Partidak jokatzeko irrikitan daude jokalariak, duela bi aste baino gehiago hasi baitziren saio neketzekin, goizean prestaketa fisikori lehentasuna emanez eta arratsaldean, pistan.
Bera Bera berria ikusgai izango da Castro Urdialesen aurkako aurreneko lehian. Bizkar hezurra mantendu arren, Reyes Carrere entrenatzaileak jokatzeko era zedozer aldatu behar izango du.
Biharko partidak fitxaketa berriak ikusteko aukera emango digu, María Núñez eta Silvia Ederra piboteak, Nitsan Dunay laterala eta eskuin hegal ‘Doce’ Cardoso. Patricia Elorza laterala, Eli Pinedo bezala, abuztuaren 27an hasiko da taldean.
Bidebieta
Hurrengo bi lagunartekoak Bidebietan izango dira, abuztuaren 23 eta 25ean. Ostegunean, Frantziako Beglais taldea izango da aurkaria (arratsaldeko 6etan) eta larunbatean (arratsaldeko 5,30etan) ohorezko mailara igo den Zuazo Barakaldo taldea.
Egiako txapelketa
Horrez gain, Frantziako Mios Biganos taldearen aurka bi norgehiagoka jokatuko ditu Bera Berak. Mireya Gonzalez fitxatu duen taldea Egiako txapelketan izango da arerioa abuztuaren 30ean eta frantziarren Bera Bera hartuko du irailaren 5ean.
Argazkian: María Núñez, Doce Cardoso eta Nitsan Dunay
Erronkaz beteriko urtea burutuko duten jokalariei ongietorria eman die Tati Garmendiak, besteak beste, Champions Leaguen aurreneko aldiz jokatuko baitute donostiarrek.
Taldean falta ziren Eli Pinedo eta Patricia Elozar olinpikoak eta ostiralean etorriko den Silvia Ederra nafarra. Bestetik, hiru fitxaketa berriek taldekideak ezagutu dituzte: María Núñez, ‘Doce’ Cardoso eta Nitsan Dunay; aurredenboraldia beteko dute Olatz Ramón, Uxue Ezkurdia eta Nora Azurmendi jubenilek, iaz Bidebietako entrenaldietan izan zirenak eta senior mailako Esther Arrojeria usurbiltarrak ere bai.
Era berean, Martín Larrañaga izango da Reyes Carrereren laguntzailea eta bai Iker Fernández prestatzaile fisikoak bai Antonio Liberal masajistak taldean jarraitzen dute.
Reyes Carrere: “Irabaztea da gure asmoa”
Reyes Carrere entrenatzailea “Bera Bera berriaz” mintzatu da. “Iaztik hona, plantilla aldatu egin da, gaur egun kirolak eta eskubaloiak bizi duen egoera dela eta, ondorioz, gure jokua ere zedozer aldatuko dugu” adierazi du.
Helburuaz galdeturik, Reyes Carrerek argi du: “irabaztea”. “Eskubaloiaren inguruan zalantza ugari izan arren, gaur egun, gure asmoa pista guztietan lehiatzea da eta irabaztea” dio entrenatzaileak.
Denboraldi berri honen aurrean, Bera Berak Superkopa izango du berriro ere jokoan eta Champions Leaguen debuta egingo du irailaren 22an, Reyes Carrerek “ilusioz” dio “erronka hauei aurre egiteko baliabideak ditugu”.
Gaur arratsaldeko 6etan Venta Berrin beste saio bat burutuko du taldeak. Bihar, gaur bezala, goizean fisikoa eta arratsaldean pista, alegia; ostiral eta larunbatean fisikoa goizean bakarrik.
Lagunartekoak
Bera Berak bost partida jokatuko ditu:
Abuztuak 17, Itxakoren aurka Zumaian
Abuztuak 23, Frantziako Beglais taldearen aurka Bidebietan
Abuztuak 25, Bidebietan arerioa erabakitzeke
Abuztuak 30, Egiako txapelketan Frantziako Míos Biganosen aurrean
Irailak 5, Míosen