Ispilla kiroldegiak hiru norgehiagokak hartuko ditu. Aiala Zarautz eta Kukullaga Etxebarri (16,30) taldeak irekiko dute Euskal Kopa eta horren ostean, donostiarrek Prosetecnisa Zuazo Barakaldo izango dute aurrean (18,30). Zarauztarrak izan ezik zilarrezko mailan daudena, gainontzekoak ohorrezko mailako taldeak dira.
Bera Bera atzo itzuli zen entrenaldietara eta prest diren jokalari guztiak elkartu zituen, horien artean Eli Pinedo eta Patricia Elorza. Internazionalak azaroaren 23an taldea utzi zuten Serbiako Mundiala prestatu eta jokatzeko.
Ondorioz, Euskal Kopa oso baliagarria izango da taldea berriro ere elkartzeko, Adriana Castroren bajari aurre egiteko eta Ligara ahalik eta ondoen itzultzeko behar den prestakuntzari heltzeko. Gipuzkoarrak líder dira partida guztiak irabazita.
Liga, Kopa eta Superkopa eskuratzeaz gain, Europako goreneko txapelketan, Champions Leaguen alegian, paper duina egiteak pisuzko argudioak izan ziren kazetari gehienentzako sari nagusiena Bera Berari emateko. SabadellGuipuzcoano presidente Javier Echeniquek eskeini zien garaikurra Fernando Diez Mintegi presidente eta Matxalen Ziarsolo kapitainari.
2013. urteko kirolari onena saria jasotzeko zerrendan ziren Errealeko futbol eta belar hockey taldeak, Gipuzkoa EHU saskibaloi taldea, Basozabal golf kluba, Hondarribia Arraun elkartea eta Ampo-Ordizia rugby taldea.
Sari nagusiaz gain, Kirol Elkarteak esker ona adierazi die Ander Vilariño pilotuari, Juanjo Aranburu tiratzaileari, Mirene Etxeberria arku-tiroko kirolariari, Leire Olaberria txirrindulariari, Naroa Agirre eta Asier Cuevas atletei, Snowoboardeko Lucas Egibari, Asier Illarramendi futbolariari, Julen Olaizola eta Mikel Motos saskibaloilariei, futboleko 21 urte azpiko Julen Lopetegi hautatzaileri, Miguel Ángel Pérez Lasa futboleko epaile-ohiari, Jaime Caballero igerilariari eta Ainhoa Olarra golfistari.
XXV edizioa izanik, Kirol Elkarteak elkartu zituen atzoko galan beste urtetan sari nagusia jaso zuten kirolariak, besteak beste, Bidasoa, Luis Arconada, Zamora, Txema Olazabal, Andrés Vilariño, Marino Lejarreta, Abraham Olano, Joseba Beloki, Richard Oribe, Leire Olaberria, Patxi Usobiaga eta Aritz Aranburu. Historia handiko argazkian kokatu da atzotik Bera Bera Eskubaloia.
Argazkian, saria jaso zuten kirolari guztiak.