Ospakizunak amaiturik, Bera Berako plantilla osoa itzuliko da gaur arratsaldean Bidebietan entrenaldietara. Hiru txapela lortu arren oraindik denboraldia ez amaitu, Euskadiko Kopa falta da datorren ostiral eta larubatean Etxebarrin burutuko dena.
Bera Berak Zuazo Barakaldoren aurka jokatuko du finalerdia ostiralean 20,30etan, bizkaitarrekin partida ugari egin ditu aurten: ligako bi, Kopako final-laurdenak eta beste bi lagunarteko. Beste finalerdian Kukullaga Etxebarri eta Aiala Zarautz arituko dira. Finala, larunbatean 20etan.
Aurreneko liga eskuratu duenez, Donostiako udalak Bera Bera hartu zuen atzo arratsaldean. Juan Karlos Izagirre alkateak “zoriondu eta eskertu” zuen taldea. “Eskertu emakumeen kirola sustatzen duzuelako, Donostiako hiri txiki bat handi egiten duzuelako, lana, esfortzua, kemena adierazten duzuelako eta garai hauetan haize freskoa zarete” adierazi zuen.
Eta, bertso baten bidez Matxalen Ziarsolo gogoraratu zion “gaur zu zara bertsolari”.
Pello Joxepe doinuarekin, Bera Berako plantilla eta zuzendariek hitza bete eta liga eskuratzerakotan Matxalen Ziarsolok alkateari agindu bezala Donostiako udaleko harreran bertsoa bota zuten:
Hitza emanda zegoen eta,
hitza bete nahi genuen.
Garaipen danak donostiarrei
bihotzez gatoz eskaintzen.
Zuen ahotsez larunbatero
egon zarete babesten.
Lorpen handirik laguntza gabe
ez da errez eskuratzen.
Ez da asteburu txukuna izan. Bera Bera Egia Infantil Bi taldeak Usurbilen galdu zuen finalerdiak bertako taldearen kontra Gipuzkoako txapelketan; Egia Bera Bera senior mailako taldeak 30-27 galdu zuen Aiala Zarautz KEren aurka eta Bera Bera Egia kadete 1 taldeak Elgoibarren 27-17 galdu zuen Astigarraga Gys Sporten aurka.
Garaipenak eskuratu zituztenak izan ziren Bera Bera Egiako jubenilek Ereintza Aguaplast gainditu zutelarik eta Bera Bera Egia Infantileko Bat taldeko neskak 22-21 nagusitu baitziren La Salle Legazpiri Pasai Donibanen.
Bestetik, Bera Bera Egia kadete 2 hamairuna berdindu zuen Eibar B taldearen aurka Bidebietan.
Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur eguardian Bera Bera Eskubaloiko plantilla hartu du denboraldi honetan hiru titulo eskuratu dituelako (Superkopa, Kopa eta Liga).
Atzo Errealeko Hockey taldeak liga irabazi zuenez, harrera bateratua izan da. Kiroletako zuzendari nagusi Asier Sarriegik eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako foru diputatu Ikerne Badiolak bi taldeen lorpenak goraipatu dituzte eta “Gipuzkoako kirolean erreferenteak zarete” adierazi dute.
Ikerne Badiolak koadro bat oparitu dio Bera Berari, Matxalen Ziarsolo kapitainak; Reyes Carrere entrenatzaileak eta Fernando Diez Mintegi, klubeko presidenteak jaso dutenak. Era berean, Matxalenek fofucha bat eman dio, Bera Berako kamisetakin jantzita zegoen panpina.
Bere agerraldian, Reyes Carrerek “Diputazioa eskertu nahi nuke beti gure ondoan egon delako”. Era berean, kirolean emakumearen papera aldarrikatu du, “kirolak ez du sexurik, gizonezkoek bezala, emakumeek ere borrokatu, lana, entrenatu eta lehiatzen duelako helburu batekin, irabaztea; gure anbizioa handia delako”. “Aitzitik, beste hainbat arloetan ez da berdintasunik ematen” kritikatu du.
Foru diputatuak Reyesen hitzak bereak egin ditu eta “taldea babesten jarraituko dugu” ziurtatu du.
Bestetik, klubeko presidente Fernando Diez Mintegik bi taldeak zoriondu ditu, instituzioari eskertu bere laguntza eta “Championsa jokatu ahal izateko babeslegoa” eskatu du.
Bera Berak gaur Castro Urdialesen liga txapelketa eskuratu du kantabriako taldea 18-32 gaindituz. Bera Berak lortzen duen aurreneko liga da, Superkopa eta koparen denboraldi historikoa borobilduz.
Hasieran, Bera Bera azkeneko partidan bezala atera zen. Defentsa sutsua aurkariaren akatsak eragiten zituena eta kontraerasora ziztu bizian. Horrela iritsi dira gole erdiak (12. min, 2-6) Ziarsoloren golei esker.
Halere, erasoan trakets ibili da eta Reyes Carrerek hutsartea eskatu behar izan du (21. nin 5-7). Halere, atsedenaldian Bera Bera ez du tartea zabaltzerik lortu (8-11).
Bigarren zatian bai, baina. Bera Berak 0-7 partzialarekin partida erabaki du eta Castro Urdialesen erasoak ez zuen minik egiten. Abantaila handitzen joan da (8-18), donostiarrak partida kontrolpean izan dute eta aurreneko ligarekin gozatu dute.
Castro Urdiales 18, Bera Bera 32
BM Castro Urdiales: 18 (8+10): Santamaria, Andrea Fernández (1), Cobo (4), Paula Fernández (1), Gracia (4), Antolín, López (2), Hernando (4) eta Costales (2)
Bera Bera 32 (11+21): Zoqbi, Altuna (1), Elorza (3), Núñez, Menéndez, Pinedo (6) y Ziarsolo (8, 5p) –titularra- Rubio (2), Arizaga (4, 2p), Dunay (3), Castro (3), Ederra (2), Ezkurdia y Yamiley (o.a.). Deialdian sartu ziren Cuña eta Arrojeria.
Epaileak: Agatha Gracia (Cataluña) eta Vanesa Pérez (Galicia)
Kanporatuak: Ederra eta Elorza Bera Beratik eta Antolín, López, Gracia eta Costales Castrotik
Partzialak: 2-2, 2-5, 2-6, 4-7, 5-9, 8-11 –atsedenaldia- 8-15, 10-20, 12-23, 15-27, 16-29 eta 18-32