Taldea abenduaren 2an, astelehena, elkartuko da berriro eta Imanol Álvarez entrenatzailearen esanetan “lehiaketako zikloak errepikatu nahi ditugu, hau da, egunero entrenatu eta asteburan jokatu”. Izan ere, Bera Berak gutxienez bi lagunarteko jokatuko ditu abenduan, larunbata 7, Ermuan Zuazo Barakaldoren aurka eta 20an ostiralean Zumarragan Kukullaga Etxebarrirekin. Erdian, 14ean, Euskadik jokatuko du Elgoibarren Txileren aurka.
Ohorezko mailako jokalariekin bat egingo dute deialdiak osatzen eta minutuak jokatzen ari diren gazteak eta aurredenboraldia burutu zutenak, Eider Lizarbe, Olatz Ramón eta Lur Errekondo, alegia.
Abenduaren 22tik urtarrilaren 1era arte atsedena izango dute baina etxeko lanak ere bai eta urtarrilaren 2an berriro ere talde osoa elkartuko da, internazionalak barne, urtea hasiera estuari aurre egiteko. Horretarako, Etxebarrin Euskadiko kopa jokoan izango dute, finalerdia urtarrilaren 4ean Zuazo Barakaldoren aurka eta irabaziz gero finala hurrengo egunean.
2014ko urtarrilaren 11an itzuliko da Ligan, orduan Bera Berak Helvetia Alcobendas hartuko du Bidebietan. Madrildarrak larunbat honetan Canyamelar Valencia taldearen aurka hamar partidak osatuko dituzte -zortzigarren jardunaldiko partida atzeratu zuten- eta irabaziz gero bigarren kokatuko lirateke gipuzkoarrekiko hiru puntura kokatuz, norgehiagoka ezin erakargarriagoa osatuz lehiaketari berriro ekiteko.
Horren ostean, donostiarrek Alacantera egingo dute bidaia, Cleba Leon hartuko dute lehenengo itzuli amaiera, hurrengo astean Bidebietan berriro ere, non Mecalia Atlético Guardés izango zaie bisitari, aurkari zuzena alegia, eta Kanarietara abiatuko dira Rocasaren aurka aritzeko erabakiorra izango den partidari ekiteko.
Sariak
2013an burutu duen ibilaldia kontutan hartuta: Kopa, Liga, Superkopa eta Champions Leaguen partaidetza, Bera Berak egindako lana goraipatuko dute, besteak beste, Teledonostik Kirolari Protagonista Saria emango dio abenduaren 3an Hotel Londresean burutuko duten ekitaldian eta Ondacerok gorespena egingo dio taldeari abenduaren 12an Astoria Hotelean egingo duten galan.
17 partida ostean, Bera Berak Superkopa eskuratu zuen, Ligako hamar partidak irabazi ditu –marka berria kluban- eta Champions Leaguen paper dunina azken partida bakarrik irabazi eta Europatik at geratu arren.
Horregatik Ermuko entrenatzailearen ustez, -bibotearekin Movember mugimenduarekin bat eginda- “orain arte egindakoaz positibotzat jo genezake, emaitzei dagokionez Ligan, ezinhobeto; Championsa ez da gaizki egon aurkariak ikusita eta Superkopa eskuratu genuen galtzeko zorian egon arren”.
Bere ustez, “joera positiboa da baina hobeto dezakegu” dio Imanol Alvarezek, batez ere “lesioen beldur” dena. Izan ere ohartarazi du “Ligako bigarren itzulia oso interesgarria gerta daiteke eta guk partida zailak izango ditugu etxetik kanpo”. Bera Berak Rocasa, Porriño, Elche, Alcobendas eta Kordoba edo Valladolideko pista zailak bisitatu behar ditu.
“Zapore ona” Championsen
Halere, “baikor eta pozik” da taldea “hasieran baino hobeto jokatzen duelako, Champions ondoren eta bidai luzeak pasatu ostean ez dugu Ligan punturik galdu”. Europako goreneko txapelketaz, zozketa ikusita, Imanol Álvarezek bazekien Podravka zela aurkaria ahulena. “Han hamaika golez galdu genuenez, Championsa garaipen batekin utzi nahi genuen eta zapore ona utziz”.
Bere iritziz, Europan taldeak “aurpegia eman du partida guztietan, aldea nabarmena izan arren”. “Oso esperientzia ona izan da eta orain badakigu zer egin behar den”. Hobetzeko guneaz galdeturik, entrenatzaileak dio “defentsan gure 6-0 oso ondo aritu da eta orain 5-1 landuko dugu sistema hori behar dugunerako”.
Imanol Álvarezen ustez erasoan “joku geldian hobetu eta galdutako baloiak gutxitu behar dugu”. Era berean, “bi piboteekin aritzea onuragarri ikusten du Núñez eta Ederra gurekin egonda, akaso Maitane Etxeberria eskuin albokoan jarriko dugu”.
Bera Berak urte hasiera “konplikatua” izango du, izan ere Helvetia Alcobendas hartuko du Bidebietan eta urtarrilaren amaieran Mecalia Guardés izango da Donostian eta ostean Kanarietara egingo du bidaia. Horregatik dio “lan zailena etortzeke dago”.
Halere baikor da “taldea ondo aritu delako eta gu irabazteko gure defentsa eta atezaina gainditu behar ditu”. Azkenik harrobiko jokalariek egin duten ekarpena txalotu du eta, era berean, azpimarratu du “eskarmentua duten jokalarien laguntza ezinbestekoa izan da”.