SUPER AMARA Bera Bera 2020-21 denboraldiari forma ematen jarraitzen ari da eta Esther Arrojeria jokalariaren berritze kontratua iragarri du datozen bi denboraldirako.
SUPER AMARA Bera Bera bigarren kapitainak, 26 urterekin, zortzigarren denboraldia beteko du abuztutik aurrera. 2012ko urrian egin zuen debuta baina 2013-14 denboraldian aurkitu zuen lekua zentral moduan Imanol Álvarezek zuzentzen zuen taldean. Geroztik finkoa izan da, oinarrizko jokalaria, eta oraindik gaztea izan arren Estatu nahiz Europako lehiaketatean eskarmentu handiko jokalaria izango da datorren urtean. Izan ere, usurbildarrak 205 partida jokatu ditu (Ligan 152, Europan 28, Kopan 21 eta 4 Superkopa) 531 gol sartuz.
“Pozik eta ilusionaturik” dagoela baieztatu du Arrojeriak. “Bi urte gehiago egongo naiz nire etxean eta talderik onenetarikoan, ezer gutxi gehiago eska daiteke” azpimarratu du.
Espainiako Federazioak ostiralean denboraldia bertan behera gelditzea erabaki zuen. Arrojeriak uste du “ankamotz gelditu da, denok amaitzea nahi genuen baina egoerak ez du bermatu”. Eta hurrengo denboraldiak jarri du begirada: “hau esatea ez nuen espero baina aurredenboraldia hasteko irrikan nago, berriro entrenatzeko, jokatzeko eta arantza kendu”.
Liga nola geldituko den galdetuta, SUPER AMARA Bera Berako zentralak koherentzia eskatu dio Federazioari. “Zilarrezko mailakoak antza Guerreras Iberdrola liga igotzeko aukera dute, hortaz, ligako sailkapena errespetatzea izango litzateke logikoena”. Erabakia Delegatuen Batzordeak hartu behar du “eta gu zain gaude”.
Arrojeriak denboraldia “positibotzat jo du”. “Sei jardunaldi falta zirela Ligan partidarik galdu gabe geunden, bi berdinketa baino ez, hori Bera Beran ez da sekulan eman” adierazi du. “Europan arantzarekin gelditu arren, taldea berria zela kontutan hartuta, lan ona egin dugula uste dut, lortu nahi genuen jokutik gertu” gaineratu du.
20-21 denbroaldiaz Arrojeriare ustez SUPER AMARA Bera Bera “Estatuko titulu guztiak helburu izan behar ditu eta Europan salto bat eman, taldea izango dugu horretarak”, nahiz eta oraindik “ez dakigu zenbat talde izango diran ligan”.
Usurbildarrak badu beste erronka bat. Bigarrren kapitain gisa onartu du “urrats bat eman behar dut eta Albari lan horretan lagundu”.
Orain arte, SUPER AMARA Bera Berak Imanol Álvarez entrenatzaile, Alba Menéndez, Renata Arruda eta Esther Arrojeria jokalarien kontratu berritzeak iragarri du eta Alice Fernandes atezainaren fitxaketa. Hortaz, 2020-21 denboraldiko taldea itxura hartzen ari da Eli Cesáreo eta María Prieto O’Mullony jokakariek beste urtebeteko kontratua zutelarik.