Bera Berak datozen bi asteetan bost partida izango ditu aurrez aurre, EHFko kanporaketari heldu behar dio eta. Biharko partidaz gain, asteartean Granollersen arituko da (20,30etan), igandean 12,15etan Turkiako Muratpasa Belediye EHFko joanekoan, otsailaren 11n Bidebietan Adesal Córdoba hartuko du (20etan) eta Antalyara egingo du bidaia non otsailaren 14ean itzulera jokatuko du.
Carobels Cleba León taldeak azkeneko bi partidak berdindu ditu, 33-33 Zuazo Barakaldorekin eta 24-24 Canyamelar Valenciarekin, ondorioz, bi puntuko tartea ditu Adesal Córdobarekin eta hirukoa Castelldefelsekin, egung jaitsiera postuetan direnak. Clínicas Rincón Málaga eta KH7 Granollers taldeekin batera, Carobels Cleba Leonek sailkapenean sei puntu ditu.
Bestetik, Bera Bera bolada onari jarraipena eman nahi dio hiru baja izan arren: Eli Pinedo –oinean faszitis delakoarekin-, Maitane Etxeberria –aduktorean zuntz haustura- eta Maialen Múgica –belaunean bihurritua- eta Amaia Azanzaren Akilesen tendoian arazoak dituela. Horrela, Aitor Etxaburu ia hegaleko jokalaririk gabe gelditzen da.
Jaso dituen datuen arabera, Matxalen Ziarsolo 996 golekin sartu zen Lasesarrera. Kazetariak kapitainari sei gol apuntatu zizkioen –aktaren arabera, zazpi baina askotan izaten dira horrelako gorabeherak- hortaz badira 1.002 gol, Esme López jokalari ohiak ligan ezarri zuen markatik oso gertu (1.014) baina oso urruti du Tati Garmendiarena (1.709).
Guztira, Ziarsolok 1.306 gol daramazki lau lehiaketa kontutan hartuta: Liga, Kopa, Superkopa eta Europakoak, Bera Berako bigarren golegile nagusia delarik, Esme Lópezek baino 37 gol. Tati Garmendiak 2.157 sartu zituen.
16.000. gola
Larunbat honetan (19etan) Bera Berak Leongo Carobels Cleba taldea hartuko du Bidebietan. Donostiarrek 23 sartzen badituzte ligan 16.000 gola suposatuko luke. 2013ko urrian Maitane Etxeberriak taldeko 23. gola sartu zuen Bidebietan Porriñoren aurka, 15.000. egiten zuela eta beste 23 gol batekin Eli Pinedok 14.000. egin zuen, Bidebietan ere bai, Alcobendasen aurka, 2012ko apirilean.