super amara Bera Berako entrenatzaile Imanol Alvarezek argi utzi du: “aurtengo helburuetako bat multzoen fasean sartzea da, ez dago aitzakiarik. Mundu guztia dago hemen horrelako partidak bizitzeko, zer den dakitenek ligaxka horretara itzuli nahi dutelako eta lehen aldiz Europan jokatuko dutenak ere bai”. Donostiarrek Lisboara bidaiatuko dute bihar arratsaldean, European Leagueko Qr2ko joanekoan Sport e Lisboa Benficaren aurka lehiatzeko, igandean 16etan (Donostiako orduan) Luz izeneko pistan. ETBk zuzenean eskainiko du partida.
Entrenatu aurretik, ohi bezala partida prestatzeko bideoa ikusi du taldeak. Oraingoan ohi baino gehiago luzatu da asteazkeneko partidaz asko hitz egin delako. “Malagaren aurkako puntu bat ez da txarra, bai ordea partida jokatzeko modua”. Horregatik, Europako partida “ezin hobea da Ligako partidak utzi zigun sentsazio triste hori iraultzeko”. “Lisboak bertsio hobea emateko aukera ematen digu, eta lortzen badugu, ziur aski garaipena oso gertu izango dugu. Sentsazioak berreskuratu behar ditugu, animoak berindartu, autokonfiantza-kolpe bat eman, alegia”.
Bere ustez, taldeak “badaki zer ez duen ondo egin, defentsan minimo batzuk bete behar ditu, horrek ematen baitigu irabazteko aukera, defentsako lan horrek gehiago eman behar digu”.
Sport e Lisboa Benfica “erasokor” espero du Alvarezek. “Etxean jokatzen du eta emaitza ona lortu behar dute kanporaketa gainditzeko. Fisikoki oso talde indartsua da, defentsan ez digu atzean egoteak balioko, jaurtitzaile handiak dituelako eta korrika egiten ere badakite”. Hala eta guztiz ere, ahulgune bat ikusten du, “erabakiak hartzerakoan”, eta, beraz, bere taldeari “hor eragiteko” eskatzen dio. Iberiar Superkopan bi klubak bat egiteko zorian egon ziren baina Benficak ezin izan zuen Elche gainditu zazpi metroko marratik.
Korrika egiteak duen garrantziaz galdetuta, Alvarezek “gehiago egin ahal izatea” eskatzen du, “baloiak berreskuratzeko, konfiantza hartzeko eta, batez ere, korrika egiterakoan erabaki onak hartzea”.
super amara Bera Bera bihar goizean entrenatuko da Bidebietan, arratsaldean hegazkin bat hartuko du Loiutik Lisboara zuzenean eta saio labur bat egingo du igande goizean partidaren eszenatoki berean. Hungariako Miklós Andorka eta Robert Hucker bikoteak zuzenduko du Qr2ko joaneko partida, eta Lituaniako Tadas Jansonas izango da EHFko delegatua.