SUPER AMARA Bera Bera larunbatean 19etan Huerta del Rey pistan arituko da bisita Aula Alimentos de Valladolid taldearen aurka jokateko. Garaipen batekin donostiarrak 11 puntuekin sartuko lirateke bigarren fasean, inork baino gehiago.
Gipuzkoarrek 2016. urteaz geroztik Valladoliden irabazten ez dutenez pista horrek zer duen galdetu diote Imanol Álvarezi. “Aula Alimentos de Valladolidek gauzak ondo egiten ditu, ez zen ondo hasi baina atzo ikusi genuen bezala - Rincón Fertilidad Málaga gainditu zuten- ondo jokatzen ari dira”. “Etxean aritzen direnean asko aldatzen dira, hazi egiten dira eta gustora egiten duten jokua ondo ateratzen bazaie arriskutsuak dira, despistatuz gero gol asko egiteko gai dira instant batean” azaldu du komunikabideen aurrean egindako agerraldian.
Halere, SUPER AMARA Bera Berako entrenatzaileak uste du Zubileta Evolution BM Zuazo taldearen aurkako berdindu ostean “han partida bat jokatzeko garai ona da”. “Zuazoren aurka baino argiago egotea espero dut, gainera bi puntu garrantzitsuak dira gainontzeko taldeekiko tartea hartzeko. Partidak garrantzi kutsua hartu du”. Eta azaldu du. “Garrantzitsua dela jakin badakigu baina ez irabazteko presioa dugulako, lasaitasuna emango ligukeelako baizik. Han jokatzeko baldintza onak dira eta hiru urte irabazi gabeko bolada txarrari amaiera jartzeko asmoa dugu”.
Taldeaz, Imanol Álvarezek uste du “ondo iritsiko gara, Guardesen aurka aritu ginenak eta Cesáreo, Málagari irabazi zion taldea, alegia”.
Halere, defentsako lanari erreparatu dio. “Aulak 30 gol baino gehiago egiten baditu ez da seinale ona izango. Defentsan lan ona egin behar dugu korrika egiteko aukera emango diguna”. Bere ustez, “Aularen aurka gure eraso jokua ondo ateratzen ohi zaigu, zer egin behar dugun argi dugulako” horregatik, “nire kezka defentsiboki maila ematea da jokalari gazte eta guztia ematera aterako den talde baten aurka erantzungo diona, alegia”.