EHFko Vienako egoitzean eguardian egindako zozketaren arabera, European Leagueko Q2 kanporaketak SUPER AMARA Bera Berarentzat aurkari indartsua utzi dio, Paris 92 alegia, joanekoa Donostian izango dena urriaren 16 edo 17an eta itzulera Parisen, hilaren 23 edo 24n.
Imanol Álvarezek, hortaz, osatu du egutegia. Atzo Superkopa irailaren 4n Torrelavegan izango dela ezagutarazi zuen Federazioak Elche visitelche.com taldearen aurka eta jakinda liga Sant Quirze del Vallèsen hasiko duela irailaren 11n, gaur Europakoak jakinarazi ditu, azarokoak barne. Izan ere, Paris 92 gaindituz gero SUPER AMARAk RM Valcea izango du aurkari, joanekoa Errumanian jokatuko lukeena azaroaren 13-14n eta itzulera, Donostian 20 edo 21ean.
Paris 92 laugarren gelditu zen Frantziako ligako aurreneko itzulian, halere, play-offean seigarren amaitu zuen Nantesekin galdutako kanporaketan. Europan, Iuventa Michalovce urrian eta Nykobing azaroan aise gainditu zituen eta multzoen fasean hiru partida baino ez zituen jokatu. Golen aldeagatik ez zen final-laurdenetara sailkatzerik izan, Zvezdaren mesederako, Covid 19a dela eta partidarik ez zituen jokatu SUPER AMARA Bera Bera kanporatu zuen taldearen aurka. EHFk bidalitako eskaria onartuta, Frantziako laugarren taldea izanik, donostiarren balizko aurkarien zerrendan kokatu zuten, zoritxarrez saihesterik izan ez duena.
Paris 92 taldeak Frantziako ligan Brest eta Metzen mailara kokatu nahi du. Plantilla ikarragarria du: Flippes eskuin alboko olinpiarraz gain, Gabriel atezainak Frantziarekin egin du prestaketa Baionako lagunartekora arte; Nadia Offedal, Danimarkako zentral golegile sekulako jokalaria da; Déborah Lassource, zentrala edo ezker albokoak, gaztea izan arren, zazpigarren denboraldia beteko du, bere betiko klubean; Adja Ouattara eta Mabana-Ma Fofana gazte bezain indartsu pibotak dira; Portugaleko alboko internazionala, Joana Resende eta, horrez gain, taldea zeharo indartu dute batez ere Lara González Bessançon taldetik ekarrita, Gnonsiane Niombla eskarmentu handiko zentrala, Olinpidadetan domina lortu zuena, Munduko txapelduna, curriculum amaigabea duena eta Metzetik puntako jokalaria bereganatu dute, Sajka albokoa azkeneko Txapeldunen ligan 38 gol egin zituena. Paris 92 taldeak ere Bresteik Fofana hegalaria ekarri du eta gazteak ere baditu, Aminata Cissokho edo Mathilde Thouvenot, azken honek junior Eurokopan brontzea eskuratu duena.
Europako kanporaketak eragina izango du ligako bosgarren eta seigarren jardunaldietan. SUPER AMARA Bera Bera O Porriñora egin beharko du bidaia joanekoa jokatu aurretik eta hurrengo jardunaldian Elche visitelche.com izango da bisitari Josean Gascan.
Zozketaren berri izanda, SUPER AMARA Bera Bera entrenatzaile Imanol Álvarezek onartu du “aurreneko kanporaketa izanik, ez dugu zorterik izan, Paris 92 oso talde indartsua delako eta gainera maila handiko jokalari fitxatu ditu”. Bere ustez “zaila izango da, halere, ilusioz eta gogo biziz gaude Europan balentria egiteko eta ehuneko ehuna emango dugu kanporaketa gainditu ahal izateko”.
Hortaz, bidaia erosoa baina maila handiko aurkaria, proiektu anbiziosoa duen taldea. Halere, Ratatouille filmean dioten bezala: “Zergatik ez hemen? Zergatik ez orain? Ba al dago ametsa egiteko Paris baino leku hoberik?