Infantil, kadete, jubenil eta senior mailako jokalariak martxan dira 2014-15 denboraldiari ekiteko. Datorren astelehenean, irailak 15, ohi ordutegian, 18,30etatik 19,30etara Bidebieta kiroldegian kirola eta eskubaloira gerturatzeko eskola abian jarriko da 2003 eta 2006 urte bitartean jaiotako neska-mutilentzat.
Alde batetik, 2001 eta 2002 urte bitartean jaiotako gazteek infantil mailako taldeak osatuko dituzte, astean bi aldiz entrenatuko dutelarik, astearte eta ostegunetan 18etatik 19etara. Aurten nesken talde bat aterako du Bera Berak Garikoitz Garagarzak zuzenduko duena, Etxabururen bigarren entrenatzailea. Eta, aspaldiko partez, mutilena, Maria Graciaren ardurapean.
Kadete, jubenil eta senior mailetan emakumezkoen taldeak osatuko dira. Kadete mailako (1999 eta 2000 urtetan jaiotakoak) jokalarien entrenatzailea Maria Gracia izango da eta astelehenetan (17,30etatik 18,30etara), asteazkenetan (17etatik 18etara) eta ostiraletan (16,30etatik 17,30etara).
Azkenik, jubenil mailako jokalariak (1997 eta 1998 urtetan jaiotakoak), Verónica Valverdek zuzenduta, astearte eta ostegunetan 17etatik 18etara entrenatuko dira eta asteazkenetan, 18etatik 19etara, senior mailako taldea bezala.
Kirolari eta eskubaloiari gerturatzeko eskolaren jardunak, 8 eta 11 urte bitarteko gazteei zuzenduta, eta opor garaietan aurrera atera diren ekimenak fruituak eman dituzte, ondorioz, Bera Berak nahi zuena aurkitu du infantil mailan bi talde izango ditu, neskena alde batetik eta, aspaldiko partez, mutilena ere bai.
Horrela, hamar bat mutilek eskubaloizko saio bereziak izan dituzte aste honetan, María Gracia entrenatzailearen zuzendaritzapean. Asmoa da infantil mailan taldea ateratzea eta Bera Berak ateak irekita ditu 2001 edo 2002 urteetan jaiotako mutila hartzeko (deitu 943 458 166 edo idazti Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidera). Nesken taldeak nagusi izan arren, urte asko ostean, Bera Bera mutilen taldeak osatzeari baiezko erantzuna eman dio orain.
Gaur arratsaldean burututako entrenaldia ostean, Aitor Etxaburuk 2014-15 ligako debutean izango den zerrenda eman du. Bihar Bidebietan (19etan) KH7 BM Granollers taldea hartzeko, Bera Berako deialditik at gelditu dira Ana Martínez eta Esther Arrojeria. Elxetarrak belaun koskorreko kartilagoa minduta du eta usurbiltarrak ez du oraindik diagnostikorik lotuilu gurutzatua baztertu duten arren.
Ondorioz, lehenengo deialdian izango dira Uxue Ezkurdia –Superkopan ere jokatu zuen- eta Olatz Ramón pibotea, ohorezko mailako taldearekin aurredenboraldia burutu duen jokalaria. Horrela, Bidebietan debuta egingo dute Bera Berarekin partida ofizialean hiru fitxaketa: Maite Zugarrondo atezaina, Amaia Azanza eta Maialen Múgica. Alboko jokalarien ekarpena oso ona izan zen Guadalajarako Superkopan eta bihar ere protagonismoa izango dute lehenengo lerroko bajak kontutan harturik. Debuta egingo dute, era berean. Aitor Etxaburu, Garikoitz Garagarza bigarrena eta Nerea Uranga fisioterapeuta.
José Manuel Iniesta eta Miguel Martín Soria (Valentziarrak) zuzendaritzapean, Bera Berak donostiarren entrenatzaile ohi José Luis Villanuevaren KH7 BM Granollers igo berri den taldea hartuko du. Kataluniarrak gaur egin dute bidaia eta bihar goizean Bidebietan entrenaldi saioa egingo dute.
Partida atarian, Bera Berak laugarren Superkopa eskainiko dio zaletuari, Donostiatik kanpo eskuratu duen aurrenekoa.
Bera Bera Eskubaloiko Aitor Etxaburu komunikabideen aurrean agertu da gaur Ligako hasiera dela eta, bere taldeak larunbatean Bidebietan (19etan) igo berri den KH7 BM Granollers hartuko duelarik (José Manuel Iniesta eta Miguel Martín Soria, valentziarrak).
Etxaburuk arnasa hartu duela onartzen du “burutik Rocasa kendu dugulako, aurredenboraldi gogorra izan da mentalki”. “Ligan pentsatu ere ez dugu egin” halere Superkopan lortutako garaipena “garrantzitsua ez titulua delako baizik eta lasaitasuna ematen dizulako Ligara begira prestatu duzun horretan sinisteko”.
Ligako hasieraz galdeturik, Etxaburuk adierazi du “hasiera tranpa” dugula, izan ere, Bera Bera igo berri den talde bat izango du aurrean eta bigarren jardunaldian, ohorezko mailari azken unean eutsi dion Kordobak, alegia. “Faborito garela eta Ligako txapeldun gisa ardurapean aritu beharko digu igo berri den talde baten aurka” gogoratu du.
Bere ustez, aurten “guk geuk eta klubak jarritako itxaropenei aurre egin behar diogu eta gure inguruan sortu direnak baretu”.
Halere, Hondarribian bizi den entrenatzaileak ohartarazi du “Superkopan nabarian gelditu dena da hobetzeko aukera asko dugula eta horretan gaude, Superkopan erakutsi genuen baliabideak, horietako asko onak, Ligan ez dira nahikoak izango”.
Etxaburuk berretsi du Bera Berak “guztia izango ditu helburu, Europan ere ttukun aritzea, baina horrek ez dizu garaipenak bermatzen. Klubari gehien interesatzen dion titulua Liga da”.
KH7 BM Granollers taldeaz galdeturik, Etxaburuk dio “multzo sendoa osatzen dute, urteak daramatena elkarrekin, eskubaloira ondo jokatzen duena”. “Batez ere bere jokuari aurre egin behar diogu, lehiaketa honetan debuta egingo duenez motibaturik etorriko dena eta gure kontra galtzen ezer ez duena”.
Horregatik, bere iritziz “errespetu osoz eta umil partida berdintsua espero dut Granollersek baliabide ugari dituelako, defentsan sendo dago, oso ondo zuzenduta, kontraerasora azkar ateratzen dena, sistematikoa da eta oso ondo landuta. Berezko gauza bat du, kataluniar eta andaluziar eskoletako ezaugarri bat niretzako, kontinunitate handia du, barneraketak egiteko gaitasuna eta hegaletan golak egiteko erraztasuna”.
Hori dela eta, ohartarazi du taldea “Granollersen aurka ez dugu lan gehiago egingo, baina gutxieneko bat behar dugu”. “Konzentrazio eta motibazio maila ona izateko partida bati heltzeko aurretik norberak egin behar duen lanean dago eta ondoren taldearen menpe eta hori lehiaketan behin eta berriz agertzen da” adierazi du.
Bere taldeaz galdeturik azpimaratu du “espero baino beherago gaude”. Eta azalpenak ematen ditu. “Fisikoki taldea ondo dago, lan ona egin dute, guztiak atletak dira eta ondo jasan izan dute baina taktikoki, zenbakiak jartzearren bost bat ematen diot taldeari baina zazpira iritsi nahi nuen garai honetan”.
Bere ustez “hobetzeko asko dugu”, Superkoan “kalitatea eta pistan egoten jakiteagatik partida gure aldera eraman genuen. Hori ondo dago final bati begira baina ligan ez da nahikoa. Oraindik iritsi gaitezkeen mailatik urrun gaude” adierazi du.
Larunbatari begira gainera Esther Arrojeria eta Ana Martínez baja izango dira. Usurbildarrari asteazkenean erresonantzia egin zioten, bihar emaitzak jasoko dira eta Ana Martínez tendinitisa jota dago belaunean eta atsedena hartuko du.
Rocasa Ace Gran Canaria eta BM Porriño taldeek 2014-15 liga irekiko dute datorren ostiralean, hilak 12, Telden. Adituen esanetan aurten berdintasuna izango da nagusi, izan ere, badira taldeak asko indartu direnak eta beste batzu iazko zutabeak mantentzen dituztenak.
Harrigarria bada ere, iaz aurreneko bost taldeen artean partida ugari izango dira aurreneko jardunaldietan. Arestian aipaturikoaz gain, A Guardan Mecalia Atlético Guardés taldeak Helvetia Alcobendas hartuko du larunbatean 19 etan.
Ordu berean, Bidebietan, Bera Berak ikasturtea irekiko du aurreneko aldiz ohorezko mailara igo berri den KH7 BM Granollers taldea hartuz. 2002-03 eta 03-04 denboraldietan Bera Bera gidatu zuen José Luis Villanueva entrenatzaileak zuzentzen du aurten Granollers. Aitor Etxabururen jokalariek adi egon behar dute etxean izan ere hirugarren jardunaldian BM Porriño bisitari izango da Bidebietan eta 5. Jardunaldian, Helvetia Alcobendas. Madrildarrek eta galizarrek etxetik kanpo osatu behar duten ligako hasiera benetan zaila da, izan ere, Alcobendasek A Gaurda, Telde eta Donostiara egin behar dute bidaia eta Porriñok, Telde eta Donostia.
Talde indartsuak
Superkopan nabarian gelditu zen bezala, Rocasak zutabe nagusienak mantendu ditu eta jokalari gazteei minutuak eskaintzen dizkie, Carmen Toscanori esate baterako. Gehien indartu den taldea Mecalia Atlético Guardés da. Manu Etayoren taldeak Naiara Egozkue eta Nuria Benzal fitxatzeaz gain, Angolako jokalari internazionalak bereganatu ditu eta Inés Hernández, iaz Kordoban oso denboraldi ona burutu zuena. BM Porriñok Dapena ahizpak hartu ditu, Andrea eta Alba, Susi Sánchez atezaina eta Anabel Mateo jaurtitzailea. Aitzitik, Abel Estévezen taldeak Isa Bastero, Alicia Fernández (Aula Cultural) eta Maialen Múgica, orain Bera Beran, galtzen ditu.
Bestetik, Helvetia Alcobendasen baja dira Paula García (Míos), Olga Iglesias eta Maite Zugarrondo (Bera Bera) eta Castelldefelesen Judith Sans eta Valladolideko Aula Culturaleko Raquel de la Cruz fitxatu ditu. Zoritxarrez Nora Azurmendi donostiarrak lesio larri izan du aurredenboraldian, lotailuak apurtuz.
Aula Cultural de Valladolid eta Canyamelar Valencia taldeek ez dute aldaketa handirik plantilletan; bai, ordea Elche Mustang taldeak. José Ignacio Prades entrenatzaileak Nitsan Dunay (Bera Bera ohia) eta Mar Alicante ohi Marizza Faria, Lene Tobiasen eta Anna Vicente fitxatu ditu.
Antzekoa Bizkaian gertatu da, izan ere, Kukulluga Etxebarritik hartu ditu Nerea Elizegi, Maialen Agirregomezkorta, Ainhoa Azaola eta Leire García. Eta Adesal Córdoba taldeak ohorezko mailan lekua berreskuratu aurretik, Clínicas Rincón Málagak Bea Puertas, Jennifer Gutiérrez eta Paula Valdivia jokalariekin egin zen, igoera lortu zuen taldea mantantzeaz gain, BM Granollers bezala, hain zuzen.