Ohorezko mailako taldeak etenaldia badu ere, harrobiko taldeek egutegiarekin jarraituko dute. Horrela, euskal ligan Bidebieta kiroldegiak bihar larunbata kadete zein jubenil mailako taldeen partidak hartuko dituzte Ermuako Errotabarriren aurka. Aurreneko partidan kadeteak arituko dira (15.45etan) eta bigarrenean, jubenilak (17,45etan).
Bestetik, senior mailan María Graciaren taldeak Zarautza egingo du bidaia Aialaren aurka 17,30etan jokatzeko.
Infantil maila, mutilek bihar Irungo Irantzu pilotalekuan jokatuko dute 10etan Bidasoa Irun B taldearen aurka eta neskak, aldiz, igandean Zarauzko Antonianosen 11,15etan Aiala D taldearen aurka.
Eta lurralde mailako kadete taldeak Eibarren arituko da bihar larunbata 10etan Universidad Laboral izeneko pistan Eibar Eskubaloiaren aurrean.
Juan Antonio Garaikoetxearen argazkian, kadete mailako atezain Uxue Larzabal.
Salerno, azaroak 23 igandea, 19,30ak aldera Bera Bera eta Jomi Salerno taldeek jokaturiko partida amaitu berri da, donostiarrek EHFko final-zortzirenen izateko txartela berretsiz. Gutxi gorabehera 24 ordu pasa ostean, Ana Temprano, Eli Pinedo, Patricia Elorza eta María Núñez Fuengirolan dira Espainiako selekzioarekin batera. Horretarako garaiz jaiki, Salernotik Napoliko aeroporturaino autobusez bidaia egin eta Madrilen AVEz Málagaraino.
Espainiako selekzioak txapelketa bat jokatuko du bihartik aurrera igandera bitartean Fuengirolan eta Brasil, Polonia eta Túnez izango ditu aurkari. Partida horien ostean Dueñasek Hungarian eta Kroaziko Eurokpan (abenduaren 7tik 21era) izango den zerrenda definitiboa emango du. 18 jokalari ditu orain, ondorioz, horietatik bi etxean geldituko dira. Fuengirolan Espainiak Poloniaren aurka jokatuko du bihar 20etan, Eurokopan abenduaren 7an debuta egingo duen taldearen aurrean, hain zuzen. Larunbatean (18etan) Tunez izango da aurkaria eta igandean (21etan) Brasil, egun Munduko txapelduna.
Zoritxarrez konzentrazioan Bea Fernandezen aita zendu zela izan zen albistea. Bera Bera Eskubaloiak doluminak eta besarkada bat bidali nahi die Bea eta bere familari.
Bitartean, gainontzeko taldekideek atsedena hartuko dute datorren astelehen arte eta datorren astean selekzioekin arituko dira gehienak.
Maitane Etxeberria
Alde batetik, Maitane Etxeberriak junior mailako selekzioarekin konzentrazioa izango du azaroaren 30etik abenduaren 7ra arte. Sagrario Santanak zuzentzen duen selekzioa Errumaniara abiatuko da lau nazio izeneko txapelketan parte hartzera, Errumania bera, Danimarka eta Hungaria maila handiko selekzioekin, alegia.
Euskal selekzioa
Euskal Selekzioko hautatzaile Imanol Álvarezek Bera Bera Eskubaloiko zazpi jokalari deitu ditu. Matxalen Ziarsolo, Alba Menéndez, Silvia Ederra, Esther Arrojeria, Amaia Azanza, Maialen Múgica eta Maite Zugarrondo aukeratu ditu Bera Berako entrenatzaile ohiak Kubaren aurka bi lagunarteko jokatzeko, abenduaren 6an Basaurin eta 8an Irunen.
“Nekatuta baina oso pozik izan dugun errendimenduarekin” onartu du, izan ere, Bera Berak aise gainditu du EHFko kanporaketa Italiako txapeldun Jomi Salernoren aurka, bi partidak Donostiatik at jokatu arren. Bera Berako entrenatzaile Aitor Etxaburuk dio “gozatzeko uneak bizi izan ditugu”.
Gipuzkoarrak etxetik kanpo sei egunetan izan dira Málagan ligako partida irabazi zuten (17-36) eta arestian aipaturiko EHFko kanporaketa Italiako hegoaldean (57-39).
Arlo teknikoa osatzen dutenentzat aurreneko bidaia zen Europara. “Esperientzia positiboa izan da, bidaiak gogorrak dira baina elkarrekin bizitzeko ez dugu aukerarik, taldea elkartzen den unea da eta garaipenak edo porrotak hobeto hartzen dira” azaldu du Etxaburuk.
Hiru garaipen eskuratu arren, Etxaburu gustora dago “emaitzaz gain, garrantzitsuena da jokalari guztiak partehartu dutela eta elkarbizitza”. “Jokalari guztiak dira garrantzitsuak, hasieran minutuak banatu genituen baina une batean errotazioak gelditu nituen. Zorionez –jarraitzen du entrenatzaileak- hiru partida hauetan minutuak banatzeko aukera izan ditugu, ez opari gisa, partidari erritmo altua ezarri nahi diogulako, errotazioak behar dira eta horrelako erabakiak hartzeko gai garelako”.
EHFko kanporaketaren inguruan, Etxaburuk onartu du “hain ondo irtetea ez nuen espero, arazo gehiago aurreikusi genuen”. Bere ustez, “aurreneko partidan egon da gakoa, hasierako minutuak zoragarriak izan ziren eta partida eroso izan zen aurkaria bere etxean lur jota utzi genuelako”. “Hori eskarmentua da, gure jokalariek dutena, bigarren partida Jomi Salernok joanekoan baino talde hobea zela frogatu zuelako” gaineratu du.
Asteartean burutuko den final-zortzirenetako zozketari begira, Etxaburuk jakin badaki “aurkari handiak izango ditugu aurrez aure eta ezin dugunez aukeratu gutxienez bidai erosoa nahi dugu, ligako partida Granollersen dugu eta Bartzelonatik bidai egitea ez da plan txarra”.
EHF Cupeko final-zortzirenetako txartela eroso lortu ostean, Italiako txapeldun Jomi Salerno 57-39 gaindituta, Bera Bera Eskubaloiak asteartean ezagutuko du hurrengo aurkaria, izan ere, zozketa Vienan 11etan izango delako.
Halere, Hungarian eta Kroazian abenduan ospatuko den Eurokopa dela eta, hurrengo kanporaketako joaneko partida 2015eko otsailaren 7 edo 8an burutuko da eta 14 edo 15ean itzulera.
Zozketan 16 talde izango dira, azkenekoetan, uztailakoan zerrenda buruak izan zirenak, hain zuzen. Orokorrean taldea hauek aise gainditu dute kanporaketa, baten batek amaieraino sufritu badu ere, horien artean, Parisko Issy taldeak 48-46 irabazi zion Turkiako Ankara Yenimahalleri eta Suediako H65 Höör taldeak hiru golez gainditu du Ukrainiako Karpaty taldea. Lanean gogor aritu ziren Rocasa Lugiren aurrean (53-47), Bayer Leverkusen taldeak Poloniako Metraco Lublinen aurka (58-52) eta Errusiako Rostov taldeak DHK Banik txekiarra gainditzeko (48-41).
Aitzitik, kanporaketa erosoena Danimarkako Team Tvis Holstrebrok izan duena Dudelange taldearen aurka (95-37). Luxemburgoko taldea, Spono suizarra eta Bera Berak izan duen Jomi Salerno taldeak, hauek 39 golekin, izan dira gol gutxien egin dutenek.
Final-zortzirenak
Vienan burutuko da final-zortzirenak osatzeko zozketa asteartean. Azkeneko kanporaketa izango da EHFk zerrendaburuak ezartzen dituena. EHFk egindako rankinaren arabera Bera Bera bostgarren lekuan dago Errusiako bi taldeen atzetik –Lada egungo EHFko txapelduna eta Rostov-, Danimarkako Team Esbjerg eta Errumaniako ASC Corona 2010 Brasov. Gipuzkoarren atzetik dira Issy Paris, Hungariako Erd HC eta Alemaniako Buxtehuder. Zortzi talde hauek multzo batean kokatuko dira.
Eta bestean aurkari gogorrak. Ligako liderra den Rocasa esate baterako. Horrez gain izango dira Errusiako Astrakhanochka (egun laugarrena bere ligan); Danimarkako Team Tvis Holstebro (hirugarrena), Errumaniako HC Dunarea Braila (seigarrena), Alemaniako Bayer Leverkusen (seigarrena) edo Suediako H65 Höör (bigarrena). Akaso, besteek baino maila ahulago izango dute Hungariako Dunaujvorosi (bostgarrena) edo Turkiako Muratpasa BSK (hirugarrena).
Kanporaketa pasatu ostean Aitor Etxaburuk eginiko adierazpenetan “aurkarien zailtasuna” onartu du eta “ahal balitz Bartzelonatik irtetako bidai erosoa”. Izan ere, otsailean EHFko joanekoa joka aurretik, Bera Berak ligako partida aurreratu beharko du Granollersen aurka eta horren ostean Bidebietan Adesal Córdoba hartu eta itzulera jokatu. EHFa amaiturik, urtarrilaren 10ean jokatu beharreko Kopako kanporaketa gaindituz gero (oraindik ez da multzoa osatu) jarraian ekin beharko dio final-zortzirenei –otsailaren 20tik 22ra bitartea- iaz bezala, hiru egunetan.
Bera Bera Eskubaloiko harrobiko taldeen asteburuko emaitzetatik azpimarragarrienak izan dira Etxebarrin kadete taldeak lortu duen garaipena eta seniorrena, Egian. Aurrenekoek Kukullagaren aurka irabazi zuten 14-28 eta seniorrek 8-24 Egia Arrano Elkarteari. Bestetik, jubenil taldeak 29-23 galdu zuen Autobuses Juantxo Kukullaga taldearen aurrean.
Era berean, infantil mailan, mutilek 18-23 galdu zuten Amenabar C taldearen aurka eta neskek 5-26 Aiala C ZKEren aurrean.
Eta lurralde mailako kadete taldeak 13-34 galdu zuen Usurbil Aren aurka.
Juan Antonio Garaikoetxearen argazkian, Leire Sorondo infantil mailako jokalaria.