Cicar Lanzarote Ciudad de Arrecife taldeari larunbatean Bidebietan lau gol eginda, Alba Menéndez 698 golera iritsi da emakumezkoen ohoreko ligan, Bera Berarekin beti.
SUPER AMARA Bera Berako kapitaina 700 goleko langa ikutzear da, sei jokalarik gainditu dutena Bidebietako taldean: Tati Garmendiak (2.157 gol), Matxalen Ziarsolok (1.420), Esme Lópezek (1.269), Eli Pinedok (1.190), Patri Pinedok (982) eta Eider Rubiok (969) (Garako kazetari Juan Carlos Elorzak jasotakoak). Zarauztarrak, baina, geroz eta gertuago du Adriana Cardoso. Larunbatan San José Obrerori sartutako zortzi golei esker brasildarrak 681 gol egin ditu sei denboraldietan, jokaturik 170 partidetan. Euskaldunak ez diren jokalarien artean golegile nagusiena da Cardoso.
Menéndezek 2009ko irailaren 12an egin zuen debuta ohorezko mailan, Santanderreko Marina Park taldearen aurka Bidebietan, bi gol egin zituelarik. Elorzaren datuen arabera, 30 gol egin zituen ligan eta hiru Europan, Turkiako Uskudar taldeari. Superkoparako deialdian ez zen sartu eta Leonen ospatu zen Kopan ez zuen golik sartu.
Hurrengo denboraldian (2010-11) hutsean pasatu zuen hernia diskala medio. Bidebietan 2011ko azaroan beragertu zen Castro Urdialesen aurka eta denboraldi horretan 28 gol egin zituen. Gola egitearena bere dohai nagusiena ez bada ere, pixkanaka pixkanaka Menéndez aurrera doa golegileen zerrendan. 2014-15 denboraldian gol kopuru altua ezarri zuen, 91 golekin, 2018-19an gainditu zuena 116 golekin, 42 partidetan. 698 golen banaketa honakoa da: 514 Ligan, 59 Kopan, 105 Europan eta 20, Superkopan, Bera Berarekin jokaturiko 320 partida baina gehiagoetan.
Aurtengo denboraldian, Boada baja delarik, taldea zuzentzea tokatu zaio edo lehenengo lerroan gehiagoetan aritu. Ondorioz, 21 gol daramatza Ligan, iazko 16 partidetan baino bat gutxiago. Otsailaren 13an, Málagan, 700 langara iristeko aurkera izango du kapitainak.