Idatzi honen bidez AKABA BERA BERAren Liga txapelketako urrengo partiduaren berri eman nahi dizuet. Larunbat honetan izango da, martxoak 24, Quintercon Perdoma talde kanariarraren aurka, arratsaldeko 19,00etatik aurrera (20,00rak etxeko ordutegian) eta Celestino Hernandez Luis kiroldegian. Neurketa honetarako, Tati Garmendia entrenatzaileak azken partiduetan zelairatutako jokalariak izango ditu prest, eta gipuzkuarrak, lehengo asteburuan sufritutako galtzea atzean utzi eta garaipena lortzeko asmo nagusiarekin doaz. Jakin badakigu talde kanariarra Liga txapelketako sailkapen nagusian azken postua okupatzen duela egun, soilik bi puntu lortu dituelarik orainarte, baina eta guztiz ere, AKABA taldeak argi dauka pistan eman beharrekoa, Europako lehiaketarako txartel bat lortu nahi badu aurten ere bai. Neurketa honetako epaile, León Torrecilla eta Muñoz Escobar arbitro andaluziarrak izango ditugu.
Galdu egin du gaurkoan Akaba Bera Berak, beti zaila gertatzen den Astroc Sagunto (hirugarren postua defendatzen du egun Liga txapelketako salkapen nagusian) taldearen aurka Bidebietan. Gipuzkuarrak erabat sutsu eta buru-belarri jokoan sartuak ibili dira neurketaren lehen segundutik, baina ezer gutxi egin ahal izan dute Akabak baino askoz jokalari gehiago lansari duen talde balentziarraren aurrean; Saguntoko entrenatzaileak partidu osoan zehar aulkia mugitzeko aukera izan du honela, jokua minutuero berrindartuz, eta gainera, 40garren minututik aurrera, arbitroak Garmendia lehenengo eta jarraian Tervel kanpora bidali ditu, gipuzkuarren jokoa erabat zapuztuz. Hala ere, Tati Garmendiaren jokalariak bikain ibili dira defentsa lanetan, baloiak lapurtuz eta erasoan gora azkar igoz. Galdu egin du Akabak beraz, baina aurkari indartsu baten aurrean, eta kontrako emaitza honek ez du inola ere ez, gipuzkuarren gogoa murrizten, bere lan sesioak, Ligako lehiaketan postuak igo eta Europako txapelketan txartel bat lortzeko zuzenduak jarraitzeko.
Akaba Bera Bera taldearen Liga txapelketako urrengo patiduaren berri eman nahi dizuet, ohi dugun bezala. Larunbat honetan, martxoak 17, Bidebietako kiroldegian eta arratsaldeko zazpiretatik aurrera jokatuko da, neurketan, eta aurkari bezala, beti zaila gertatzen den Astroc Sagunto taldea izango dutelarik gipuzkuarrak. Dena dela, Akaba taldeko jokalariak, eta gogoan oraindik lehengo larunbatean Leon BMren aurka lortutako garaipen garrantzitsua argi izanik, indar biziz zelairatzeko asmoa dute nonbait, eta markagailua etxekoen alde erakartzeko lanetan txukun aritzeko prest dira jada.Tati Garmendia entrenatzaileak Ligako azken partiduko talde berdina izango du gertu norgehiagoka konplikatu hau burutzeko, neurketaren epaile, Leongo MARTIN FRANCO eta kantabriar MONROY RODRIGUEZ arbitroak izango dituztelarik. Talde gipuzkuarra, garaipen berri bat eskeini nahiko lioke larunbat arratsaldean zalegoari, beren leialtasunaren sari moduz, izan ere, Akabaren jarraitzaileen beroa eskertzekoa bait da, are gehiago, LIga txapelketa aurrera doan ehinean.
Garrantzi handiko garaipena lortu du gaurkoan AKABA taldeak Leondarren aurka, erritmo handi eta zailtasun ugari erakutsi duen partidu azkar batean. Jokuan oso parekatuak, markagailua ere hala izan da neurketa osoan zehar, partiduaren azken segundotan, Akaba Bera Beraren entrenatzaile eta jokalari den Tati Garmendiak penalty bat gola bihurtu eta garaipena etxeko taldearentzat ekartzea lortu duen arte. Emaitza honek, AKABA taldea Ligako sailkapen nagusiko goi postuetan mantentzen du eta europako txartelaren borrokaren barne. Talde biek defentsa sistema bikaina erakutsi dute (6:0, nahiz Garmendiak azken minutuetan 5:1eko sistema mixtoa zelairatu, taldea aurreratuz eta honela, Fachinello jaurtitzailearen indarra txikituz). Partidu honen garrantziaren jakitun, gipuzkoarrak partiduan sartu dira lehenengo minututik azkenerarte eta nahiz eta markagailua kontra izan ia bukaera arte, lan eta joku txukunaren fruitu, garaipena ekarri dute etxera. Taldea gaur gauean bertan itzultzen da Donostiara autobusez, gogoa eta aste hontako lana, larunbateko partiduan dutelarik jada, beti zaila den Astroc Saguntoaren kontrako neurketan elkar ikusiko direlarik Bidebietan.
AKABA BERA BERAREN Liga txapelketako urrengo partiduaren berri eman nahi dizuet. Larunbat honetan, martxoak 10, izango da LEON BM (CLEBA) taldearen aurka, arratsaldeko 18,00etatik aurrera eta Leongo San Esteban udal kiroldegian. Neurketaren epaile, Karrera Zaldua arbitro euskalduna eta Fernández Fernández asturiarra izango ditugu. Partidu hau, zaila izango da nonbait, gipuzkuarrak garaipena behar bait dute egun Ligako sailkapen nagusian okupatzen duten bostgarren lekua matendu nahi badute, eta Leongo taldeak erdiberdin, Europan leku bat lortzea helburu nagusi bait dute. Dena dela, AKABAko taldea baikorra da, are gehiago, atzera begira ezkero, Ligako lehen itzulian eta talde honen aurka Bidebietan lortutako garaipena (28-23) gogoan oso argi dutelako. Neurketa honetarako, Tati Garmendia entrenatzaileak jokalari gehienak izango ditu prest, Esther Larreategi eta Libe Altuna salbu, beren derrigorrezko errehabilitazio sesioei aurre egin behar bait diete, belauneko lesioak gainditzeko lanetan jator eta gogor ari direlarik