European League Women 2021-22 izeneko lehiaketaren xehetasunak eman ditu gaur Europako Federazioak. Guztira 39 talde onartu ditu EHFk, horien artean SUPER AMARA Bera Bera, Q2 delako kanporaketan, urrian, hasiko duena aurten Europako ibilbidean.
EHFk uztailaren 20an (11etan) egingo du zozketa Vienako egoitzan, Q2 eta Q3rako baliagarria, multzoen fasera iristeko gainditu behar diren kanporaketak, alegia. Urtarrilean hasiko den ligaxka horren zain dira lau talde: Hungariako Mosonmagyarovari, Danimarkako Viborg HK, Errumaniako Minaur Baia Mare eta Errusiako Lada. Hortaz, 12 leku daude SUPER AMARA Bera Beraren erronka gauzatzeko.
EHFk zehaztu duen lehiaketa sistemari erreparatuta donostiarrek talde sorta hauetatik izango du aurreneko aurkaria: Tertnes Elite edo Molde HK Elite (Norvegia), FunFloor Perla Lublin (Polonia), Radnicki Kragujevac (Serbia), MTK Budapest (Hungaria), Paris 92 (Frantzia), CS Magura Cisnadie (Errumania), Kuban (Errusia), HSG Blomberg-Lippe (Alemania), LC Brühl Handball (Suitza) edo Atlético Guardés bera, Europako goreneko bigarren lehiaketan izena ematea erabaki duena. Joaneko kanporaketa urriaren 16-17an jokatuko da, itzulera, urriaren 24-25ean. Hamaika talde horien artean, saihestu nahi dituenak badaki SUPER AMARA Bera Berak Lara Gonzálezen Paris 92 taldea edo errusiarra, errumaniarra edo alemaniarra.
Uztailaren 20an ere azaroko Q3 delako kanporaketa ere zozketatuko da. Urriko kanporaketa gaindituz gero, gipuzkoarrek multzo fasearen atarian haetako aurkari bat izango dituzte, guztiak gogorrak: Frantizako hiru: Les Neptunes de Nantes, Besancon edo Chambray, Hungariako Vaci edo DVSC Schaeffler, Errusiako Astrakhanochka edo Zvezda –azken aurkaria Europan-, Danimarkako Herning-Ikast, Errumaniako Valcea, Alemaniako SG BBM Bietigheim, Norvegiako Storhamar edo Kroaziako RK Lokomotiva Zagreb. Azaroaren 13-14tik 20-21era burutuko da Q3 kanporaketa hori.