María Prieto O’Mullonyk ezker sorbaldan luxazioa egin zuen lehengo asteko entrenaldi batean eta egindako azterketak medio, ebakuntza egitea da hartutako erabakia. Ondorioz, lau hilabete baja izango da.
Álex Noguések zuzentzen zuen entrenaldian joku geldoan erasoak eta defentsan lantzen ari ziren. O’Mullonyk erdigunetik barneraketa egin zuen, jaurti zuen eta sorbalda atera zitzaion. Jokalaria minez etzanda gelditu zen. Sorbalda inmobilizatu ostean, O’Mullonyri erresonantzia egin zioten, luxazioa ageri delarik eta hortaz gain, Bankart izeneko lesioa, labrumen haustura, alegia eta Hill-Sachs izenekoa ere bai. Hortaz, artroskopia bidez ebakuntza egingo diote labruma bere lekuan jartzeko. Ebakuntza ostean, lau hilabete beharko ditu O’Mullonyk berriro jolasten hasteko, horrek esan nahi du ziur arki denboraldi amaiera arte ez duela taldekideekin bat egingo.
SUPER AMARA Bera Berak ligako bigarren itzuliari larunbatean ekingo dio A Guardan, Lanzaroteko bi taldeak hartuko ditu ostean urtarrilaren 30ean Bidebietan eta otsailaren 6an Gascan, Málagara egingo du bidaia otsaileko bigarren astean eta Santanderrera hirugarrenean Uneatlántico Pereda taldearen aurka jokatzeko. Otsailaren 28an Zubileta Evolution BM Zuazoren aurka derbia ospatuko da eta lehiaketako aurreneko faseari amaiera jarriko dio Valladoliden martxoaren 6an. Bigarren fasea martxoaren 27an hasiko da, Tokioko Joku Olinpikoetan egoteko sailkatze fase ostean.