Horrela dio atsotitzak. Kontutan izanda eskubaloi ligak oso partida garrantzitsuak biziko dituela hurrengo bost jardunaldietan, erabakiorrak izango dira Bera Bera Eskubaloiarentzat.
Sailkapenari begira, hurrengo hilabetea –otsailaren 1etatik martxoaren 1ak arte- aurreneko lau taldeen artean lau partida jokatuko dituztenez, puntu erabakiorrak izango dira. Lehenengoa, larunbatean Bidebietan (19etan) bigarren itzuliaren abian jatzen denean, Bera Berak Mecalia Atlético Guardés hartuko du, laugarren sailkatua. Castelldefelsen galduta, galiziarrek ezin dute puntu gehiagorik galdu Ligari heldu nahi badiote.
Datorren asteburuan (15. Jardunaldia) Las Palmasera egingo du bidaia Bera Berak BM Rocasa Ace Gran Canariaren aurka jokatzeko (larunbata, 19,30etan). Kanariarrek asteburu honetan Togliattin jokatuko diuzte joaneko eta itzuleko partida Ladaren aurka EHFko final-zortzirenak, ondorioz, gaur arituko dira Castelldefelsen aurka. Era berean, Helvetia Alcobendasek Elche Mustang hartuko du bihar, elxetarrek ere asteburuan jokatuko baitiuzte EHFko bi partidak Errusiako Astrakhanen.
16. jardunaldian (otsailak 15), Bera Berak Prosetecnisa Zuazo Barakaldo hartuko du Bidebietan. Kopako datak aldaturik –martxoaren 13tik 16ra bitartean- hiru jardunaldi aurreratuko dira. Horrela, 17. jardunaldian (otsailak 22), Mecalia Atlético Guardések Helvetia Alcobendasen aurka jokatuko du Bera Bera Porriñon arituko den egun berean.
Eta 18. jardunaldian (martxoaren 1ean), Helvetia Alcobendasek BM Rocasa Ace Gran Canaria hartuko du eta Bera Berak Canyamelar Valencia (Bidebieta, 18etan). Apirilean kanariar eta galiziarren arteko lehia iritsiko da eta madrildarrek eta donostiarrek elkar ikusiko dute Alcobendasen maiatzaren 3an (24. Jardunaldia).
Ondorioz, era zuzenean edo zeharka, otsaila eta, martxoa hasiera, erabakiorra izango dira Ligarako eta bestetik, martxoak beste tituloa jarriko du jokoan, Kopa alegia, lekua oraindik ezagutzen ez bada ere.
Euskal Ligan jardunaldi garrantzitsua zen, batez ere, kadete eta jubenil taldeentzat. Punturik ez zutenez eskuratu orain Barakaldon azken aukera izango dute eta bi partidatan gutxienez berdinketa bat behar dute mailari eusteko.
Bera Bera kadete taldeak 16-25 galdu zuen Tecnifuelle Elgoibarren aurka eta jubenil taldea gertuago gelditu zen 19-21 Astigarraga Gys Sport Elgoibarren aurrean.
Bestetik, Bera Bera senior 34-14 irabazi zion Egia Arranori eta lurraldeko kadeteak Urnieta Bosteko Jatetxeari berriro (18-16).
Juan Antonio Garaikoetxearen argazkian, Ane Zabalo.
Lehengo larunbatean 2013-14 denboraldiko lehenengo itzuliari amaiera jarri zitzaion Bera Bera lider dela, hiru puntuko aldea Helvetia Alcobendas bigarrenarekiko, lau Rocasarekiko eta sei Mecalia Atlético Guardésekiko.
Jokaturiko hamahiru partidetatik hamabi irabazi ditu, hau da, garai honetan iaz baino puntu bat gehiago eskuratu du, aurkariekiko aldea gehituz. Ondorioz, 24 puntuekin historiako lehenengo itzuli hoberena burutu berri du.
Iaz bezala, donostiarrek etxea zazpi partida jokatu dituzte eta kanpoan, sei. Gipuzkoarrek Elxen galdu zuten eta A Guardan berdindu eta aurten Alacanten jaso dute porrota bakarra. Aurkariekiko, Bera Berak Bidebietan hartu ditu Helvetia Alcobendas (36-22) eta Rocasa (25-21), ondorioz, hauek eta Porriño eta Elx izango dira teorian irteera zailenak bigarren itzulian, talde hauek sailkapenean aurreneko sei artean daudelako.
Reyes Carrereren lekukoa Imanol Álvarez entrenatzaileak hartu zuen. Egungo Bera Beraren ezaugarri nagusienetarikoa defentsa da, gol gutxien jasotzen duen taldea izaten jarraitzen du baina bataz bestekoa bi goletan jaitsi du, hau da, partidako 20 baino gutxiago uzten ditu eta ia ez dago alderik Bidebietan eta etxetik kanpo.
Gola egiteko garaian, Bera Berak 372 daramazki –partidako 28,6 – iaz baino ia hiru gol gutxiago eta Rocasa –bederatzi gehiago- eta Helvetia Alcobendas –sei gehiago- aurretik ditu, iazko zenbakiak errepikatu dituztenak.
Eli Pinedo da golegile nagusiena (69) eta ondoren Matxalen Ziarsolo (54), Maitane Etxeberria (36), Elorza (33), Castro (29), Núñez (24), Arizaga (21), Ederra (29), Menéndez (18), Martínez (17), Arrojeria (12), Ezkurdia (11), Dunay (8) eta Temprano (1).
Denboraldiko lehenego itzuliaren beste ezaugarri bat partida uholdea izan da, dagoeneko 20 jokatu ditu. Superkopa eta Championseko multzoen fasearekin Bera Berak 17 partida jokatu zituen iraila eta azaro bitartean, ligako 10, Championseko sei eta Superkopan Rocasa 25-24 gainditu zuen.
Imanol Alvarezek plantilla motza izanda gainera, hasieratik ezin izan du Vero Cuña deitu –taldearekin entrenatzen hasi da-, irailaren amaieratik Yamiley galdu du, Ana Martinez hiru hilabete, Adriana Castrok hiru partida eta Nitsan Dunayk –taldearekin dago-, lau.
Egoera honen aurrean, gazteriaren ekarpena azpimarratzekoa izan da, Alba Menéndez eta Arizagatik hasita, Etxeberria, Arrojeria, Ezkurdia eta María Akuña atezaina barne.
Bera Bera eta Cleba Leon taldeek lehenengo itzuliari amaiera jarriko diete gaur, urtarrilak 25, Bidebietan arratsaldeko 18etan. Partida ohi baino lehenago izango da, EBA ligan dagoen Easo saskibaloi taldeak jardunaldia jokatzeko aukera izan zezan. Paradojikoki, gainontzeko partidak 19etan hasiko dira jardunaldi honetan Koparako sailkatuko diren taldeak ezagutu baitira.
Gipuzkoarrek hiru nobedade izango dituzte, bi onak eta beste bat, txarra. Alde batetik, arrazoi ezberdinak medio, deialdira itzuliko dira Ana Martínez eta Adriana Castro. Elxetarrak duela hiru hilabete Italian Espainiako selekzioarekin ezker sorbaldan izandako lesioa atzean utzi du eta eskuin hegalak Brasildik itzuli da aste honetan eta jokatzeko prest dago.
Eli Pinedo, aitzitik, baja izango da. Eskuin iztarrean mina hartu zuen, atzo egindako ekografian ez da hausturarik antzematen baina atsedena hartu behar du eta datorren astean berriro arituko da taldearekin.
Bera Bera jokurik onena berreskuratzen saiatuko da jaitsiera postuak utzi berri duen Cleba Leónen aurrean. Donostiarrek Mar Alicanteren aurka eginda partida ahaztu nahi dute, erlajaziorik gabe historiako lehenengo itzulirik onena finkatzeko.
Kopara begira, lau talde dira falta diren bi lekuak osatzeko eta egutegiak elkarren artean aritzeko aukera eman diete. Batean, Aula de Valladolid eta Mar Alicante eta bestean Canyamelar eta Zuazo. Horrez gain, bigarren zerrendaburua jokoan dute Alcobendas, Guardés eta Rocasak. Bera Berak sailkapenean bigarren gelditzen den taldea balizko finalean baino ez luke izango. Madrildarrek galiziar eta kanariarrak baino puntu bat gehiago dute.
Bera Bera Eskubaloiak aise mendean hartu du Cleba León (30-16) gaur arratsaldean Bidebietan lehenengo itzulia borobilduz, lidergoa sendotzeko Helvetia Alcobendas bigarrenari hiru eta Rocasari lau puntuko aldeaz, Etxebarrin eta Kordoban gol bakar batez nagusi izan direnak. Madrildarrak zerrendaburu izango dira Kopako zozketan Bera Berarekin batera, ondorioz, balizko finalean baino ez dute elkar ikusiko.
Lehenengo itzulia behin itxita Koparako txartelak banatzen dira eta jardunaldiak zazpi eta hamargarren postuetan lau talde berdinduta utzi ditu, Zuazo Barakaldo –Valentzian berdindu du- eta Mar Alicanteren mesederako. Azkeneko bi jardunaldietan, Bera Berari eta Valladoliden garaipenei esker jaitsiera postuetatik zortzigarren izatera pasatu da alacanteko taldea.
Bera Berak gaur ez zituen sorpresarik nahi ez abiadura bizian irten da, hasierako jokaldietan akatsak egin ditu baina markagailuan eroso sentidu denean ez du zalantzarik utzi. Pinedoren baja izanda, Imanol Álvarezek Arizaga sartu du 6-0 defentsan erasoan Arrojeria sartu da eta bestetik, Núñezek Ederrari utzi dio lekua.
Usurbilgo zentralak erasoari erritmoa eman dio eta, era berean, defentsak eta Ana Tempranoren geldiketak korrika egiteko aukera eman die donostiarrei. Ziarsoloren hiru golei esker aurreneko abantaila eman du (8. min., 5-2). Bera Bera bikain aritu da sei metroetan, hegaletan zein pibote lanetan eta bere defentsa gaindiezina izan da Cleba Leonen taldearentzat, Ana Temprano ere gainditzeko arazoak zituena. María Prieto izan da asmatzen ia bakarra.
Lehenengo zatian Ziarsolo eta Etxeberria hegaletan –aurreneko 30 minutuak jokatu dituzte- eta Núñezen artean hamar gol sartu dituzte eta bigarrenean Castro, Elorza –pibotean- Ederra eta Núñezen artean beste horren beste.
Ezker sorbaldan izandako lesioa hiru hilabete bete direnean, 20. minutu aurretik Ana Martínez itzuli da pistara eta segituan sartu du bere lehenengo gola.
Bigarren zatian, Ezkurdia eta Castro Ziarsolo eta Etxeberria ordezkatu dituzte eta Menéndezek Elorzaren lana defentsan bi kanporaketa baitzituen. Partidak aurreneko zatiari ikusitako heldu dio eta amaitzeko hamar minutu falta zirela María Akuña atezaina sartu da, gainera, lehenengo bi jaurtiketak geldituz.
Ondorioz, lehenengo itzulia ezinhobeto itxi du gaur Bera Bera, konfidantza berreskuratuz partida zailak izango baititu datozen asteetan.
Fitxa: Bera Bera 30, Cleba León 16
Bera Bera 30 (15+15): Temprano, Etxeberria (4), Elorza (4, 2p), Menéndez (2), Núñez (5), Arizaga eta Ziarsolo (5) –titular- Ederra (1), Arrojeria (2), Ana Martínez (3), Castro (4), Ezkurdia eta Akuña (o.a.).
Cleba León 16 (7+9): Cristina González, Marina González (2), Méndez (2), de Garnica (1), Rodríguez (1), Álvarez, Caño (4, 1p) –titular- Roldán (1), Prieto (4), Alba González (1), Lozano, Ubillos, García eta Laura Gutiérrez (p.s.).
Epaileak: Jesús Álvarez eta José Carlos Friera (Asturias)
Kanporatuak: Elorza (2) eta Ederra Bera Beratik eta María Prieto eta Caño Cleba Leónetik.
Partzialak: 3-1, 5-2, 8-3, 10-5, 13-7, 15-7 –atsedenaldia- 18-8, 20-10, 21-11, 25-11, 28-12 eta 30-16.