Castelldefelsen lorturiko hamar golei esker, Bera Berako kapitaina emakumeen eskubaloi ligako 22. Jardunaldiko golegile nagusiena izan da. Hirugarren aldia da denboraldi honetan Matxalen Ziarsolok horrelako markari heldu diola. Aurrena iragarpena gisa izan zen, Jorge Dueñas lekuko, Etxebarrin Kukullagaren aurka. Hautatzaileak bigarrena ere ikusi zuen, Kopako finalean, Rocasaren aurrean Porriñon.
Garako kazetari Juan Carlos Elorzak bildutako datuen arabera, orain arte Matxalen Ziarsolok birritan heldu zen hamar goletara partida batean, 2005-06 denboraldian Lizarrerian Itxakoren aurka eta hurrengo urtean Tenerifeko Quintercon Perdoma taldearen aurrean. Partida guztiak, Bidebietatik at.
Marka hauek kapitainaren kalitatea eta egungo sasoi fisikoaren ispilu dira. Taldeko golegile nagusiena da Ligan, 116 golekin, Eli Pinedok 105 sartu ditu eta Patri Elorzak, 79. Halere, lehiaketa guztiak hartuta Pinedo da 173 golekin –Matxalenek baino bederatzi gol gehiago- taldeko golegile nagusiena.
1.065 gol
Bera Berarekin mila goletara iritsi zen Matxalen Etxebarrin. Lehiaketa guztiak bilduta: liga, kopa, Superkopa eta Europakoak 1.065 gol daramazki: 825 ligan, 146 Europan, 80 Kopan eta 14 Superkopan, hain zuzen. Zenbaki hauek Bera Berako golegile nagusi ondoan kokatzen dute Matxalen, hau da, Tati Garmendia eta Esme López jokalari historikoen ondoan.
Liga amaitzeko lau partida gelditu arren, Matxalenek bere marka guztiak gainditu ditu 116 golekin. 103 gol sartu zituen 2006-07 denboraldian; 105, 2006-07an; 92, 2006-07an eta 91 2008-09an.
Matxalen aurtengo 34 partidatan egon da, A Guardan baino norgehiagoka guztietan nabaritu da bere ekarpena, Galizan aurreneko minutuetan mina hartu baitzuen.
Bataz beste, partidako 5,27 gol egin ditu ligan. Gabonak ostean, urtarrilean, Reyes Carrere eta Martin Larrañagak Eli Pinedo aurreneko lerroan kokatzen hasi ziren ezker albokoaren ardura guztia kapitainari emanez.
Zenbakiek entrenatzaileei arrazoia eman die. Ligako aurreneko hamar partidatan Matxalenek 35 gol sartu zituen eta Eli Pinedo, 62; hau da, bien artean 97. Zuazo Barakaldoren aurkako partidatik hona –ia itzuli osoa- kapitainak 81 sartu ditu eta olinpikoak, 41 –Elik lau partida galdu ditu-, bien artean 122, alegia.
Egia Bera Bera senior taldeak ligan ibilbidea irabazten amaitu zuen Gasteizen IES Construccion 23-30 gaindituz. Beste garaipena Bidebietan eman zen larunbatean, Gipuzkoako txapelketan Bera Bera Egia Infantil Bi taldeak 20-11 irabazi zion Aloña Mendi D taldeari.
Kadete eta infantil Bat taldeek jaso zituzten porrotak. Bera Bera Egia kadete 2 taldeak 13-17 galdu zuen Urnieta Mecanizados Kamox taldearen aurka eta Errenteria Bera Bera Egia infantil Batek 21-16, Ereintza Aguaplasten aurrean.
Datorren asteburuan, Euskal ligan aritu diren kadete nahiz jubenilek Kopari ekingo diete.
Bera Berak derrigorrezko garaipen bat eskuratu du ohorezko mailan aritzen den 700. partidan, Esportiu Castelldefels 22-29 gaindituz Can Vinader kiroldegian buruturiko norgehiagokan.
Donostiarrek ez zioten lehenengo zatia aurkariari oparitu. 6-0 defentsan, Pinedo, Elorza, Núñez eta Ederra erdian, Reyes Carrerek Arizaga, Pinedo eta Elorza jarri zituen erasoan. Handik gutxira Dunayk andoaindarra ordezkatu zuen eta Alba Menéndezen lizarrakoa defentsan.
Bera Berak erasoa landu zuen. Pinedo, Ederra, Elorza eta Ziarsolok birritan - jokaldian eta kontraerasoan- asmatu zuten 2-5 aurrea hartuz 8. minutuan. Halere, Castelldefelsek berdintzea lortu zuen Gilen bi kontraerasoei esker.
Donostiarrek erasoa luzatu zuten eta defentsan arazoak zituzten Gómez pibote eusten. Golak eman dira ate batean zein bestean baina 6-0 defentsak etekinak eman dizkio Bera Berari. Castrok lapurturiko baloi batek Menéndezek aprobetxatu du kontraerasoan 9-10 jarriz (17. Min). Hortik aurrera Bera Bera ez du berdinketarik jasan Matxalen Ziarsolok penaltiz asmatu duelako. Halere, zutoinek aldea zabaltzea galerazi diete donostiarrei (11-14, atsedenaldian).
Bigarren zati hasiera erabakiorra izan da. Bi penaltiei esker Castelldefels gerturatu da 13-15 baina Pinedo, Ziarsolo, Elorza eta Dunay jokalariei esker, Bera Berak 0-4 partziala gauzatu du (13-19, 36. min). Bera Berak partida ondo kudeatu du tartea eta aurkariarekiko aldea handitu du Ziarsolok zazpi metroetan asmatzen jarraitu duelako, kontraerasoetan ere bai, eta Pinedo gehitu zaio (16-24, 48. min).
Azken minutuetan defentsak lasaitu egin dira eta golak trukatu dituzte batzuk eta besteek.
Valentzian jasotako porrota ostean, Bera Berak sendotasun itxura eman du Castelldefelsen. Elche Mustang eta Rocasak lortu dituzten garaipenek ez dute lasaitasunerako paradarik uzten baina taldeak helburuan sinisten du. Lau final gelditzen dira, hurrengoa larunbatean, apirilak 20, Bera Berak Bidebietan (19etan) Cleba Leon hartuko duelarik.
Fitxa: Castelldefels 22, Bera Bera 29
E. Castelldefels 22 (11+11): Lladro, Gil (5), Manaut (1), Pérez, Boada (3), Gómez (6, 5p) eta Moreno –titularra- Sans (2), Cadens, Alfaro (2), Noelia, Royo (1), Espinola (2) eta Bolstad (p.s.)
Bera Bera 29 (14+15): Zoqbi, Castro (1), Elorza (2), Núñez (2), Ederra (3), Pinedo (7) eta Ziarsolo (10, 4p) –titularra- Arizaga, Dunay (3), Menéndez (1) eta Altuna.
Epaileak: Agatha Gracia –katalana- eta Vanesa Pérez –galiziarra-
Kanporaketak: Sans Castelldefelsetik eta Pinedo (2), Elorza, Altuna eta Castro Bera Beratik
Partzialak: 2-2, 4-5, 8-8, 10-11, 10-13, 11-14 –atsedenaldia- 13-18, 14-20, 16-23, 16-24 eta 22-29.
Asteburu honetan Bera Berari lotuta dauden taldeak, plazara. Bihar Errenteriako udal kiroldegian Bera Bera Egia Infantil Bat taldea Ereintza Aguaplasten aurka arituko da 12,30etatik aurrera. Bestetik, Bera Bera Egia Infantil Bi taldeak Yoldi kiroldegian Aloña Mendi hartuko du igandean 12etan.
Foru Aldundia txapelketan, Bera Bera Egia kadete taldeak Bidebietan Urnieta Mecanizados Kamox taldearen aurka jokatuko du bihar 16etan
Eta Egia Bera Bera senior taldea, Gasteizen arituko da igandean, Lakua kiroldegian 12,30etan, Ies Construcción taldearen aurka.
1990. urtean ohorezko mailan debuta egin zuenetik, talde donostiarrak maila honetan 23 denboraldi jarraian egin ditu, edo gauza bera, Garako kazetari Juan Carlos Elorzak bildutako datuen arabera 700. partidari ekingo dio bihar Castelldefelsen (19,30etan, Agatha Gracia –kataluniarra- eta Vanesa Pérez –galizarra-).
Aurreneko denboraldian ez bezala data testuinguru ezberdin batean iritsi da, izan ere, Bera Berak gutxitan izan du liga jokoan eta garai hauetan líder, inoiz ez. Horregatik biharko norgehiagokan Bera Berak bi puntuak behar ditu lidergoari eusteko beste jardunaldi batez, urtarrilaren 12an Rocasari irabazi eta Alcobendasen Elcheren porrota lagun lortu zuena.
Izan ere, elxetarrak eta kanariarrak dira aurkari zuzenak oraindik ere. Lehengo astean Helvetia Alcobendas eta Mecalia Guardés taldeek agur esan zioten ligari, azkeneko bost jardunaldietan erabakiko dena. Rocasak Itxako hartuko du, Elchek Mar Alicante, hau da, sailkapeneko gorenekoak puntu premia dituzten taldeen aurka lehiatuko dira gelditzen den jaisteko postu bakarra saihesteko -Castro Urdialesek matematikoki maila galdu du dagoeneko-.
Lehengo larunbatean bezala Eider Rubio baja izango da sorbaldan, arazo horiek ezin gaindituz dabil donostiarra. Aurrean, Esportiu Castelldefels. Reyes Carrerek lehengon esan zuen “ez zuela merezi mailari eusteko borrokan egotea”. Bidebietan bere jokalari gazteak joku alaia egin zuten, puntuak behar dituzte, Bera Beraz gain Guardes eta Elche hartuko dituzte Can Vinader kiroldegian eta datorren larunbatean partida erabakiorra dute Etxebarrin Kukullagaren aurka.