Vistal Laczpolen aurrean errebantxa hartzeko aukera eman du Rekopak
Gaur goizean Vienan Cup Winners Cupeko finalzortzirenak osatzeko burutu den zozketak Bera Bera Eskubaloia eta Poloniako txapeldun Vistal Laczpol elkartu ditu berriro ere. Joaneko partida Gdynia hirian ospatuko da –Poloniako iparraldean- 2013ko otsailaren 2 edo 3ean eta itzulikoa Donostian astebete beranduago.
Ondorioz zozketak Bera Berari aukera emango dio Champions Leagueko multzoen fasetik urrundu zuen taldearen aurrean ordaina hartzeko. Izan ere, duela bi hilabete Viborgen ospaturiko kanporaketan Vistal Laczpol Gdyniak 22-31 irabazi zien donostiarrei.
Partida hartan, Poloniako txapeldunak ezustean harrapatu zuen Bera Bera. Vistal Lazcpol Gdyniak defentsa gogorra erakutsi zuen eta jokalarien artean aipatzekoak dira Kulwinska pibotean, Sulzyckaren kontraerasoa, Mateescu lateralaren baliabideak eta Bera Beraren jokalari ohien Petrinja eta Krnic esperientzia.
Poloniarrek Bielorrusiako HC Gomel taldea gainditu zuten hirugarren txanda, egun bostgarrenak dira ligan bost partida irabazita eta bakarra berdinduta.
Bera Berako jokalari nahiz zuzendariek ondo hartu dute zozketa “kirol arloan aurkari zailak saihestu ditugulako, ziur gaude Vistal Lazcpol gogorra izango dela baina gure aukerak izango ditugula jakin ere bai eta ekonomikoki ez da Errusiara bidaiatzera bezala” adierazi du Bera Bera Eskubaloiko arduradun Tati Garmendiak.