Eraginkor agertu da gaur arratsaldean Bera Bera Valentziako El Cabanyal pistan defentsaren bidez eta abiadura kontraerasoak gauzatzen Canyamelar gainditzeko (18-29).
Denboraldiko aurreneko irteera zen eta donostiarrek ez zuten sorpresarik nahi, hortaz, kontzentraturik irten dira partida hasiera bikaina betez. Yáñezek ireki du markagailua eta Judith Sansek pista erdian bide zabala ireki du kontraerasorako, lehenengo nahiz bigarren zatian. Lau gol sartu ditu kataluniarrak 16 minutuetan eta Bera Bera eroso zegoen (1-5 eta 4-9, 15. min).
Halere, hortik aurrera partida zeozer aldatu da. Susana Parejak hutsartea eskatu du Saenz pibotearekin jokatzea agindu du eta hortik etorri dira golak eta kanporaketak: Sans pibotearen bigarrena, Etxeberria eta Ederra. Bera Berak sei baloi galdu ditu ia jarraian, Aguas atezainak geldiketa bikainak egin ditu, Tempranok bezala –bederatzi aurreneko zatian- eta Canyamelar gerturatu da atsedenaldira iritsi aurretik 10-13. Kezkatzeko arrazoiak baziren: Valentziak baloia zuen Bera Bera bat gutxiagorekin eta Sansek bi aldiz kanporatu zuten.
Baina bigarren zatian Bera Bera berriro sutsu atera da eta defentsak medio valentziarren jaurtiketak galerazi ditu. Pinedok aurreneko bi aukerak huts egin ditu baina Arrojeriak birritan arnasa eman dio taldeari (10-15). Gero Sans agertu da erdigunetik (11-19), belaunean mina hartu du eta horren ostean Aguas atezainarekin topo egin du.
Canyamelar Valenciak 42 minutuan sartu du aurreneko gola eraso geldian bigarren zatian, Mateos alboko jokalariaren bidez. Bera Bera eroso zegoen baina Maitane Etxeberriak txorkatila bihurritu du. Ezkurdiak eta ondoren Pinedo eta Ziarsolok tartea handitu dute.
Ligan bigarren garaipena, eraginkor pista zaila batean eta larunbatean 18etan Bidebietan Valladolideko Aula Cultural hartuko du Bera Berak, bi garaipen dituen taldea.
Fitxa: Canyamelar Valencia 18, Bera Bera 29
Canyamelar Valencia 18 (10+8): Aguas, Cañavera (2), Alonso (2), Esterri (1), P. Descalzo (1), Morell eta Payá (4) –titular- Saez (3), E. Descalzo, Mateo (4, 2p) eta Bejarano (1).
Bera Bera 29 (13+16): Temprano, Etxeberria (2), Martínez (1p), Arrojeria (4), Ederra (3), Yáñez (1) eta Pinedo (5) –titular- Sans (7), Menéndez, Ziarsolo (4), Alicia Fernández, Ezkurdia (2) y Zugarrondo (o.a.). Deialdian: Maialen Husillos.
Epaileak: Efrén Muñoz eta Julio Posada (Madrid)
Kanporatuak: Morell, E. Descalzo eta Esterri Canyamelar Valencia taldetik eta Sans (2), Etxeberria, Ederra, Ezkurdi eta Ziarsolo Bera Beratik.
Partzialak: 1-3, 1-5, 4-7, 6-11, 7-12, 10-13 –atsedenaldia- 10-15, 11-18, 13-22, 13-15, 16-27 eta 18-29
Neskak Urnietan eta mutilak, Usurbilen. Euskal selekzioak igande honetarako, irailak 13, infantil mailan Evelyn Briones eta Mikel Apaolaza deitu ditu eta kadeteetan Nerea Álvarez eta Amaia Eguren entrenaldiak burutzeko.
Urnietako kiroldegian 9etan egon behar dute infantilek, kadeteak 10,45etan eta mutilak Usurbilen, 10,45etan.
Aurtengo denboraldiko emakumezkoen eskubaloiko ligako aurreneko jardunaldiarekin batera, Bera Berak lagunartekoak antolatu zituen errendimenduzko taldeei zuzenduta, hau da, mutilen eta nesken kadeteak, jubenil neskak eta senior neskak.
Oraindik lurralde mailako kadete zein infantil taldeak eta azpikoak osatzeke badaude ere, Bera Berak errendimentuzko egitura definiturik ditu. Horrela, Verónica Valverdek kadeteak entrenatuko ditu, neska zein mutilak; María Graciak jubenil maila zuzenduko du eta Dani Nieto eta Josu Manzanok senior taldearen ardura hartu dute.
Lehengo larunbatean, kadete eta jubenil mailetako neska-mutilek Elgoibarko taldeak izan zituzten aurrean. Kadeteetan Sanlok irabazi zuen eta jubeniletan, donostiarrak. Ohorezko mailako partida aurretik, seniorretan, Bera Berak eta Zarautz B taldeek partida intesgarria jokatu zuten, zarauztarren alde amaitu zena.
Asteburu honetarako lagunartekoak
Euskal Ligako kadete eta jubenil taldeek San Adrianen jokatuko dituzte lagunartekoan larunbatean, aurrenekoak 16,15etan eta bigarrenak, 17,45etan.
Bestetik, senior taldeak Bidebietan Ereintza hartuko du 18,15etan.
Mikel Apaolaza, Euskadirekin
Era berean, igandean Usurbilen Euskadiko selekzioak burutuko duen entrenaldira deitu dute Mikel Apaolaza infantil mailako jokalaria.
Bera Bera Eskubaloiak garaipenarekin debuta egin du ohorezko ligako aurreneko partida Aiala Zarautz 36-13 gaindituz, gipuzkoarren arteko derbian non donostiarren defentsak zarauztarren eraso jokoa ito duen.
Halere, Aiala Zarautz sutsu irten da donostiarren erasoa oztopatu nahian eta ezker hegalakoari, kasu honetan Matxalen Ziarsolori asko presionatuz, albokoen barneraketak baliatuz, Arrojeria, Fernández eta Martínez, alegia. Bera Bera aurretik jarri da 4-2 baina Andrea Zalduak hutsuneak aurkitu ditu defentsan, Martínezi adierazitko zigorrari esker Aiala Zarautz gerturatu da eta baloia izan du norgehiagoka berdintzeko baina Zugarrondorekin topatu da, gaur titular.
Bidebietako giro apartan Puchek ez zion erlajaziori betarik eman nahi eta berriro ere Sans-Martínez bikoteari eman dio ardura defentsa erdian, Etxeberria eta Arrojeria lagun eta Fernández eta Ziarsolo albokoetan. Ederrak Sans ordezkatu du erasoan.
Zazpiak pistan, Bera Berak 6-1 partziala bereganatu du Pinedo eta Yáñez sartuta, azken hau oso eraginkor jaurtiketetan, atsedenaldira lau golekin joan baita, hortaz Bera Bera jaun eta jabe (14-6).
Lehenengo zatian bezala, Aiala Zarautz ondo heldu dio bigarren zatiari. Zaldua eta Granadok asmatu dute Temprano atezainaren aurrera eta bestetik donostiarren aldetik Menéndez eta Arrojeriak erantzun ona eman diote. Bera Beraren defentsa gaindiezina bihurtu da Aialarentzat eta Ane del Hoyok (17-10) jarri arren etxekoak Ziarsoloren bidez kontraerasoak gauzatu dituzte.
Azken ordu laurdena Bera Bera baino ez da pistan gelditu, azkeneko 17 minutuetan golik jaso ez duena eta, aitzitik, ate aurrean asmatu duena.
Fitxa: Bera Bera 36, Aiala Zarautz 13
Bera Bera 36 (14+22): Zugarrondo, Etxeberria (1), Fernández (7), Arrojeria (3), Ederra (4), Martínez (3) eta Ziarsolo (3) –hasierako zazpikoa- Sans, Ezkurdia (2), Yáñez (6), Menéndez (4), Pinedo (3) y Temprano (o.a.). Deialdian: Eider Lizarbe eta Maialen Husillos.
Aiala Zarautz 13 (6+7): Collantes, Badiola (2), Zaldua (5, 2p), Artola, Urtiaga, Arregi (1) eta del Hoyo (1) –hasierako zazpikoa- Granado (2), Fernández, Kortaberria, Goikoetxea (1), Arruti, Alcoba (1), Balenciaga eta Odriozola (o.a.).
Epaileak: Colmenero eta Rollán (Gaztela eta Leon)
Kanporatuak: Martínez, Arrojeria (2), Sans eta Menéndez Bera Beratik eta Fernández, Badiola eta Kortaberria Aiala Zarautzetik.
Partzialak: 4-2, 5-4, 7-4, 10-5, 13-6, 14-6 –atsedenaldian- 16-9, 19-12, 23-13, 26-13, 31-13 eta 36-13
Gertaerak: Foru diputatu Denis Itxasok Matxalen Ziarsolo eta Araitz Urtiaga kapitanei Iñaki Gracenearen serigrafi bana banatu die partida atarian.
Loterias izeneko emakumeen eskubaloiko Ligako lehenengo jardunaldi amaieran Bera Bera Eskubaloia da aurreneko líder Aiala Zarautzen aurkako partidan lortutako golen aldeari esker (36-13).
Jardunaldian ez zen aparteko sorpresarik eman, etxeko taldeak nagusitu ziren eta emaitza airean zegoen Rocasa Ace Gran Canaria eta Mecalia Atlético Gaurdés partidan, Teldeko jokalariak nagusitu ziren bigarren zatian (18-16), atsedenaldiko markagailua irauliz (5-8).
Golen alde gehien eman zen bigarren partidan beste derbi batean izan zen Valladolideko Aula Cultural Valladolid eta Leongo Carobles Ule Cleba taldeen artekoan (44-31). Gainontzekoetan etxeko taldeak ondo baino hobeto kudeatzen jakin izan zuten lortutako tarteak: Prosetecnisa Zuazo Barakaldok KH7 Granollers (31-25) gainditu zuen, Elche Mustang taldeak Jofemesa Oviedo (24-20), Helvetia Alcobendasek Canyamelar Valencia (25-22) eta BM Porriñok Clínicas Ríncón (35-31).
Bera Berak azkeneko lau denboraldietako tarterik zabalena lortu zuen larunbatean. 2013ko denboraldian donostiarrak Cleba León (46-20) gainditu zuten eta hurrengo denboraldian, urte bereko azaroan, Kukullaga Etxebarri (15-40).
13 gol jasota
Denboraldiak pasa ahala, geroz eta gol gutxiago jasotzen du Bera Berak. Halere, taldean eman diren aldaketak kontutan harturik oraindik garaiz da etorkizunean gertatuko dena aurreratzeko baina jokatu diren bi partida ofizialean, Rocasak 17 gol egin zizkion eta Aiala Zarautzek, 13. 2011ko urrian Porriñon hamaika gol baino ez zituen sartu eta 2012ko urtarrilean, Ucam Murciak 13.
Azkeneko bi urteetako liga hasierak ere urriak izan ziren golak jasotzeko garaian. Imanol Álvarez eta Martin Larrañagaren taldeari 16 gol sartu zizkion Mecaliak A Guardan (Bera Berak, 23) eta iaz KH7 Granollersek, ohorezko mailan egindako debutean, 15 Bidebietan.
Alicia Fernández eta Tania Yáñez
Gola egiteko garaian oso banatuta zegoen baina batez ere albokoen lana azpimarragarriena izan zen, etorri berri diren Alicia Fernández eta Tania Yáñez, Bidebietan jokaturiko aurreneko partidan. Galizarrak hutsuneak aurkitu zituen zarauztarren defentsan zazpi gol sartuta eta bizkaitarra aurreneko zatian eraginkorra izan zen lau golekin (guztira, sei)
Bigarren jardunaldian, Valentziako El Cabañal pista zailari egingo dio aurre Canyamelarri Bera Berak, iaz garaipena azken baloian lortu zuelarik. Bestetik, azpimarratzekoak dira galiziarren arteko derbia A Guardan eta Rocasaren bisita Oviedori, Zuazorena Malagari eta Aula Culturalena Zarautzen.