Gaur eguardian Donostiako Bentaberri kiroldegian Jakintza ikastolako 60 ikaslek Bera Berako hainbat jokalariekin bat egin dute eskubaloi saio batean.
Ikasturteko hiruhileko honetan Jakintza ikastolako 9 eta 10 urteko ikasleek eskubaloia ezagutzeko aukera dute heziketa fisiko ordutegian. Horregatik, Bera Berarekin harremanetan jarri ziren eta ohorezko mailako jokalariekin saio bat prestatu dute.
Horrela, Matxalen Ziarsolo eta Eider Rubio kanpitainekin batera, Verónica Cuña, Darly Zoqbi eta Bera Bera Eskubaloiko harrobiko koordinatzaile Veronica Valverdek gazte gogotsuen aurrean ordubetez zuzendu dute jardunaldia.
Eta Jakintza Ikastolako ikasleek ederki gozatu dute. Ariketa errazak medio baloia asko ikutu dute, Darlyri golak sartzen saiatu dira eta gustukoa dutena, Bentaberriko pista zabala erabilita, partida bat jokatzea, alegia.
Partida amaitzerakoan, ikasle guztiek argazki bat atera dute Bera Berako jokalariekin eta hauek kukuxumusuk egindako taldeko giltzatakoak banatu dituzte.
Ohorezko eta infantil mailetan lehiaketa amaiturik, asteburu honetan kadeteak, jubenilak eta senior mailako taldeek izango dituzte partidak.
Gipuzkoako kopan dauden hiru taldeak etxetik kanpo arituko dira. Larunbatean 12,15etan Egia Bera Berak Elgoibar izango du aurrean, Olaizaga kiroldegian.
Arratsaldean, Oñatin 16etan, Bera Bera Egia kadete 1 taldeak Aloña Mendi A taldearen aurka jokatuko du eta jubenilek Errenterian izango dute hitzordua, Beraungo pilotalekuan 17,30etan, Ereintza Aguaplast taldearen aurka.
Gaur goizean Bidebieta kiroldegian, Bera Bera Eskubaloiak datorren denboraldiari begira aurreneko fitxaketa aurkeztu du. 28 urte dituela, Gasteizko laterala Patricia Elorzak urte betez sinatu du Donostiako klubarekin.
Castro Urdialesen zortzi urte eman ondoren, Bidebietara itzultzen da hamar urte pasa eta gero. Izan ere, Patri Elorzak “senior mailan lehenengo urtean, José Luis Villanueva entrenatzailea zelarik, lehen taldearekin entrenatzen nintzen”. Gasteiztarrak Barakaldoko Zuazon egin zuen urtebete eta, ondoren, Castro Urdialesekin sinatu zuen.
Komunikabideen aurrean, Bera Bera Eskubaloiko presidente Amaia Ramírez, onartu du “une berezia da, jokalari on baten aurkezpena delako, gaztea, eskarmentua duena, internazionala eta ekarpen garrantzitsua egindo diguna proiektua sendotzeko”. Presidenteak azpimarratu du Patri Elorza “zazpigarren euskalduna da eta hau ere garrantzitsua da guretzat”.
Tati Garmendia da fitxaketa kudeatu duena. “Patri Elorzak oso defentsa ona izateaz gain, jaurtiketa du eta barneraketak”. Lateralak 31 aldiz internazionala izan da, 24 gol sartu ditu, pre-olinpikoa jokatuko du, ligako hamar golegile nagusien artean dago bataz beste partidako bost gol baino gehiago sartuz.
“Helburu serioak finkatzeko ordua da”
Patri Elorzak adierazi du Bera Bera “beti izan dut gogoko, giroa, talde familiarra da eta kirol arloan oso goi mailan dagoen taldea, Liga eta Kopa dituela helburu eta datorren urtean Europan ere parte hartuko du, hori guztia oso interesgarria da niretzako”.
Gasteiztarrak onartu du “aldaketa beti ikara pixka bat sortzen duu, halere, taldean jendea ezagutzen dut eta moldatzen lagunduko didate”.
Bere egoeran, Patriciak adierazi du “eskubaloiari era serio bati heltzeko unea zen, beste helburuak finkatzeko edo, bigarren mailan uzteko eta beste gauzei ekin”. Azkenean “hona etortzea erabaki dut, sasoian nagoelako, selekzioan eta eskubaloia eta esperientzia aprobetxatzeko unea dela uste dut”.
Azkenik, komunikabideek galdeturik, Tati Garmendiak aipatu du datorren urteko taldearen itxura “bide onetik doa”. Hori dela eta datorren astean “akaso, pibote eta eskuin hegal baten izenak esango ditugu”.
Lagunartekoa
Bestetik, internazionalak salbu, gainontzeko jokalariek entrenatzen ari dira eta Bidebietan bihar Dominikar Errepublikako selekzioaren aurka lagunartekoa jokatu du Bera Berak, izan ere, Danimarkako pre-Olinpikoa jokatuko du datorren asteburuan.
Datozen egunotan Bera Bera Eskubaloiak burutu duen denboraldi bikaina aztertzeari ekingo diogu, ligan lorturiko bigarren postu historikoa eta, ondorioz, datorren denboraldian Champions Leaguen jokatzeko aukera eman duena.
Zenbaki orokorretan, 45 puntu eta 22 garaipen, berdinketa bat eta hiru porrotekin Bera Berak marka berriak finkatu ditu, izan ere, hainbeste puntu eta garaipen ez ditu inoiz lortu liga erregularrean.
Denboraldi osoan, Bera Berak 33 partida ofizialak jokatu ditu, horietatik, 27 irabazi ditu, bakarra berdindu eta bost galdu ditu (Itxakoren aurka ligako biak eta Kopako finala; Elche taldearen aurka Ligan eta Ladaren aurrean EHF Cupeko final-zortzirenetan joandako partida).
Gara egunkariko kazetari Juan Carlos Elorzak jasotako datuen arabera, 1994-95 denboraldian, Mario Hernández entrenatzailea zelarik eta, besteak beste, Amaia Ugartemendia, Reyes Carrere edo Tati Garmendia jokalari, 13 talde eta 24 jardunaldietako ligan, Bera Berak 21 garaipen eskuratu zituen, berdinketa bakarra eta bi porrot. Orduan play offa jokatu eta irabazi zioten donostiarrek Leganes taldeari, ondorioz, hirugarrenak gelditu ziren Mar Ositok Valencia Urbanari irabazi dion ligan.
16 talde izan zituen 2002-03 denboraldiko ligak eta Bera Berak 21 garaipen lortu zituen José Luis Villanova entrenatzailea zelarik eta, besteak beste, Tati Garmendia, Esme López, Eli eta Patri Pinedo, Nely Carla Alberto edo Matxalen Ziarsolo (bigarren urtea). Kopan final-erdietara iritsi zen eta Europan kanporaketa bat gainditu zuen. 44 puntuekin bukatu zuen liga bostgarren. -21 garaipen, bi berdinketa eta zazpi porrot-.
981 gol
Pasa den larunbatean amaitu zen denboraldiko 33 norgehiagoketan, Bera Berak 981 gol sartu ditu, ia partidako 30 gol. Ligan 761 sartu ditu -2008-09an baino hiru gol gutxiago-, 402 gol Bidebietan eta 359 -%47a- etxetik kanpo.
Kopako hiru partidatan 82 gol sartu zituen eta EHF Cupeko lau norgehiagoketan, 138. Aitzitik, 567 gol jaso ditu Ligan, 78 Kopan eta 91 EHFn.
Azkeneko zazpi denboraldiei erreparatuz –guztiak 26 jardunaldiekin- orain bukatu dena da onena, hau da, Bera Berak 194 gol gehiago sartu ditu jaso dituenak baino, 567. Azkeneko urtetako markarik baxuena da, partidako ez da 22 goletara iristen, Reyes Carrerek hainbestetan aldarrikatu dituen 24 gol baino gutxiago, hain zuzen.
Asteburuko partidatatik Egia Bera Beraren garaipena da azpimarragarriena. Ereintza Aguaplast 32-17 aise irabazi zuen ostiralean Gipuzkoako Koparen baitan.
Bestetik, Bera Bera Egiako jubenil eta kadete mailako taldeek etxean galdu zuten. Aurrenekoak Egian Usurbilen aurka (29-34) eta bigarrenak Bidebietan Galdona Burdindegia Pulpo KE taldearen aurrean (17-23).
Eta gol batez, infantil mailako Bera Bera Egia taldeak ere porrota jasan izan zuen atzo Trap. Taberna Pulporen aurka (13-14).