Emaitza hauei esker, galiziarrak bigarren kokatu dira 12 puntuekin –balizko Kopako zozketarako, lehenengo itzuli amaieran osatuko dena, zerrendaburu izango lirateke-. Rocasa hirugarren da puntu berekin eta Elche Mustang bostgarren 10 puntuekin.
Gorenean diren taldeetatik, Helvetia Alcobendas falta da zortzigarren jardunaldia osatzeko, azaroaren 30ean hartuko baitu Canyamelar Valencia taldea Pabellon de los Sueños kiroldegian, ondorioz, irabaziz gero 13 puntuekin bigarrenak jarriko lirateke madrildarrak, asteburuan Suedian EHFtik kanporatuak izan direnak. Bera Bera puntu guztien jabe egin denez, egun bigarren sailkatua lau puntutara du baina birtualki hiru lirateke.
Jardunaldiak Porriñoren porrotak ekarri zuen larunbatean eta, ondorioz, Mar Alicanteren lehen garaipena, galizarrek sailkapenean Elche aurreratzeko aukera galduz. Helvetia Alcobendas eta Canyamelar Valencia partidaren faltan, azkeneko Kopako edizioan aritu ziren taldeak izago lirateke egun ere bai.
Atzo hegazkinetik jaitsi eta bihar 9. jardunaldiko bi partida aurreratuko dira Europako lehiaketak direla eta. Batetik Bidebietan jokatu da Bera Bera eta Valladolideko Aula Cultural Viveros Heral taldeen arteko partida 19,30etan (Álvaro Ruiz eta David Zapico, asturiarrak) eta Elche Mustang taldeak, Rocasa 20,30etan Carrúsean. Bestetik, Zuazok Mecalia Guardés hartuko du azaroaren 20an Lasesarren 20etan.
Ondorioz, bi leku besterik ez dira gelditzen, Buducnost eta Hungariako FTCk jokoan izango dutena Montenegron igandean eta A multzoan: Hypo, Baia Mare eta Thüringer taldeen artean, austriarrak dira aukera gehienak dituztenak.
Eta, horrez gain, azken jardunaldiari begira multzoen lidergoak izango dira jokoan – bakarrik Györrek du ziurtaturik- eta Cup Winners’ Cupeko final-zortzirenetan pasatuko diren multzoko hirugarren sailkatuak. Larvik estu hartu arren Koprivnican, Prodavka Vegetaren porrotak, oso urriak badira ere, aukera bat ematen dio Bera Berari datorren urtean Europan jarraitzeko.
Igandean Gaskan (12,15etan, Stevann Pichon eta Laurent Reveret; FRA) irabaziz gero, Bera Bera eta Prodavkak bina puntutara berdinduko lukete, ondorioz, taldeen arteko partiden emaitzei begiratu behar denez, Koprivnican 29-18 nagusi izan ziren kroaziarrak eta hori da kontutan hartu beharrekoa 2014ko otsailean Europan jarraitzeko.
Hamaika goleko aldea irabaztea –Prodavkak ez baditu 18 gol baino gehiago sartzen- oso erronka zaila da Champions Leaguen. Halere hor agertzen da aurtengo otsailean Bera Berak Cup Winners’ Cup lehiaketan Vistal Laczpol Gdynia taldearen aurkako 12 goleko iraulketa. Orduan markagailuari begiratu gabe jokatu zuten. Halere, aurretik etxeko lanak egin behar dira.