Itxura ona eman du Akaba Bera Berak Eldan, non aurre egin dio ligako bigarrenari, baina azken minutuetan bere akatsak ordaindu egin zituen eta 29 eta 24 galdu egin zuen Prosolia Gaviota Elda taldearen kontra.
Alacanera abiatu ziren donostiarrak lau partida irabazitako aldiari jarraipena emateko asmoz, eta hori nabarmen nabaritu zen taldeak erakutsitako jokoan, 20 minutu jokaturik zirenean aurretik bait zen markagailuan.
Donostiarren jokoa bizia zen, ezkerreko hegaletik golak lortzen, eta kanpotik Patri Pinedok jaurtiketa onak burutzen zituen. Momentu horretan Diana Boxek zelairatu zuen Susi Fraile gipuzkoarra, eta Eldak aberastu egin zuen bere jokoa, bai kanpotik egindako jaurtiketetan, eta pibotearekin jokuan ere. Atsedenaldian partida berdindurik zegoen, 11-12 eta biok bazekiten bigarren zatian erabakiko zela.
Jarraipenean Elda aldetik oso ondo aritu ziren Fraile eta Ilic lateral, ondo defenditutako Soiten golegile lanak bete zituztela.
Bera Beran Lacrabère lateralak golak lortzen aritu zen Pinedo eta hegalekoekin batera, eta 11 minutu falta zirenean partida bukatzeko, emaitza 22-21ekoa zen.
Hortik aurrera donostiarren jokoa ona izan zen ere, baina azkeneko jaurtiketetan akatsak egin dituzte, eta Elejaga atezainak egindako lanarekin batera, Eldakoen alde joan dira bi puntuak.
Porrota honetaz gain, ligako goipostuetan ari direnen emaitzak ez dira batere onak izan Bera Berakoentzat, eta bostgarrenak dira sailkapenean, bigarren postutik lau puntutara, hirugarreneko hirutara, eta laugarreneko bi puntutara. Guzti honek garrantzi gehiago emango dio aste honetako partidari, larunbatean Bidebietan 19:00tan Mar Alicanteren kontra, garaipena lortu behar dutelako laugarren postua lortzeko.
Eldara (Alacant) heldu da Akaba Bera Bera bihar (18:30etan) Prosolia Gaviota Elda, ligako txapelduna, taldearen kontra jokatzeko. Orain bigarrenak dira Eldakoak, eta donostiarrei (bostgarrenak) bi puntu besterik ez dizkiete ateratzen.
Hurrengo lau jardunaldietan benetan partida garrantzitsuak izango dira Bera Berak izango dituenak, eta ziuraski argituko dituzte zeintzuk izango diren denboraldiko helburuak, momentu honetan bigarren postuko hurbil bait dira, eta txapeldunen ligan jokatzeko saria ematen du postu horrek.
Hirugarren aldiz izango dira aurrez aurre bi taldeak denboraldi honetan, eta emaitzak erabat dezberdinak izan dira. Aurreko biak Donostian izan dira, eta lehenbizikoan, ligan, Diana Boxen taldeak merezimendu osoz irabazi egin zuen 23 eta 28, talde boteretsua dela azalduz. Baina, abenduan, ABF Kopako finalerdietan, Reyes Karreren taldeak hasieratik bukaera partidaren menpea izan zuen, eta 28 eta 19 irabazi egin zuen.
Liga honetan Eldak hirutan besterik ez du galdu, Itxako liderraren aurka, Parc Sagunt hirugarrenaren kontra, eta Gijonen, espero ez zuten porrota.
Bestalde, donostiarrek lau porrot izan dute, Elda eta Itxakoren kontra etxean, eta León eta Elxen.
Honek azaltzen du bi taldeek antzeko maila badaukatela, baina donostiarrek ilusio osoz doazte Alacantera, lau partida segidan irabazi dutelako Elxen galdu ondoren, eta Eldakoek bi partida jarraian besterik ez dute irabazi.
Partida honetan parte hartzeko zalantza bakarra Patri Pinedo da, txorkatila minduta duelako. Dena den, espero du pistan egotea, eta kanpoan geratu den bakarra Kattalin Olasagasti izan da.
Donostiarren lana gogorra izan beharko da Eldako eraso boterea gelditzeko, bere lehenbiziko lerroan ligako bigarren golegilerik onena, Oana Soit, eta Susi Fraile jaurtitzaile gipuzkoarra egongo direlako. Gainera, Eldan badira beste bi jokalari Jorge Dueñasek konbokatu berriak, Mari Cruz Asensi eta Vanesa Amorós. Harrigarria da Dueñasek egindako zerrendan ez dagoela Akaba Bera Berako jokalaririk, nahiz eta taldeak denboraldi borobila burutzen ari da, eta azken urteotan beti donostiarren jokalariren bat izan da.
Partida zuzenduko duten epaileek Jordi Miret eta Francisco Javier Alonso kataluniarrak izango dira.
Erreztasun osoz irabazi egin dio Akaba Bera Berak Cementos La Union Ribarrojari, 30-19, azalduz ahazturik direla jadanik duela urte batzuk valentziarrak izandako ospea, duela bi urte liga garaileak izan bait ziren.
Hogei minutu besterik ez zuen aurpegia eman kanpoko taldea, aprobetxatuz donostiarrek askotan sutoinetan ematen zutela, eta Akaban izandako atezain internazionalak, Michela Ciobanuk lehenengo zati ona bete zuela.
Dena den, abaintala beti etxekoen aldekoa izan zen, eta lehenbiziko hamar minutuetan 6-1eko diferentzia lortu zuten. Nahiz eta Gregorio Garcíarenek saiatu, erreakzio pittin bat azaldu zuen, baina hiru goletara jarri besterik ez zuten lortu. Atsedenaldian, emaitza 13 eta 9koa zen.
Bigarren zatian Amaia Ramírezek, zigortutako Reyes Karreren lekua bete zuela Bera Berako aulkian, aldaketa ugari egin zituen, eta horren ondorioz lortu zuen taldea fresko mantentzea, eta ohizko abiadura mantentzea, Cementosen defentsa ahula erreztasun osoz gaindituz. Horren ondorioz, joko oneko momentuak izan ziren, erasoko joko bizi bizia azalduz zaletuen gozamenerako.
Lortutako abantaila gero eta zabalagoa izan zen, eta kanpokoek burua jeitsi zuten; Jelicic jaurtitzaile ezkertia izan zen saiatu egin zen bakarra. Nabarmena zen talde valentziarrak dituen zailtasun ekonomiak, plantila osatzen zituen jokalariak gazte gazteak zirelako.
Etxeko taldean jokalari guztiak ondo aritu ziren, baina aipatzekoa izan zen Libe Altunak egindako partida, bost gol lortu baitzituen, ia akatsik izan gabe.
Hau izan da Reyes Karreren taldeak lortu izan duen laugarren garaipen jarraian, eta sendo agertzen da ligako bigarren postua lortzeko borrokan. Hurrengo asteburutik aurrera partida ederrak izango ditu talde donostiarrak, Eldara (bigarrena) joango delako, gero Mar Alicante (4.) jasoko du, Itxakoren (1.) kontra Lizarrara joateko eta Parc Sagunt (3.) Bidebietan hartzeko. Partida hauen ondoren argi geratuko dira zeintzuk izango dira denboraldi honetarako helburuak.
Sufritu egin zuen, baina 24 eta 25 emaitza defenditu egin zuen Akaba Bera Berak Zuazo Barakaldoren kontra, eta bi puntu gehiago lortu du, eta bigarren postutik bi puntutara besterik ez kokatu da, eta hirugarren postutik bakarretara.
Ez zuten ondo hasi partida Reyes Karrerenek, ez baitzuten lortzen Viorica Pavelen kanpoko jaurtiketak gelditu. Oso jaurtitzaile ona da bederatzi metroetatik neguan fitxatutako jokalari hau.
Horren ondorioz, Jorge Dueñasen taldeak lehen zatiko erdirako lau goleko abantaila bazuen, eta horrek behartu zuen Karrere aldaketak egiteko. Defentsa mixta bat ezarri zion Paveli, eta honek ezin izan zuen jaurtiketa erosoa egin berriro.
Defentsan eginiko lan onak emaitzak ematen zituen, eta lehen zatiko bukaeran diferentzia murriztu zen, eta 12 eta 11koa izan zen. Bigarren zatian donostiarrek hartu zuten abantaila, baina ez zuten lortu partida puskatu, eta diferentzia ez zen batere fidagarria, gol bat edo bi golekoa besterik ez zelako. Arbitroek ez zuten urratsak adierazten, eta horretaz baliatzen ziren bizkaitarrek gola lortzeko.
Azken minutuan, Esme Lopezek partida amaitua uzteko aukera izan zuen, baina faltan oztopatu egin zuten bere jaurtiketa, eta epaileek ez zuten ezer adierazi. Horregatik, azken 20 segundutan donostiarrek defenditu behar izan zuten gol bateko abantaila, eta lortu egin zuten. Dena den, Barakaldokoek jaurtiketa bat izan zuten behin denbora bukatuta, baina ez zuten berdinketa lortu. Azken erabaki honen ondorioz, Reyes Karrere entrenatzailea kanporatu egin zuten arbitroek txartel gorria erakutsiz.
Bihar,18:30tan, Gorostiza Kiroldegian bisita emango dio Akaba Bera Berak Zuazo Barakaldori. Bi garaipen jarraian lortu egin dituzte donostiarrek, atzean zituzten taldeen kontra, eta garaipena erdiestekotan oso hurbil izango dute ABF ligako bigarren postua. Joan den asteazkenean aurreratutako partidan, Mar Alicantek Parc Sagunt gainditu egin zuen, eta horren eraginez, garaipena lortuta, Akaba Bera Berak bi puntutara izango du bigarren postua, eta Eldak ezusteko porrota jasotzen badu RoCasaren kontra, puntu bakarrera.
Txapeldunen ligarako leku bat lortzeko aukera hain hurbil izateak animoa eman behar dio Reyes Karrerenei, gainera kontutan izanik bitan irabazi egin diotela jadanik denboraldi honetan aste honetako arerioa, baina liga hasieran eta baita Euskadiko Kopako finalan ere.
Jardunaldi honetarako, Akaba Bera Bera taldeko entrenatzaileak lehenbiziko aldiz talde osoa izango du prest, joan den astean Gijonen Esme López bueltatu bait zen, eta Yolanda Sanroman azken bi partidetan lesionaturik egon ondoren, sendatu egin da. Horregatik, Karrerek kanpoan utzi behar izan du jokalari bat partidarako, eta hautatakoa Kattalin Olasagasti izan da.
Sailkapenean diferentzia nabarmena bada ere, talde bizkaitarra neguan fitxaketak egin ditu; halaber, Viorica Pavel, azken urteotako ligako golegilerik onenetariko bat, eta Anna Voyshekovska, eta gainera Espainiako selekzioan entrenatzailea den Jorge Dueñas Zuazoren aulkian izango da. Horrez gain, Gorostizan jokatzera pasa dira, Lasesarre baina txikiago eta zelaitik hurbilago ditulako harmailak, eta horrela ikusleen grina gehiago sentituko da.
Guzti hori kontutan izanik, hobekuntza nabarmena somatu da talde horibeltz taldean, azken bi jardunaldietan lehenbiziko garaipena lortu bait dute RoCasaren kontra, eta aurreko jardunaldian gol bakar batengatik galdu egin zuen Leongo Molly Clebaren aurka.
Partidaren arbitroak Leiva Romero eta Moreno Maneiro kataluniarrak izango dira.