Bera Bera

Select your language

Horrela eskatuta ere zaila zen eguna hain borobila bizitzea. Alde batetik, pozgarria izan da ikustea zalegoaren erantzuna, Bidebietako armaila nagusiena bete egin baita urte hasieran Trintxerpen sortatu zen suteak eragindako kalteak leuntzeko aldera Bera Berak gaur jaso duen dirutza kaltetuei bideratuko baitie eta, era berean, taldeak sekulako partida burutu du publikoaren gozamenerako eta, batez ere, bigarren zatian zeharo gainditu du Helvetia Alcobendas (36-22). Ia bi hilabeteko etenaldia bizi ostean, Liga itzuli da Bidebietara eta geldiune horrek beti zalantzetarako beta ematen du. Baina Imanol Álvarez entrenatzaileari planteamentua ondo baino hobeto atera zaio. Hasieran 5-1eko defentsa ezarri du Pinedo aurrean jarrita Silvia Arderius joku zuzendariatik gertu. Madrildarrak baloiak galdu dituzte baina Bera Berak ez ditu aprobetxatu transizioan asmatu ez duelako. Joku geldian, baina, oso ondo aritu dira. Elorza, Pinedo eta Menéndez, gero Arizaga eta Arrojeriarekin madrildarren defentsa mugitu dute, barneraketak edo hegalekin gauzatzeko. Ziarsoloren hiru gol, Ezkurdiaren bi, Pinedo eta Menéndez bitartez lehenengo abantaila eman diote taldeari (11. Min , 7-4), halere, Helvetia Alcobendasek eutsi dio eta berdindu du partida Ausas eta Iglesias jokalarien bidez, Saray Prieto eta Arderius (min 19, 7-7) ordezkatu dutenak. Esther Arrojeriak bederatzi minutuko lehortearekin amaitu du eta Bera Berak zuzeneko martxa jarri du, azkenemo hamar minutuetan zortzi gol sartuz eta atepean Ana Tempranok sekulako geldiketak eginez. Zortzi gol horietatik, Pinedok bost sartu ditu -11 partida amaieran-. Atsedenaldia, 16-12. Bigarren zatian, Imanol Álvarezek Maitane Etxeberria sartu du. Ezkertik hegalekoak Euskadirekin Espainiako txapelketa jokatu zuen lehengo asteburuan eta gaur zazpi gol egin ditu, horietako asko, Ana Tempranoren pase luzea aprobetxatuz. Bera Berak 6-0 defentsa ezarri du. Nahiz eta Arderius gola sartzen eta asistentziak banatzen hasi, Helvetia Alcobendas urtzen joan da eta itxaropena galtzen. Aitzitik, Bera Bera gozatzen ari zen kontraerasoan nahiz joku geldian, Arizagaren hiru gol eta Pinedoren bost golekin, besteak beste. Hamar partidatan, hirutan besterik ez du 30 goleko marra gainditu. Ondorioz, garaipen izugarri handia, bigarren sailkatua –Alcobendas- bost puntura uzten duena, izan ere, hirugarren eta laugarrena sailkapenean, Rocasak eta Guardesek Porriñon eta Valentzian galdu baitute, donostiarren eguna borobilduz. Fitxa: Bera Bera 36, Helvetia Alcobendas 22 Bera Bera 36 (16+20): Temprano, Ezkurdia (3), Pinedo (11, 2p), Menéndez (1), Núñez (1), Elorza (2) eta Ziarsolo (6, 1p) –titular- Arizaga (3), Arrojeria (1), Ederra (1), Etxeberria (7) eta Ramón. Deialdian, María Akuña. Helvetia Alcobendas 22 (12+10): Zugarrondo, Francés (4), Alba García, Arderius (4), Paula García (2), Ferrer (2) eta Aramendia (3) –titular- S. Prieto, Ausas (3), Iglesias (4), R. Prieto, Azurmendi, Cardador eta Carrera (o.a.). Epaileak: Ignacio García eta Andreu Marín (Cataluña) Kanporatuak: Arizaga eta Menéndez, Bera Beratik. Partzialak: 4-2, 6-4, 7-6, 8-7, 11-10, 16-12 –atsedenaldian- 20-15, 23-17, 26-17, 30-21, 33-22 eta 36-22 Gertaerak: Bildutako dirutza Trintxerpeko kaltetuei bideratuko zaie eta epaileak Serbiako Mundialeko finala zuzendu zutenez, Tati Garmendiak opari bana eman die.

Babesle nagusia / Patrocinador oficial

Babesle instituzionalak / Patrocinadores institucionales

Babesle ofizialak / Patrocinadores oficiales

  •  

Babesleak / Patrocinadores

Laguntzaileak/Colaboradores