SUPER AMARA Bera Berak Málagara bidaiatu du gaur goizean Guerreras Iberdrola Ligako A multzoko lidergoa sendotze aldera, Rincón Fertilidad taldearen aurka, bihar Alhaurín de la Torreko El Limón kiroldegian ospatuko den hamaikagarren jardunaldian (Jesús Álvarez eta José Carlos Friera, asturiarrak) eta ETB4k (18etan) zuzenean eskainiko duena.
Imanol Álvarezek 14 jokalari ditu prest, hau da, Cicar Lanzarote Ciudad de Arrecife taldearen aurkako deialdi berdina, SUPER AMARA Bera Beraren azken partida ofiziala urtarrilaren 30ean izan zen, ia bost hilabete ostean Eli Cesáreoren beragerpena izan zelarik.
Donostiarrak eta Malagakoek jokaturiko azken norgehiagokak kontutan hartuta, partida interesgarria eta erakargarria da oso. Teorian bi taldeak Ligako A multzoko faborito nagusienak dira, gipuzkoarrek abantaila garrantzitsu bat izan arren gaur egun, Guardésen aurkako bi partiden jabe egin baitira donostiarrak, Rincón Fertilidadek jokatu ez dituenak. Galizarrek puntu bakar batera dute Málaga.
Joaneko berdinketak (21-21) eta gol bateko aldea izan zuen Superkopak partidan parekotasuna hizpide nagusiena izango dela agerian uzten dute. SUPER AMARA Bera Beran oroitzapen latza utzi zuen Kopa 2020 ospatu zen pistak, horregatik Imanol Álvarezek norgehiagoka “erronka” moduan definitu zuen.
Historia gipuzkoarren alde dago, Málagan ligan jokaturiko sei partidak irabazi dituelako. 1999ko azaroan aurrenekoa Famadesa Málaga taldearen aurka eta 2014n hasitako ibilbide berri honetatik bostak. SUPER AMARA Bera Berak gol bakar batez irabazi zuen (27-28) azken partida 2018ko irailean eta iaz liga lehanago bertan behera gelditu zen. Apostu etxeek, aldiz, etxekoak hartu dituzte faborito.