Euskal eskubaloi federazioak eta Atl. Basauri BM klubak antolaturik, Artunduaga kiroldegiak lau selekzioak hartuko ditu larunbatean eta igandean. Catalunya eta Valentziak lehenengo finalerdia jokatuko dute larunbatean 16,15etan eta, ondoren, 18etan Euskadi eta Galizaren txanda izango da. Galtzaileek igandean, goizeko 10,30etan jokatuko dute eta irabazleek finalean elkar ikusiko dute 12etatik aurrera.
Euskal hautatzaile Imanol Álvarezek 16 jokalari deitu ditu, horien artean Patricia Elorza, Alba Menéndez, Nagore Arizaga, Maitane Etxeberria eta Esther Arrojeria direlarik. Leonen jokatu ostean lehenengo zerrendan zegoen Matxalen Ziarsolok joateari uko egin zion nekea zela eta. Horrez gain, zerrendan dira Kullagako Leire García, Nerea Elizegi eta Jessica Nogales; Zuazo Barakaldoko Tania Yáñez, Yanire Etxabe, Ainhoa Hernández eta Maddi Aalla atezaina; Porriñoko Maialen Mujika, Elche Mustang taldeko Izaskun Mujika, Muskizeko Silvia Rodríguez eta Urdulizeko Andrea Egozkue.