Balio handiko garaipena SUPER AMARA Bera Berak gaur arratsaldean lortu duena Rincón Fertilidad Málaga aurkari zuzen baten aurrean, bigarren zatian hobekuntza nabarmena eginez. Fernandez erasoan –zazpi gol zati horretan- eta Arruda, atepean, protagonista nagusienak izan dira (19-22, 10-8 atsedenadian).
SUPER AMARA Bera Bera eta Rincón Fertilidad Málaga taldeak elkarren aurka aritu dira berriro hiru hilabete t’erdi beranduago. Bi taldeek garaipenak lortu dituzte ligan eta berdinketa bat, Gascan adostu zutena urrian. Hortaz, average delakoa eskuratzea ere oso garrantzitsua. Guerreras Iberdrola ligako hamaikagarren jardunaldia, Kopa 2020ko egoitza izan zen Alhaurín de la Torreko El Limón kiroldegian jokatu da.
Donostiarrek, baina, partidari hasiera kaxkarra eman diote, batez ere Castellanosen aurrean. Hutsak bata bestearen atzetik baina atezainak ez du geldiketa handirik egin. Hamaika minutu behar izan ditu SUPER AMARA Bera Berak aurreneko gola egin ahal izateko. Cardosok sartu du, penaltiz. Baloi galerak aparte, gipuzkoarrek jaurtiketak egiteko aukerak izan dituzte: Hernández, Moreno eta Etxeberriak kanpora bidali dituzte, hegalekoak postearekin egin du topo eta Castellanosek Hernándezi egin dio aurreneko geldiketa. Hori guztia 10 minutuetan. Eskerrak Espe López eta Doiro jokalarien hasierako hauspoa izan ezik, Rincón Fertilidad Málaga ez zegoen erasoan oso fin.
Imanol Álvarezek A Guardan oso irudi ona eman zuen talde bera atera du. Halere, kasu honetan, baloiak ez du erasoan ohiko den abiadura hartu eta akatsak medio, ez du lasaitasuna aurkitu joku geldoan, kontraerasoan ezta ere. Defentsarekin partidan sartu dira donostiarrak, partidari erritmo patxadatsua eman nahi izan dio Málagak taldea konfinaturik egon delako astelehenen arte. Menéndezek baloia lapurtu eta zuzenean abiatu da Castellanosena (12’: 4-3). SUPER AMARA Bera Bera saiatu da partida bizitzen baina bertakoek galerazi dute. Joku geldoan Arderiusek ardura hartu du eta asistentziak eta golak tarteako arnasa eman dio taldeari (19’: 8-4).
Álvarezek Cesáreo eta Cavo sartu ditu, argentinarrak barneraketekin penaltia eta kanporaketa lortu ditu. Cardosok guztiak asmatu ditu –hiru huts egin ditu Málagak – eta taldea gerturatu du (25’: 9-6). Campiglik asmatu du Arderiusen pasea medio baina jarraian Morenok eta Fernandesek asmatu dute, atsedenaldira 10-8 iristeko. Gaitzerdi!
Bigarrenean berpiztu da taldea eta hobeto aritu dira El Limón pistan. Aurreneko erasoan Fernandes partidan sartuta zegoela ohartarazi du eta hiru gol jarraian egiten ditu. Rincón Fertilidadek, aldiz, baloiak galdu ditu eta 32. Minutuan Maitane Etxeberriaren bidez SUPER AMARA Bera Bera aurreratu du. Fernandesen golarekin (33’: 10-12) Suso Gallardok partida gelditu du.
Medeirosek, kontraerasoan, taldea gerturatu du baina Cavok Doiroren zigorra aurkitu du, Cardosok penaltiz gauzatu duena Fernándezen aurrean. Pizzok Castellanos gainditu du (36’: 11-14) eta Arruda ere jokoan sartu zen geldiketa onak egiten baina ezin izan zuen Paula Garcíarena saihestu. Menéndezek erantzun zuen–700. gola Bera Berarekin - eta Fernandes ezin zuten gelditu. Sole Lópezek ezin zuen Arrudarekin eta txartel gorria ikusi du Cavori aurpegian kolpe latza emanda. Fernandes, berera: (42’: 13-17). SUPER AMARA Bera Berak Menéndez eta Hernándezen kaleratzeak ondo kudeatu ditu, defentsak baloiak lapurtu ditu eta Arrudak gelditzen jarraitu du.
Sara Bravok baloi loratua batekin taldea gerturatu du (53’ 16-20) baina Hernándezek asmatu du hegaletik eeta SUPER AMARA Bera Berak abantaila kudeatzen jakin izan du gehiegi arriskatu gabe Rincón Fertilidad (19-22) nekatuta zegoelako.
Ondorioz, garaipen garrantzitsua jokuak baino puntuek dituzten balioarengatik. Donostiarrak líder sendo dira, Rincón Fertilidadek baino partida bat gehiago du SUPER AMARA Bera Berak baina andaluziarrek oraindik Guardesekin jokatu behar dituzte bi partidak, gipuzkoarrek irabazi dituztenak. Hurrengo partida, ostegunean, Gascan 20etan, Lanzarote Puerto del Carmenen aurka. Bigarren faseari begira, martxoan hasiko dena, egun SUPER AMARA Bera Berak Rincón Fertiidad Málagak baino bi puntu eta average delakoa alde du eta hori da garrantzitsuena.
Fitxa: Rincón Fertilidad Málaga 19, SUPER AMARA Bera Bera 22,
Rincón Fertilidad Málaga 19 (10+9): Castellanos, Sole López (1), Doiro (3), P. García (2, 1p), Arderius (6), Espe López (3) eta Medeiros (1) –hasierako zazpia- Campligi (1), Bravo (2), Pérez, Rojas, Gutiérrez, Piñeira, Sánchez eta Fernández (o.a.)
SUPER AMARA Bera Bera 22 (8+14): Arruda, M. Etxeberria (1), Arrojeria (1), Terés (1), Menéndez (2), Hernández (1) eta Moreno (1) –hasierako zazpia- Fernandes (9), Cardoso (4p), Cesáreo, Pizzo (1p), Cavo (1), A. Etxeberria eta Fernandes (o.a.)
Epaileak: Jesús Álvarez eta José Carlos Friera, asturiarrak
Kanporatuak: Paula García, Doiro eta Gutiérrez. Goria Sole López (40’) Rincón Fertilidadek eta Cesáreo, Menéndez eta Hernández Super Amaratik.
Partzialak: 3-0, 3-0, 6-4, 8-5, 9-5, 10-8 -atsedenaldia- 11-13, 13-16, 14-18, 15-20, 16-21 eta 19-22