Bihar, otsailak 20, abiatu zen duela urtebete Bera Bera Galizara, hirugarren Kopa helburu. Egun, Ligako 17. Jardunaldiak Galizan izango du arreta nagusiena, XXXV. edizioko Kopak datak aldatu dituelako, telebistak horrela eskaturik, ondorioz, aste honetan burutu behar zena martxoaren 14tik 16ra bitartean Alcobendasen antolatuko da.
Izan ere, Bera Berak Porriñon jokatuko du Porriñon larunbatean 18etan eta ordubete beranduago Helvetia Alcobendasek, bigarren sailkatua, A Guardan Mecalia Atlético Guardesen aurka. Bestetik, BM Rocasa Ace Gran Canariak Kukullaga Etxebarri hartuko du 19,30etan (Euskadin).
Historian finkaturik dagoen pistara itzuliko da Bera Bera, hirugarren Kopa eskuratu zuen lekura, alegia. Eta sufritzen jakin izan zuen udal kiroldegi horretan. Kopako final-laurdenetan Zuazo luzapenean gainditu zuen; final-erdietan Elcheren aurkako partida irauli egin zuen bigarren zatian (8-12 atsedenaldian) eta gol bakar batez gainditu zuen Rocasa finalean (25-24).
Horrez gain, kasualitatez, duela urtebete Kopako final-laurdenetan ziren A Guardan, Mecalia Guardés eta Helvetia Alcobendas. Orduan galiziarrak nagusi izan ziren 26-22, final-erdietan Porriñon Rocasarekin topo egin zuten arte. Halere, Alcobendasek mendekua Ligan hartu zuen handik bi hilabetera (24-26) irabazita, galiziarren kalterako ia laugarren postua ziurtatuz.
Porriño eta Guardes taldeen igoeratik, Galizan beti puntuak lortu dituzte Bera Berak nahiz Alcobendasek. Azken bi urteetan, donostiarrek bi aldiz gainditu dute Porriño, beste bat Guardes non beste behin berdindu zuten; madrildarrak, aldiz, A Guardan lorturiko garaipena gehitu behar zaie Porriñon eman diren bi berdinketak. Halere, ez dute erraza izango, laugarrenak eta bostgarrenak dira egun sailkapenean eta Etxebarrin eta Castelldefelsen jasandako porrotak ahaztu nahi dituzte. Alicia Fernández jokalariarekin kezkaturik daude Porriñon, Catalunyan belaunean mina hartu baitzuen eta atzo egin zioten erresonantziaren emaitzen zain dira, denboraldia galdu baidezake.