dira eta prebentzioa areagotu”.
Jokalariek hainbat froga izaten dituzte, esate baterako, pesak erabiltzen dituzte norberaren ahalmena jakin ahal izateko “bakoitzak jakin dezan zer nolako pisuarekin lan egin behar duen, abiadura eta indarra orekatuz”. “Banan banan datuak jaso eta jokalari bakoitzak dituen beharrei erantzuten saiatzen gara” azaldu Iker Fernandezek.
Horretarako, hiru neurketa aurreikusten dira, aurredenboraldian, etenaldi aurretik eta bukaeran. Adierazi duen bezala “udako opor ostean bakoitzaren egoera aztertzen dugu eta hortik aurrera denboraldi osoa definitzen dugu, saioak zehaztu eta urte osoan zehar ariketak egin”.
Jokalarien maila fisikoarekin “orain arte oso pozik” dagoela dio Ikerrek. Bera Bera Eskubaloian daraman 16 hilabete hauetan “eboluzio nabarmena antzeman dugu, esate baterako, ahalmenean %20a igo dute, hau da, iaz 500 wattekoa zuten eta egun 700 wattekoa baino gehiagokoa da”.
Prestatzaile fisikoak behin eta berriz aipatzen du “moduan eragin, planifikazioa eta kontrola”. Bere helburua argia bezain zaila da, “maila fisiko hoberena lortzea, beti” egutegiak dituen oztopoak gaindituz. “Izan dugun etenaldian batez ere indarra eta ahalmena landu ditugu” dio. “Lehiaketan astean bi saio egiten ditugu eta oporretan maila fisikoa mantentzeko lantxo batzu bidali dugu” azaldu du.
Prebentzioa
Iker Fernandezek zaintzen duen beste arlo garrantzitsua prebentzioa da. “Eskubaloian lesio gehienak beheko gorputz adarrean ematen dira” azpimarratu du. “Horregatik –jarraitu du- test eta ariketa saila prestatu ditugu oinek jasan behar dituzten indarrei eusteko, esate baterako, eroriko batean, hau da, jokalariei erortzen eta galgatzen irakatsi behar diegu”.
Ariketa desberdinak egiten dituzte: hesi-saltoak, salto anitzak horizontalak nahiz bertikalak belaunaren oreka mantendu ahal izateko. “Banan banan lantzen dugu prebentzioa jokalariekin eta gorputz adar ahulena gogortzen saiatzen gara” adierazi du. Gainera, ariketa hauek abiadura eta bizkortasun zirkuitoekin bateratzen dira lasterketetan azkartasuna hobetze aldera.
Beste kirolarien prestaketa fisikoa kudeatu eta arlo honetan bloga idazten duen Iker “pozik” dago Bera Bera Eskubaloian hamasei hilabete hauetan egindako lanarekin, “batez ere, jokalariengan nabaritu aldea nabaritu dudalako eta ia lesiorik ez ditugulako”.
Aitzina erakundeak sustatzen duen ‘birziklapen solidario’ izeneko kanpainarekin bat eginiz, helburua da Alaxia-Telangiectasia gaixotasunak behar duen ikerketa sustatzea. Gaixotasuna jaio eta bi urte bitartean agertzen omen da eta eraginak latzak ditu, batez ere, giharretan eta mugimenduen koordinazioan ibiltzerako eta hitz egiteko garaian. Horrez gain, hainbat infekzio jasateko aukera gehiago dituzte, endekapenezko gaixotasuna bihurtuz, hain zuzen ere.
Gaixotasun ‘arraroa’ denez eta oso kasu gutxi emanda –Euskadin, bakarra- ikerketa oso garestia da. Aitzinaren web orrialdean azaltzen den bezala, elkartearen asmoa da “gutxieneko finantzazio lortzea ikerketa proiektuarekin hasteko, hau da 50.000 eta 60.000 euro bitartean behar ditugu”.
Eta horrek esan nahi du, apirilean hasi eta 2012ko udararte luzatuko den kanpainak 3.000 tapoi tona jaso behar dituela. Gipuzkoan Urbilen, Tolosako The Nest garagardotegian (Rondilla kalean) eta EHUko Informatika Fakultatean biltzen dira. Ur botileko tapoiak birziklaturik gabeko plastikoen bitartez daude eginda, ondorioz, gehiago ordaintzen da. Bera Bera Eskubaloi taldeko jokalariak birziklatzen dituzte; hemendik aurrera gogoratu horrelako tapoiak gordetzen ekimenarekin bat egiteko.
Denboraldi honetan, Bera Bera Eskubaloi taldeak Etxebarriko Kukullagaren aurka bi lagunarteko partidak jokatu ditu eta mutilen taldeen aurka hainbat norgehiagoka ere bai.
Halere, beste kirol modalitateak frogatzeko aukera izan dituzte, esate baterako, Gabonetan girotutako areto futbol partidak jokatu dituzte eta eskubaloia gurpil-aulkian ere ibili dira behin.
Gabon oporrak hartu aurretik, Bera Bera Eskubaloi taldeak Mundialean ziren Eli Pinedo eta Dara Carvalho eta Anna Punko eta Nagore Arizaga lesionatutako jokalariak izan ezik, Haizea gaztearen bisita izan zuten.
Eskubaloia asko maite duen doneztebetarrak ohorezko mailako jokalariekin partita jokatu zuen gurpil-aulkian izeneko modalitatearen araupean, besteak beste, atearen neurria 1,20 metrotan kokatuz. Haizeak Bea, Yamiley, Libe, Alba eta Antonella izan zituen taldekide, argentinarra oso fin aritu zen atea zaintzen. Beste aldean, Campa atean, Darly –sarritan saiatu zena gola sartzen lortu gabe baina-, Matxalen, Eider, Melinda, Verónica eta Reyes. Ikus eskubaloia gurpil-aulkian bideoa
Hasieran, jokalariek oztopoak antzeman zituzten, batez ere, paseak emateko eta mugitzeko garaian. Salto Bera Beran saskibaloi taldean aritzen den Haizeak aholkuak eman zituen eta blokeatzen erakutsi ere bai.
Partida amaieran –launa gelditu ziren- Bera Berako jokalariek eskertu zuten Haizearen bisita. “Gurpil-aulki batek dituen mugitzeko oztopoak somatu ditugu eta era berean, Haizeak erakutsi digu arazoei aurre egiten eta inoiz pentsatutako gauzak egin ditugu” adierazi zuten Bera Berako jokalariek.
Bera Berako jokalaria selekzioko kapitaina izan da “talde honen buru izatea oso atsegina izan da”. “Presioa handia sufritu dugu baina taldeak gauzak ondo egin ditu, gure artean zegoen batasunak partidak aurrera ateratzen lagundu digu” aitortu du Darak.
Izan ere, Brasil Mundialean partida bakarra galdu du, Espainaren aurka final-laurdanak, hain zuzen ere, Eli Pinedoren gola tarteko. “Bai, partida hori gogoan izan genuen baina ez hainbeste, xehetasunek erabaki zuten norgehiagoka eta Espainiak zorte ona izan zuen”. Pasa den ostegunean, Eli Pinedok aitortu zuen Darak esan ziola “taldekideak kritikatu zutela Bera Beran elkarrekin jokatzen dugulako”.
Sailkapen onena
Partida horren ostean, Brasileko kapitainak dio “azkar errekuperatu ginen eta bostgarren postua lortzea izan zen hurrengo erronka eta Brasilek Mundialean izan duen sailkapenik onena eskuratu genuen, burua tente eta herri osoa gure ondoan, hori da, azken finean, politena eta diruak ematen ez duena”.
Bestetik, bere buruarekin “gustora” ibili da Dara. “Mundialak gauza asko eman dizkit, nire lanarekin pozik nago, era orokorrean, baina batez ere Japon, Boli Kosta eta bosrgarren postua eman zigun Rusiaren aurkako partidan erasoan nahiz defentsan oso ondo aurkitu nintzen”.
“Errusiarrak ez dira gaindiezinak”
Otsailean Bera Bera Eskubaloiak Rusiako Lada Togliatti taldearen aurka jokatuko du EHF Kopako kanporaketa. “Errusiarrak onak dira baina ez gaindiezinak, partida ona egin dezakegu han eta etxean irabazi dezakegu, defentsa ona egin behar dugu, baloi gutxi galdu erasoan, defentsa ona dute eta kontraerasoan sendoak dira” azaldu du.
Azkenik, Dara Carvalhok aitortu du “Bera Berako taldekideekin egoteko gogoa dut, taldeak dituen erronkei ekiteko eta horrekin Londreseko Joku Olinpikoetara begira ahalik eta ondoen prestatzeko, Brasilgo eskubaloiarentzat oso garrantzitsua izango baita”. “Atsedena hartuta, urtarrilaren 2an Bidebietan izango naiz indar guztiekin” dio.