Denbora kontua besterik ez zen. Atzo Sagunton sartutako bederatzi golei esker –bi penaltiz-, Adriana Cardosok SUPER AMARA Bera Berako golegile nagusien zerrendan Alba Menéndez gainditu du, Balonmano Morvedre (25-30) taldearen aurkako Kopako joanekoan estrenatzerik izan ez zuena.
Kapitainak 700 goleko langa 2021eko otsailaren 13an gainditu zuen Alhaurín de la Torren, Rincón Fertilidaden aurka. Halere, Cardosoren ibilbidea ikusita Bera Beran daraman bigarren etapa honetan, lau denboraldi jarraian, brasildarrak zarauztarra harrapatuko zuela aurten argi zegoen. Santanderren zortzi egin zituen, - 700 goleko langatik gora-, Gascan Puerto del Carmen taldeari zazpi eta atzoko bederatziekin 719 golekin kokatu da zerrenda (515 Ligan, 108 Europan, 78 Kopan eta 18 Superkopan), Menéndez –gola sartzea ez da bere lan nagusiena 711 gol daramatza.
Ondorioz, Cardoso golegile nagusien zerrenda horretan zazpigarren gelditzen da eta Menéndez, zortzigarren. Klubean seigarren denboraldia betetzen ari dena jokalari ez euskaldunen artean golegile nagusiena da brasildarra eta aurretik orain Eider Rubio du, 969 golekin. Egungo denboraldian, 18 partida jokatuta, 96 gol sartu ditu, hau da, partidako 5,33 gol, iazko denboraldikoa baino hobea: 22 partidetan 94 gol.
Horrek esan nahi du donostiarra harrapatzeko erritmo horretan jarraitu behar duela eta, gutxienez, 34 partida izango dituen beste denboraldi bat. Sasoian badago behintzat.