38 urte dituela, Nely Carla Albertok twitteren bidez eskubaloia utziko duela iragarri zuen atzo eta gaur, Bera Bera Eskubaloiko arduradun Tati Garmendiak Bera Beraren entrenatzaileen multzoan kokatu du “bigarren taldeko laguntzaile moduan eta lehen taldetik gertu”.
Donostiarraren ibilbidea ikaragarria da. Bera Berakin debuta egin zuen 16 urte zituela 1999-2000 denboraldian eta 22 urte bete ditu elitean, horietatik 13 Frantzian. Horrez gain, 136 aldiz internazionala izan da, hamaika titulu lortu ditu Espainian nahiz Frantzian eta Espainiako selekzioarekin Brasileko Mundialean Zilarrezko domina eta Londreseko Joku Olinpikoetan, brontzea.
“Plazera da beti etxera itzultzea” esan du agerraldia hasi eta berehala. Orain “nire esperientzia partekatu nahi nuke” eta zeregin horretan “jokalariei lagundu eta eredu izatea” nahi du. Bera Bera, Cementos La Unión Ribarroja, Itxako, Le Havre, Fleury, Mios Begles, Brest, Chambray, Mérignac eta Plan de Cuques taldeetan ibilbidea burutu ostean eta entrenatzaile grina sortuta “pixkanaka pixkanaka tituluak atera nituen etorkizunean pentsatuz”. Gainera, entrenatu eta jokatu batera ere egin zuen baina “jokatzeak gehiago erakartzen zidan” aitortu du. Horregatik, dio “orain da momentua”.
Bera Bera Eskubaloiko arduradun Tati Garmendiak “bigarren taldea ohorezko mailatik gertuago egotea da helburua”. Izan ere, hurrengo denboraldi amaieran Zilarrezko mailaren egitura aldatuko da, 22-23an abian jarriko dena, eta etorkizunean Nazional delako ligan egon nahi luke eta Bera Bera. Garmendiaren ustez Nely Carla Albertoren ibilbidea “Bera Berarentzat ohorea da hemen hazi delako eta orain hartutako esperientzia eta bizitakoa, batez ere Frantzian, kontutan hartu beharko genukeen eredua, partekatu ditzakeenak gurean”. Ondorioz, Verónica Valverderekin batera Euskal ligan arituko den taldea zuzenduko du eta ahal duenean SUPER AMARA Bera Berari lagundu.
Erronkaz galdetuta, “senior taldean dauden jokalariak lehen taldetik gertu egotea” da helburua, hau da, “joku sistema nolako den ezagutu, galduta egon ez daitezen, lan egin hobetze aldera” adierazi du Albertok. “Oso inportantea da lan egitea eta, ni bezala, entrenatuz gero, saria lortuko dutela komentzitu” gaineratu du. Eskarmentu horretan gogora ekarri du Merignacen Formazio zentrua “non jokalari bakoitzaren taktika-teknikoa asko lantzen den”, ondoriz, “etorkizunari begira progresioa nabaria izan dadin lan egingo dut”.