Aste bukaera honetan Bera Beraren harrobiko taldeek ez dituzte partidu asko jokatu, bi besterik ez, baina biak ere kalitate handikoak izan ziren, non gure neskek euren onena eman zuten eta bi garaipen zoragarri lortu zituzten.
Larunbatean Ohorezko Mailako neskak Bidebietako kantxara irten baino lehen, seniorrak Pulporen aurka jokatu zuten. Donostiarrek partidu zoragarria jokatu zuten, lehen zati bikain batekin. Markagailuan errenta ederra lortu ondoren, bigarren erdian asko gozatu zuten 30-13ko markagailuarekin irabazten bukatzeko. Bera Berak jarraian lortzen duen laugarren garaipena da, lehen postuetako borrokan bete-betean sartuz.
Igandean kadeteen txanda izan zen. Urdaneta zen arerioa, Bizkaiako txapelduna. Lehia hau fase berri bati hasiera eman baino lehen jokatu zen, maila honetako txapeldunen txapelduna zein zen jakiteko. Kasu honetan, Bera Berak sekulako jokoa erakutsi zuen berriro ere eta 24-18ko emaitzarekin irabazi zuen Egian. Euskadiko Txapelketara beraz, euren mailako txapeldun bezala iritsiko dira. Txapelketa otsailaren 26ean hasiko da.
Bukatzeko, nabarmendu beharra dago Bera Bera-Castro partiduaren atsedenaldian eta bukaeran egon zen giro ona. Izan ere, Bera Bera Eskolako txikiek Egiaren kontra lagunarteko partidutxo bat jokatu zuten, eta jendeak primeran pasatu zuen. Txikiek ere sekulako esperientzia bizitu zuten.
Bera Bera Eskubaloi taldeak bihar Castro jasoko du etxean (19:00), garaipenaren bidean jarraitzeko asmoarekin, pixkanaka sailkapenean jarraitzen dietenekin zuloa egiteko. Europara bueltatzearen helburua gero eta gertuago dago, baina horretarako taldea erakusten ari den maila, etxean batez ere, mantendu beharra dago.
Jardunaldia bikaina izan liteke irabazita, astean zehar zuzeneko arerioen artea bi partidu egon baitira. Eldak izerdi patsetan irabazi zion Alicanteri (31-30) eta Saguntok partidu gogo batean Elche garaitu zuen baita ere (27-28). Honenbestez, sailkapenean haustura bat egon liteke lehenengo lauen eta besteen artean, baina horretarako Bera Berak bere lana egin behar du.
Castro arerio zaila izan ohi da Bera Berarentzat, nahiz eta denboraldi honetan bertan euren kantxan garaitu zuten gol bakarragatik. Kantabriarrek sailkapenak dioena baino maila hobea dute, horregatik Bera Berak azken partiduotako maila mantendu beharko du. Horren ustean da baita ere Reyes Karrere entrenatzailea “Beraiek espero zena baino beherago daude sailkapenean, baina egia esan ez dute zorte handirik izan. Lesio asko, bost berdinketa, gol bakarragatik behin baino gehiagotan galdu...”
Bere jokalarien maila oso kontuan du “atezain bikaina dute. Gainera beste jokalari on batzuk ere baditu, Erika pibotea edo Jessika bilbotarra kasu, maila honetan euren kalitatea ederki asko erakutsi dutenak. Orokorrean kalitatea duen taldea da, oso jokalari onekin”. Karrerek partidu fisikoa espero du “bai. Partidu gogora espero dut, non beraiek defentsa gogorra edukiko duten. Gure garaipenaren bidea, defentsa indartsu batean hasi behar da, eta hortik erasoak antolatu”.
Garaipena lortzen saiatzeko, Reyes Karrerek Azenaide Danilo fitxaketa berria izango du, aste honetan bertan iritsia. Ziur elastiko urdinarekin debuta egiteko aukera duela. Bere entrenatzaileak dioenez “potentziala du, eta gure joku estiloan ederki moldatu daitekeen jokalaria da”. Beste jokalari guztiak, Alba Menendez lesionatua salbu, Karrereren aginduetara egongo dira.
Sentsazioak oso positiboak izaten ari dira azken partiduetan, horregatik Bera Berak batez ere etxeko lehietan erakutsitako maila mantendu nahi du. Taldeak erosoago jokatzen du Bidebietan, denbora hobeto antolatuz. Gehiegizko konfiantzak bakarrik ekar dakieke porrota donostiarrei, baina ziur Reyes Karrerek bere jokalariei ez diela inungo erlajaziorik izaten uzten. Laugarrenaren bila.
Gipuzkoako kadeteen selekzioak, jokalariak aukeratzen jarraitzen du, eta horregatik beste entrenamendu bat antolatu du hurrengo igandean, hilak 13, Usurbilen goizeko 10:15etan. Bertan egoteko Bera Berako lau jokalari deitu dituzte: Anne Valle, Udane Rodriguez, Lide Lucas eta Maitane Etxeberria. Lehen hirurak ordea, ezin izango dute joan, egun horretan bertan partidu ofiziala baitute Bizkaiako txapeldunaren aurka, Urdaneta.
Denboraldi honetan bigarren aldiz, Bera Berak neska-mutilen bisita jaso zuen, kasu honetan Beasaindik etorriak. ABF ligako partidu bat zuzenean ikusteaz gain, umeek gure Ohorezko Mailako jokalariak agurtzeko aukera izan zuten, eta beraiekin argazki bat ateratzekoa.
Klubetik bere bisita eskertu nahi diegu, eta era berean nahi dutenean Donostiara bueltzateko gonbitea luzatzen diegu. Era berean, Bera Bera Eskubaloiak Klub, Elkarte, Ikastola... orori gonbitea egiten die, nahi dutenean Bidebietara etortzeko gure neskak zuzenean ikusteko. Esperientzia zoragarria da, jada bizi dutenek asko disfrutatu dutenak. Hori bizitzeko Klubarekin harremanetan jarri behar da 943 291 292 telefonoan edo Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbide elektronikoan.
Bera Beraren beste iniziatiba bat da hau, aurten eskubaloia gaztetxoenen artean zabaltzeko helburua jarri baitu.
Hurrengo astebukaerak partiduak ekarriko ditu Bera Beraren kadete eta seniorrentzat. Infantilak eta jubenilak ez dute lehiarik izango, beraz atseden hartzeko aukera izango dute euren txapelketetako fase berriak hasi baino lehen.
Kadeteek igandean 12:30etan jokatuko dute Egian Urdanetaren aurka. Bisitariak Bizkaiako txapeldunak izan dira, beraz, maila altua erakutsiko dutela argi dago. Sekulako partidua izatea espero dugu, Euskal Ligari hasiera eman baino lehen.
Seniorrak bestalde, Bidebietan arituko dira larunbatean 16:00etan Pulpo aurkari bezela edukita, sailkapenean jarraitzen duen taldea. Donostiarrek euren hirugarren garaipena jarraian lortzea izango dute helburu.
Baita ere gogorarazi nahi dugu, Ohorezko Mailan Bera Berak eta Castrok jokatuko duten partiduaren atsedenaldian, Bera Beraren Eskolako partaide txikiek, Egiako alebinen aurka partidutxo bat jokatuko dutela. Txikiak ilusioz beterik daude, eta ziur momentu eder bat pasarazten digutela.