Akaba Bera Berak bere etxean denboraldi honetako jokatu duen azkeneko jardunaldia, ezin izan zuen garaipenarekin agur esan. Puntuak ez zituen behar, beraz, aspaldiko partez lasaitasun osoz hartu zuen partida. Bestalde, Rocasarentzat oso garrantzizkoak ziren hemen lortutako puntuak seigarren postua eskuratu ahal izateko.
Partida bi taldeen erasoaldietako akatsengatik nabarmendu zen, batik bat, kontraerasoak bultzatuz. Atsedenaldira kanpotarrek lau goleko errentarekin joan ziren aldageletara eta bigarren zatian goleko diferentzia mantentzea lortu ahal izan zuten.
Asteazken honetan Akaba Bera Berak azkeneko partida jokatuko du Almeriako Vicar Goyaren aurka arratsaldeko 20:00etan andaluziako herri honetan.
AKABA BERA BERA Bouveret, Tati Garmendia (3), Zulai Agirre (5), Krnic (2), Patri Pinedo (4), Petrinja (4), Ziarsolo (3) –hasierako zazpikoa-, Aisa, Montse Puche, Eider Rubio (3), Maite Alcoba, Valverde (4), Teruel eta Sanromán (2).
ROCASA Krasnic, Grimholt (4), Lipan (7), López (7), Marín (6), Rogoz (3), Mellingen (4) –hasierako zazpikoa- Pulido, Albadalejo, Rodríguez, Borseth eta Zurita (1).
Partzialak 2-4, 4-6, 6-8, 9-13, 12-15, 13-17, 15-19, 19-23, 21-25, 24-27, 27-31 y 29-32.
Epaileak Muro eta Rodríguez. Krnic, Ziarsolo, Rubio eta Tervel, kanporatu zituzten Akabaren aldetik eta Zurita, Lipan y Grimholt (bi aldiz) kanpokoak
Akabako lau jokalari espainiako selekziora deituak izan dira Mazedonian egingo den hurrengo Europako Txapelketako sailkepenerako partidak jokatzeko. Honetarako, Lituaniako selekzioaren aurkako norgehiagoka irabazi beharko dute bertan parte-hartu ahal izateko. Ohiko hiru jokalarietik aparte, oraingo honetan Matxalen Ziarsolo deitua izan da ere bere bigarren parte-hartzea izango delarik selekzio absolutuan.
Maiatzaren 22an Xixon-en egon beharko dute kontzentraturik eta 24an eta 25ean Portugaleko selekzioaren kontrako lagunarteko partida jokatuko dute. Gero, maiatzaren 31an, larunbata, Lituaniaren aurka joaneko partidari ekingo diote, Xixonen bertan, eta itzulikoa ekainaren 7an izango da Lituanian.
Larunbata honetan arratsaldeko 19.00etan Bidebietako kiroldegian eta denboraldiko azken aurreko jardunaldian, Akaba Bera Berak Rocasa talde kanariarra hartuko du aurrez aurre. Gori-gorian dagoen liga bukaera honetan, bi jardunaldi besterik ez baitira geratzen, ligako txapeldunaz gain, erabakitzeke dago oraindik nortzuk izango diren jeitsiko diren bi taldeak eta nork eskuratuko duen seigarren postua, azken honek, datorren denboraldian europako txapelketa jokatzeko aukera eman baitezake Itxakok EHFko finala irabaziz gero. Europako plaza bat eskuratzeko lehia honetan, bost talde sartuta daude hiru puntuko diferentziarekin beraien artean, beraz, azken aurreko jardunaldian egingo diren emaitzak funtsezkoak izango direla suposatuko du. Norgehiagoka honetan Rocasa Remudas sartuta dago ere, hamargarren postuan kokatua egonarren, hiru punturen aldea du bakarrik seigarrenarekin, Leon BM, eta oraindik lau puntu geratzen dira jokoan. Oso zaila edukiko du seigarren lekuraino iristeko, baino, hala ere, ziur borrokarako prest etorriko direla.
Akabak bere aldetik, lasaitasun osoz aurre egingo dio partidari, aldez aurretik eginak utzi baititu bere lanak. Bere bostgarren postua ezin zaio kendu eta laugarrena eskuratzeko ezinezkoa du, beraz, larunbatean emaitza lortzeko beharraren presiorik gabe jokatu ahalko du. Partida honetarako, Reyes Carrerek talde osoa edukiko du, Libe Altuna eta Esme Lopez ezik, honen ordez Maite Alcoba eibartar pibote gaztea sartuko da deialdian.
Denboraldi honetako bi taldeen arteko norgehiagoetan ez dira izan batere samurrak Akabarentzat. Joaneko partidan kanariarrek 27 eta 22ko emaitzarekin gainditu zituzten donostiarrei. Kopako final laurdenetako partidan, berriz, Akabak irabazi zuen 22 eta 23. Bere jokalari arriskutsuena erdiko Davinia Lopez kanariarra da. Honi, lehenengo lerroko Lipan, Borseth eta Grimholt laguntzen diote, kanpo jaurtiketa ona dutenez Akabako defentsari sakontasunean jokatzera behartuko dute. Baina, baita bi hegalekoak nabarmentzen dira ere, Marin eta Rogoz, oso azkarrak eta onak baitira kontraerasoan zein jaurtiketetan.
Esme Lopez-i ebakuntza egingo diote
Denboraldia bukatzear dagoela aprobetxatuz, eskubiko hegaleko Esme Lopez-ek bere eskubiko belaunari ebakuntza egingo diote. Honela, udara errehabilitazio lanak egiteko edukiko du eta datorren denboraldiko azaroan prest egongo litzateke berriz jokoan sartzeko.
Ia denboraldi osoa sufritzen ari den lesioa da eta apirilaren 30ean, Itxakoren aurkako partidan berriz min hartu zuen. Zehatzean, eskubiko belauneko aurreko lotailu gurutzatua hautsita eta bi meniskoak ikutuak ditu. Datorren asteazkenean 14an, Toulouseko Michel Boussaton zirujanoarengana doa, seguraski honek operatuko dio eta interbentzioaren eguna jarriko du
Euskal entrenatzaile onenaren eta jokalari onenarentzako sariak
Larunbateko partida hasi baino lehen, euskal eskubaloi federazioak 07-08 denboraldiko jokalari eta entrenatzaile onenaren sariak banatuko ditu, Matxalen Ziarsolo eta Reyes Carrere, hurrenez hurren.
Europako lehia bukatuta, Akaba Bera Bera ligara itzultzen da. Oraingo honetan Itxako Navarra izango da aurkaria. Bi taldeen europako konpromisoak zirela eta, bihar asteazkena arratsaldeko 19:00etan Bidebieta kiroldegian, ligako atzeratutako jardunaldia jokatuko da.
Bi taldeentzako oso asteburu intentsoa eduki ondoren iristen da euskal derbia. Akaba Bera Bera Errumanian larunbatean jokatu ondoren eta Europako Errekopako finalera iristeko aukerak galduta europa mailan talde onenetariko baten aurrean. Itxako, berriz, lau goleko errentako desabantaila gainditu behar izanaren premia Dunaferr talde hungariarrari, EHFko finalera iristsi da eta hemendik zoriontzen dugu lortukako arrakastagatik.
Baino orain, bertako txapelketan murgildu behar da. Akaba Bera Bera erabat nekatuta iritsi da denboraldiko azken txanpa honetara. Hasieran jarritako helburuetan lehia guztietan pausu bat gehiago ematea baldin bazen, edukitako emaitzen arabera balantzea oso positiboa izan dela baloratu dezakegu. Superkopako txapelduna, Kopako txapeldunordea, Europako Errekopako semifinalista eta une hauetan, liga bukatzeko lau jardunaldi bakarrik geratzen direnean, bostgarren postuan finkatuta datorren urtean europako txapelketa jokatzeko aukera ematen duena. Ezin da gehiago eskatu klubaren historiako denboraldi bikainena eduki ondoren. Baino honek guztiak, jokalarien nekean eragina zuzena du. Plantilak lau lehiari aurre egin behar izan dio eta urtarrila geroztik ia-ia asteazkenero eta larunbatero jokatu behar izan du, bidaia luzeak barne.
Denboraldiko helburuak soberan bete izana, lasaitasunez eta azkeneko hilabeteetako presiorik gabe aurre egitea aukera ematen du biharko partida, ligako lehen jardunalditik bizitzen ez zen egoera bat. Honengatik guztiagatik, jokalariak berreskuratzeari lehentasuna eman zaio eta atzo, astelehena, taldea Zumaiako Talasoterapiara joan ziren eta gaur, asteartea, ohiko ez dena, entrenamendu bakarra egingo da Itxakoren kontrako aldez aurretiko norgehiagoka prestatzeko. Reyes Carrerek jokalari guztiekin kontatu ahal izango du, lesionatutako Libe Altuna ezik.
Aldiz, Itxakok asko du jokoan. Bere ibilbide bikaina, denboraldi honetan EHFko finalera iristetik aparte, ligako lehen postutik puntu bakar batera kokatzera eraman du ere. Beraz, bihar jokoan jartzen diren bi puntuak oinarrizkoak ditu Txapeldunen Ligan leku bat lortzeko borrokan jarraitzeko, baita ligako txapelketa irabazteko ere.
Akaba Bera Beraren ikaragarrizko garaipena Europako talde onenetarikoaren aurka, Rulmentul Brasov. Partida, Bidebieta kiroldegiko harmailak jendez leporaino bete zegoela ospatu zen, non, ateak itxi egin behar izan ziren partida hasi baino lehen. Goi mailako eskubaloi ikuskizunarekin gozatzeko Bidebietara bertaratu zen hamaika zaleturen gogoak erabat bete ziren. Jendeak etengabe animoak eman zuten eta donostiar taldeari lagundu zioten garaipena lortzen.
Bi talde handi neurtzen ziren. Alde batetik, etxekoak oso denboraldi bikaina egiten ari direlako eta bestetik, errumaniar taldea donostiara iristen zirela denboraldi honetan partida bat galdu gabe.
Aurrez, oso partida zaila zen Akaba Bera Berarentzat, norgehiagoka irabaztera behartuta zegoelako kanporaketa honetan aukeraren bat eduki nahi bazuen, itzuliko partida errumanian jokatzen baita. Hau zen helburu nagusia, irabazi. Eta bai lortu ere.
Garaipena lortzeko, oso defentsa onean oinarritu zen eta joku bizia erabiliz, bai kontraerasotan bai eraso posizionalean. Jokatutako abiadura azkarra ustekabean harrapatu zuen talde errumaniarra, oso defentsa gogorra erabili behar izan zuelarik, batzuetan gehiegizkoa, euskal taldeen erasoaldiak moztu ahal izateko.
Beraz, goi mailako eskubaloia bi taldeek eskeini zutena. Datorren larunbatean, apirilak 26, Errumanian egingo den itzuliko partidan erabakiko da nor izango den Europako Errekopako finalista. Hansen eta Pettersen norvegiar epaileak izango dira partida zuzenduko dutenek.
Beste finalerdietako kanporaketan, Larvik norvegiarra eta Prodavka kroaziarren arteko norgehiagoka, kroaziarren alde bukatu zen 29 eta 27ko emaitza estuarekin. Itzulikoa Norvegian jokatuko da datorren larunbatean arratsaldeko 16:15etan.