Bihar 19:00etan Bera Bera Eskubaloiak ligako bigarren itzuliari hasiera emango dio. Hasiera hau benetan zaila izango da, Bidebietara Mar Alicante talde indartsua iritsiko baita, ligako lehen partiduan gipuzkoarrak ganditu zituena, eta ordutik behetik gora datorren taldea.
Bera Bera partidura moralez gainezka iritsiko da Sagunto gainditu ostean, eta sailkapeneko hirugarren tokian egonda. Taldeak bere jokua berretsi zuen gaur zortzi, eta lehia baino lehenagoko sentsazioak oso positiboak izaten ari dira. Batez ere Bidebietako gotorlekua taldearentzat ezinbestekoa izaten ari delako. Pasa den astean Saguntoren partiduan zegoen giro bikaina errepikatzen bada, Bera Bera partidua irabazten hasiko litzateke.
Hala ere, partidu honek aurrekoak bezain beste zailtasun aurkezten ditu. Mar Alicantek Bera Bera gainditu egin zuen ligako lehen partiduan, nahiz eta ordutik gauzak asko aldatu diren. Donostiarrek ez dute zerikusirik Alakantera joan zen talde horrekin, eta arerioak ere gora egin du. Entrenatzaile berriarekin hobera egin dute nabarmen, eta oso joku maila onean iristen dira. Ligako ibilbidea behetik gora egiten ari dira, eta oso arriskutsuak dira.
Etxekoen entrenatzaile den Reyes Karrerek kontrarioaren indarra nabarmendu du, nabarmentzen batez ere “euren lehenengo lerroa. Ana de Sousa, Laima, Veronica De Monier frantziarra, eta batez ere Isabel Ortuño dira talde honen bermea”. “Kanpoko jaurtiketa bikaina dute baita ere. Oso indartsua eta kalitatezkoa. Erasoan indartsu eta atzean sendo dabiltza” dio Karrerek.
Bera Berako neskak beraz, adi-adi daude partidu honekin. Badakite pasa den asteko maila berriro erakutsi beharko dutela gutxienez, puntuak etxean gera daitezen. Bidebietako magiara helduz, denak batera, jo ta ke!
Eguerdi honetan Telden (Las Palmas) Erreginaren Kopako zozketa egin da, otsailaren 24tik 27ra kanarietako hiri honetan ospatuko dena. Bera Berari suertatu zaion arerioa Elda indartsua izan da.
Zortea ez du aldeko izan Bera Berak, zozketan zeuden bi “kokoetako” bat tokatu baitzaio. Beste partiduak hauek izango dira: Itxako-Elche, Sagunto-Alicante eta Monovar Urbacasas-Ro Casa.
Gutxienez, Bera Berak koadroaren alderdi gogorra ekidin du, eta final laurdenetan Eldari irabazi ezkero, finalerdietan arerioa samurragoa izango luke: Monovar edo Ro Casa. Bera Berako entrenatzaileak, Reyes Karrerek, zozketaren emaitza lasai hartu du: “Kopan partidu guztiak dira oso zailak. Bertan dauden taldeak handiak dira, horregatik gure mentalitea ez da aldatuko arerioaren arabera. Elda talde handia da, baina beste batzuk baita ere. Kanporaketa oso irekia ikusten dut”.
Hurrengo asteburuan urtarrilari agur esango diogu, eta Bera Beraren harrobiko taldeak behar bezala amaitu nahi dute hilabetea.
Kantxara irtengo diren lehenengoak A taldeko infantilak izango dira. Goiz esnatuko dira, Ereintza B-ren aurkako partidua goizeko 9:30etan hasiko baita. Altzako polikiroldegian izango da lehia. Beranduago, eguerdiko 12:00etan B taldeak Egian jokatuko du, Egiaren kontra. Txapeldun izateko borrokan mantenduko duen beste garaipen bat lortzea izango dute helburu.
Kadeteak, euren ligako lider sendoak, lehen itzulia amaituko dute Ordiziaren kontra. Bidebietan izango da partidua 16:30etan. Helburua lehen fase hau partidu guztiak irabazita bukatzea izango da.
Euren mailako lehen postuan baita ere, jubenilak larunbatean 10:45etan arituko dira Zumaiako Lubaki kiroldegian Pulporen kontra. Bestalde, seniorrak izango dira lehian sartuko diren azkenak. Igandean 12:00etan Bidebietan Jauja jasoko dute, azken sailkatua. Irabazi beharreko partidua beraz, gauzak behar bezala egin ezkero.
Aste bukaera benetan bikaina izan da Bera Berako taldeentzat. Nagusiek lortutako garaipen zoragarriaz gain, harrobiko beste talde guztiek ere euren partidutan irabazi egin zuten, beraz, dena primeran atera zen.
A taldeko infantilak erreibindikatu egin ziren Andoainen Leizaran B 4-10 gailenduz. Ekipoa animatuko duen garaipena da, gora begira jartzen baita. B taldea bestalde, bere bigarren postua indartu zuen Aiala C-ri egurra eman ondoren (29-8).
Kadeteek asteburu gogorra zuten aurretik. Ostiralean atzeratutako partidu bat jokatu behar izan zuten. Eta ez zen gainera edonolako konpromezua, arerioa Aiala B baitzen, sailkapeneko bigarren sailkatua.
Zarautzeko polikiroldegira jende mordoa hurbildu zen, txapelketa irabazteko final bat izan zitekeena ikusteko. Bera Berak sekulako partidua egin zuen, eta beste garaipen bat lortu zuen 19-21 markagailuarekin. Horrela, nahiz eta ez diren konfiatu behar, txapeldun izatea eskura dute. Larunbatean ere euren lana egin, eta 14º garaipena erreskadan lortu zuten Urnietakori 16-40 irabazita.
Jubenilak bere aldetik, euren seriotasunaren beste erakustaldi bat eman zuten, eta Leizaran bezalako arerio zaila aski errez gainditu zuten 35-19ko emaitzaz. Bukatzeko, igandean jada, seniorrak Bera Beraren festarekin jarraitu zuten, 25-23 Ereintza gaindituz, eta garaipenaren bidera itzuliz.
Bihar 19:00etan Bera Bera Eskubaloiak ligako lehen itzuliari amaiera emango dio Mar Saguntoren aurka, hirugarren sailkatua. Gipuzkoarrak, Erreginaren Koparako txartela lortuta, orain lehen itzulia hirugarren amaitzen saiatuko dira. Horretarako bere zaleek ematen dioten indarrari eutsita, bere kantxan beste garaipen bat lortu nahi du.
Biharko partidurako Reyes Karrerek atezain berria edukiko du, Karen Gadhela, brasildarraren transferra behar den garaian iritsi baita. Era berean, Matxalen Ziarsolo ere berreskuratuko du. Ermuako laterala taldearentzat ezinbestekoa da, eta bere presentzia oso garrantzitsua izango da taldearentzat.
Aurrean BM Mar Sagunto indartsua izango du, Espainia eta Europa mailan talde historikoa. Gaur egun ez du aintzinako indarrik eta osperik, baina Europan jokatzen jarraitzen du, eta kategoriako oilarretako bat izaten jarraitzen du. Valentziarrak bere gain jasan dute krisi ekonomikoa, baina kalitate handiko talde sendoa osatzen dute. Hauek gainditzeko, Bera Berak bere joku onena erakutsi beharko du.
Momentuz Bidebieta bizitza asegurua izan da donostiarrentzat, gotorleku bihurtu baitute euren kantxa. Jokoan jarri diren puntu guztiak etxean geratu dira momentuz, eta Bera Berak konjurua egin du gauzak horrela jarrai dezaten. Irabazi ezkero, denboraldiaren erdira hirugarren postuan iritsiko litzateke taldea, lehen fase hau era bikainean itxiz.