Eusko Jaurlaritzak aste honetan antza onartuko dituen murrizketak ezagutu aurretik, esan daiteke, Zubileta Evolution BM Zuazo eta SUPER AMARA Bera Berak larunbatan (19etan) Lasesarren jokatuko duten euskal derbia ezohikoa izango dela, izan ere, Barakaldo eta ondoko herrietako jendeak baino ezingo du partida ikusi.
Guerreras Iberdrola ligako seigarren jardunaldiari dagokion norgehiagokan, zoritxarrez, Lasesarre kiroldegiko harmailetan ez da Bera Beraren urdina ikusiko, 2008-09 denboraldiaz geroztik ikusi den bezala. Barakaldoko taldea emakumezkoen eskubaloi elitera igo zen orduan, urte baterako, baina 2012ko irailetik finkoa da ohorezko mailan.
Ondorioz, bizkaitarrak eta gipuzkoarrak ligan 18 partida jokatu dituzte. Horrez gain, Kopan hiru aldiz elkar ikusi dute: final-laurdenetan birritan, 2013an O Porriñon (luzapena behar izan zuen Bera Berak), 2014an Alcobendasen eta 2016an O Porriñon berriro ere jokaturiko finalean. Urte horretan, bi taldeek Iruñean Superkopa jokatu zuten. Hau da, Euskal Kopa kontutan hartu gabe, partida ofizialean 22 norgehiagoka jokatu dituzte, guztietan urdin kolorea nagusi.
Lasesarre: oroitzapen bikainak
Orokorrean, SUPER AMARA Bera Berak partida borobilak egin ditu Lasesarren, oroitzapen onak utzi dituena, 2018ko liga bertan irabazi zuen eta 2019ko Kopa. Era berean, bi jardunaldien faltan, 2012an aurreneko Liga eskuratzeko garaipen argia lortu zuen, 2016an bezala. Eta 2013an, Maitane Etxeberriak bertan egin zuen debuta.
Bera Berak gol bakar batez irabazi zion (24-25) Barakaldon jokatzen zuen lehen partidan, 2009ko otsailean, Tati Garmendiaren zazpi gol eta Lacrabéren bost golei esker, besteak beste. SUPER AMARA Bera Berak sufritzen jakin izan zuen 2017 urtarrilean (21-24) eta bosgarren liga eman zion lehian (24-28). Halere, Zuazok gertuago izan du garaipena Bidebietan Lasesarren baino: 2016ko urtarrilean (18-16), 2017ko maiatzean (23-22) eta 2019ko maiatzean (26-25).
2008-09 denboraldiko partidak izan ezik (oraindik Zarautzen), Alba Menéndezek ez du derbirik galdu, hau da, 20 partida jokatu ditu kapitainak.