Bera Berak denboraldiko lehenengo fasea hasi zuen bezala bukatu du, hau da, etxetik kanpo irabazten gaindiezina den defentsa medio. Izan ere, lehenengo jardunaldian Mecalia Atlético Guardés 16 goletan utzi zuen eta,larunbatean Etxebarrin, Kukullaga 15 goletan, galiziar eta bizkaitarren bataz bestekoa 24 golekoa denean.
Halere, larunbateko daturik azpimarragarriena gol kopurua izan zen, izan ere, 24 denboraldietan etxetik kanpo bigarren aldia da 40 gol sartzen. Aurrenekoa 96-97 denboraldiko azken partidan izan zen, Rocasa 34-40 gaindituz.
Helvetia Alcobendas- Canyamelar Valencia (azaroak 30) falta da ohorezko mailako hamar partidak osatzeko. Halere, Bera Bera da gol gutxien jaso duen taldea, bataz beste 19,7. Iaz baino partidako ia hiru gol gutxiago. Rocasa da golegile nagusiena, 29,2 gol sartzen ditu larunbatero, gipuzkoarrak baino bost gehiago –iaz 15 gol gehiago zeraman Bera Bera-. Antza, Alcobendasek hobetuko ditu larunbatean zenbaki hauek. Canyamelar gaindituz gero bigarrenak kokatuko lirateke madrildarrak, gipuzkoarrak baino hiru puntu gutxiago. Gainera, bi talde hauek 2014. urtea irekiko dute Bidebietan urtarrilaren 11n.
Etxetik kanpo hobe
Harrigarria bada ere, garrantzitsua da bigarren itzuliari begira, non Bera Berak pista zailak bisitatuko ditu, besteak beste Rocasa, Porriño, Elche edo Alcobendas. Gipuzkoarrak hobeto ibili dira Bidebietatik at, izan ere, hamaika gol gehiago sartu dituzte eta hiru gol gutxiago.
Pinedo da golegile nagusiena 54 golekin, Ziarsolok 41 sartu ditu, Castrok 29, Elorzak 25, Núñezek 23, Etxeberriak 21, Ana Martínez eta Menéndezek 17, Ederrak 16, Arizagak 15, Arrojeriak 12, Dunayk eta Ezkurdiak 8 eta Tempranok bat.
Denboraldiko 17. partida izan arren eta Ligako lehenengo fasea bukatzeko eta atsedena hartzeko irrikitan egonik, Bera Bera norgehiagokan oso sartuta atera da Kukullagari inolako itxaropenik eman gabe eta, gainera, ate aurrean asmatu egin du.
Ondorioz, partida hasieratik gipuzkoarrek markagailuan tartea zabaldu dute Elorza, Pinedo eta Castro jokalarien golen bidez. Defentsak ez zion aukerarik ematen Kukullagari, Azkona eta Nogalesen bitartez Fernández pibotearekin jokatzen saiatzen baziren ere ez dute lortu eta pibotea lesionatu denetik Azkona zen bizkaiatarren erreferentzia.
Bera Berak baloiak lapurtu ondoren berehala atera da kontraerasora. Aurreneko zatian bederatzi gol iritsi dira horrela, baina joku geldian ere oso ondo mugitu dute baloia. Dunayren lesioak Pinedo kokatu du lehenengo lerroan baina Imanol Álvarezek gazteei minutuak eman dizkie lehenengo zatian ere bai. Arizaga, Arrojeria, Etxeberria eta Ezkurdiak, honek bigarren zatian, Etxebarrin egindako partidarekin gozatu dute.
Atsedenaldian partida erabakita zegoen, ahalik eta gehien 0-5 partziala gauzatu baitu Bera Berak minutu gutxi falta zirela (7-21). Baina gipuzkoarrek berdin jarraitu dute. Imanol Álvarez Pinedo kokatu du aurrean defentsan baina gazteak jarri ditu, oso erantzun ona eman dutenak. Izan ere, defentsak lan ona egin du eta kontraeraso ugari gauzatu dituzte.
Duela hamar egun bezala, jokalari guztiek gutxienez gol bat sartu du eta Maria Akuñak ere atea zaintzeko aukera izan du.
Ondorioz, urte amaiera bikaina eta Ligako ibilibidea, ezinhobea. Hamar garaipen hamar jardunaldietan eta lidergoan bakar bakarrik.
Fitxa: Kukullaga 15, Bera Bera 40
Kukullaga 15 (7+8): García, González, Agirregomezkorta (1), Fernández, Elizegi (2, 1p), Nogales (1) eta Mariya (1) –titular- Azkona (7), Castaños, Sánchez (1), Bilbao (2), Urrutia (o.a.)
Bera Bera 40(21+19): Temprano, Castro (4), Menéndez (3), Elorza (3), Pinedo (7), Ederra (1) eta Ziarsolo 7 (3p) –titular- Núñez(2), Arizaga (2), Etxeberria (4) Arrojeria (4), Ezkurdia (3) eta Akuña (o.s.)
Epaileak: Javier Álvarez (EAE) eta Ion Bustamante (Nafarroa).
Kanporatuak: Mariya, Azkona eta Nogales Kukullagatik eta Menéndez, Arizaga eta Elorza Bera Beratik.
Partzialak: 1-3, 3-6, 4-9, 4-12, 7-16 y 7-21 –atsedenaldia- 8-23, 9-27, 11-29, 11-34, 12-36 eta 15-40.
Cuña, Yamiley eta Ana Martínez baja diren jokalariei Nitsan Dunay gehitu zaie, izan ere, eskuin belauneko meniskoa apurtua baitu israeldarrari egin zioten erresonantziak adierazi duenez. Ondorioz, biharko partidari begira, Kukullagaren aurka Etxebarrin (20etan), Dunay ez da Imanol Álvarezen deialdian sartuko eta Renobales traumatologoak ebakuntza egingo dio abenduaren 4ean. Bestetik, Ana Martínez albokoari ez diote ebakuntzari egingo eta ezker sorbalda sendatzeko errehabilitazio prozesuan da elxetarra, Vero Cuña eta Yamiley Rodríguez bezala.
Bihar larunbata kadete eta jubenilen txanda izango da eta igandea, senior mailako taldeerena. Lurralde mailako kadetea Zumarragara joango da Aker Urola taldearen aurka jokatzeko bihar 16,15etan Ispillan.
Euskal Ligan, kadete eta jubenilak Ermuan arituko dira. Aurrenekoak 16,45etan eta jubenilek, 18,30etan.
Eta igandean 10etan Altzako kiroldegian, Bera Bera senior taldeak Aloña Mendi hartuko du.
Juan Antonio Garaikoetxearen argazkian, Lide de Goicoechea ezker hegalekoa.
Bera Bera Eskubaloiarentzat urte historiko honetan azken partida ofiziala izango da. Gipuzkoarrak Etxebarriko udal kiroldegira agertuko dira bihar Kukullagaren aurka aritzeko, Ligako hamargarren jardunaldiari dagokion partida jokatzea (Javier Álvarez eta Ion Bustamante, 20etan).
Bera Berarentzat, hiru hilabete hauetan, 17. partida izango da. Erreferentzi gisa, iaz donostiarrek 38 partida ofizialak jokatu zituzten denboraldi osoan Estatu eta Europako lehiaketetan. Imanol Álvarezen jokalariek Superkopa, Ligako bederatzi eta maila handiko Championseko sei partida jokatu dituzte eta, horrez gain, nekea eragiten duten bidaiak barne.
Irailaren amaieran Barakaldon Zuazoren aurrean, Bera Berak astero bi partidari jokatzeari heldu zion eta fase hau Etxebarrin amaiatuko du bihar. Donostiarren helburua da hamargarren garaipena bereganatzea eta, ondorioz, bajak izan arren -azkena Dunayrena- bikain atera, lidergoan sendo jarraitu eta, gutxienez, aurkari zuzenekiko partida bat baino gehiago atera Ligaren ia bi hilabeteko etenaldiari begira.