Kopako XLII edizioaren zozketaren arabera, gaur goizean Teldeko San Perdro Mártir baselizan burutu dena, txapelketa honetako azkeneko bi irabazleak elkarren aurka arituko dira final-laurdenetan, izan ere, SUPER AMARA Bera Bera –2019an garaile- egungo txapelduna izango du aurkari Rincón Fertilidad Málaga, alegia.
Teldeko Rita Hernández Kiroldegian burutuko da fase finala maiatzaren 21etik 23ra bitartean zortzi taldeekin. Gipuzkoarren eta malagakoen arteko lehiaren irabazleak Elche visitelche.com edo KH7 BM Granollers izango du aurkari finalerdietan eta beste multzoan, Rocasa Gran Canaria antolatzailea Aula Alimentos de Valladolid hartuko du eta Atlético Guardés eta Liberbank Gijón taldeek osatuko dute taula.
SUPER AMARA Bera Bera eta Rincón Fertilidad Málaga taldeen arteko partida bigarrena izango da Kopako fase final batean, 2018an Málagako finalerdietan jokatu zen bakarra donostiarrak nagusi izan zirelarik (25-26). Aurtengo denboraldian hiru partida jokatu dituzte elkarren aurka: ligako bi, Gascan berdindu zutena eta Alhaurín de la Torren SUPER AMARA Bera Berak irabazi zuena eta urrian Málagako Superkopan, etxekoak gol bategatik nagusi izan zirela.
Kopako fase finala baino lehen, SUPER AMARA Bera Berak Ligako hiru partida jokatuko ditu: maiatzaren 1ean Xixonen (19etan), maiatzaren 9an Gascan Elche visitelche.com taldearen aurka eta maiatzaren 14n Kopa jokatuko den lekuan Rocasarekin. Rincón Fertilidad Málagak, berriz, EHF kopako finalari ekingo dio maiatzaren 1ean eta 8an Kroaziako Lokomotiv Zagreb taldearen aurka, maiatzaren 12an Granollers hartuko du eta 15ean Xixonen arituko da.