Zazpigarren denboraldia bete du Bera Beran, fisioterapeuta gisa, 30 urterekin. Nerea Uranga karrera amaitu eta berehala Bidebietan lanean hasi zen eta denboraldiari errepasoa emateaz gain bere lanbidera hurbiltzen gaitu.
Uztailaren amaieran hasi zen denboraldian gehien erabili den hitza Covid protokoloa izan da. Egoera horren aurrean “taldeak bere erantzukizunaren laginak eman dituela, egokitzen jakin dugula, neurriak hartzen eta ahalik eta burbuilarik handiena izaten” uste du Urangak. “Itxialdiaren arriskua une oro egon da baina astebetekoa besterik ez da izan, taldea bikain aritu den seinale” azaldu du.
Bere arloan, lesio luzeak izan ditu hizpide. Emma Boadak lotailu gurutzatua apurtu zuen abuztuan, Cesáreori irailean eskumuturreko ebakuntza egin zioten, Sara Gil azaroan gelditu zen ukondoan zituen arazoak medio eta O’Mullonyri urtarrilean sorbalda dislokatu zitzaion. “Lau horiek izan ezik lesio handirik ez dugu eduki” dio Urangak. Maitane Etxeberriak sudurra apurtuta Europako kanporaketa eta ligako partida bat galdu zituen eta Malena Cavok, ligako azken partida. “Imanolek (entrentzaileak) minutuak banatu ditu eta hori oso garrantzitsua da. Nik atsedenari, elikadurari, hidratatzeari eta karga maila egokia izaterari garrantzi handia ematen diet”.
Urangak uste du lesioak saihesteko prebentziorik onena “gihartsu izatea da”. Eta 17 jokalariz osaturiko plantillan denetarik dago: “ikutu ez ditudan jokalariak daude, beste batzuk mina sentitu dutelako datoz eta minutu asko jokatu dituenari nik neuk esaten diot niregana etortzeko”. Eta aldea antzemanten du taldean, batez ere adin kontuan. “Beteranak gehiago datoz” dio, halere, gauza bat antzeman du “askok ez diote garrantzirik ematen, akaso egondako taldeetan fisioterapeutarik izan ez dituztelako edo mina dutenean baino ez datozelako”. Prozedura erraza da. Jokalariek Bidebietako pistako sarrera ondoan dagoen fisiogelan dagoen egutegian txanda hartzen dute. Donostia Basket taldeari esker, Urangak Gascan ere lan egiteko aukera izan du.
Eskarmentuak lan egiteko modua aldatzeko balio izan dio. “Lehen, Kopako fase finalean esaterako, 20 minutuko txandak egiten nituen, orain beharretara egokitzen nahiz, jokalari batek 12 minutuekin nahiko duelako eta beste batek, aldiz, 35 behar dituelako”. Ohatilan arlo psikologikoari ere heltzen dio jokalari bakoitza ezbedina delako eta askotan mina nondik datorren asmatzea da gakoa, kasu askotan “nekea izan daitekeelako, atsedena ez delako egokiena izan, estresa, gai pertsonalak…”.
Epe luzeko lesioekin “lana egunerokoa da”. “Ebakuntza baten ostean, helburua da mugikortasuna berreskuratzea” eta errekuperazio epeak zehazten badira ere Urangak dio “ziurgabetasuna” dela nagusi. “Errekuperazioan parte hartzen dugunen arteko komunikazioa premiazkoa da, jokalarien eta Imanolen arteko kontsentsua”. “Imanol zentzu honetan kontserbadorea da, ez du arriskatzen” gaineratu du.
Urangaren ustez “funtsezkoa da ondoeza eta mina bereiztea, entrenatzen jarraitzeko erabakitzeko, kargaren neurria zehazteko mina duzun ala ez, hau da, jokalariari hori bereiztea komeni zaio”. “Nik duten mina ezin dudala sentitu esaten dite” azaldu du fisioterapeutak “horregatik 0 eta 10en arteko eskala sortu dugu mina zehazteko, izan ere, jokalari guztiek ondoeza sentsazio batekin jokatu eta entrenatzen dutenez, orduan nik galdetzen diet non kokatzen diren minaren eskala horretan entrenatzen dutena baliagarria izan dadin”. Ondorioz, “jokalari bakoitzak sentitzen duena interpretatzen jakitea funtsezkoa da”.
Duela hilabete batzu, Nerea Uranga jende arrunta ere artatzen hasi zen. “Kirolaria da nagusi eta bezeroaren esperientzia da errepikatzen duen eta ezagunak bidaltzen dizkizun”, halere, mina duen edozein pertsonarekin lana egiteko prest dago “minaren heziketaren gai asko interesatzen zaidalako”. Fisioterapiaren beharra “ondoeza edo mina daudenean” sortzen da eta, zentzu honetan, Urangak dio “faktore anitzekoa izan daiteke: estresa, sendentarismoa, atseden eza, tabakismoa…”. Mina gutxitu daiteke fisioterapiarekin eta trataera ezberdinekin baina “prebentzioa oso garrantzitsua, hau da, fisioterapiarekin arazoak konpundu baino ariketa egokiak egitea komenigarriagoa da”.
Kontsultan hainbat teknika egiten ditu: elektroestimulazioa, elektroterapia, esku terapia, ispilu izenekoa imitizazio teknika delako edo floosing, hesgailu elastikoen bidez, besteak beste. Eta, jakina, bere buruan 2021-22 denboraldia prestatzen ari da SUPER AMARA Bera Berarekin.