Txartela sariduna 569 izan zen baina ez zen inor agertu, ondorioz, klubak txartelak begiratzeko deia egiten du. Amaia Alberro kadete mailako jokalariak saldu zuen. Bulegoko telefonoa 943458166 da.
Champions Leagueko Multzoen Fasetik dator Thüringer. Donostiarrek Viborgen burutu zen Championseko fasea gainditu izan balute alemaniarrekin bat egingo lukete. Thüringer taldeak daniarrei irabazi zien bi partidak (34-30 eta 26-29) eta egungo Europako txapeldun Buducnost (24-20). Halere, sei puntu hauek ez ziren nahikoak izan Main Round delakoa jokatu ahal izateko, ondorioz, Cup Winners Cupen aritzen da ordutik eta Mazedoniako Metalurg aise gainditu zuen (61-35) final-zortzirenetan.
Europan ia eskarmenturik izan ez arren “oso talde sendoa da” ohartarazi du Bera Bera Eskubaloiko arduradun Tati Garmendiak. Buxtehuder taldeari birritan irabazi dio Alemaniako txapelketa, 2010-11 denboraldian etxetik kanpo sartutako golei esker eta iaz gol bakar batek eman zion txapela. 2011-12an Championsen aritu zen puntu bakarra lortuz eta 2009an Challenge Cupeko finala jokatu zuen.
Halere, Tati Garmendiaren esanetan “eskuin hegalean oso jokalari onak ditu Katrin Engel austriarra eta Ana Gros esloveniarra eta Augustesen Danimarkako jokalari internazionala albokoan”. Azpimarratzekoa ere “Anja Althaus pibotea, Viborgen denboraldi asko eman dituena eta Tomasevic, Bera Berako atezain ohia”.
Ligan, Thüringer HC hirugarrena da partida bat gutxiagorekin, Leipzig hiru puntutara du eta Buxtehuder liderra laura, ligako aurreneko fasea amaitzeko sei jardunaldi falta direnean.
Final-laurdenak honako partidak osatzen dituzte: Vaci - Issy Paris; Rostov - Leipzig eta Dinamo Volgograd - Hypo. Azken neurketa honen irabazleak hartuko luke Bera Berak finalerdietan kanporaketa gaindituz gero.
Ligan eragina
Kanporaketa honek Bera Beraren ibilbidea ligan aldatuko du, 18. eta 19. jardunaldiak, alegia. Bera Berak Alacantera egin behar duen bidaia aurreratu beharko du eta erabakiorra izan daitekeen norgehiagoka Alemaniarren aurkako partiden artean izango da, donostiarrek Elche Mustang hartuko baitute orduan.