SUPER AMARA Bera Berak larunbatean 18etan Bidebietan puntu premia duen Conservas Orbe BM Porriño hartuko du ohorezko mailako 500. garaipena lortze aldera, egun Guerreras Iberdrola liga eta, bide batez, tartea mantendu sailkapenean gertuen dituen taldeekiko (Huertas eta García, andaluziarrak).
Castellanos eta O’Mullony baja direla, Imanol Álvarezek 16 jokalarien zerrendan sartuko du eskuin hegalari June Ruiz de Gauna, igandean 20 urte beteko dituena. Egiako jokalariak SUPER AMARA Bera Berarekin egin zuen debuta Tolosan, Suizako LK Zug taldearen aurkako EHF Cupeko kanporaketan. Ruiz de Gaunak atsedena emango dio Cardosori, Ermuko entrenatzailearen asmoa baita Maitane Etxeberria ahalik eta gutxien erabiltzea. Ainhoa Larrañaga ere Castellanosen ordezkoa izango da.
Álvarezek uste du plantilla orekatua duela defentsatik Porriñori aurre egiteko, kontraerasoa gauzatu eta partida azkar apurtu. Conservas Orbek puntuak behar ditu eta eskarmentuko jokalariak izan arren zuloan dago gaur egun. Inés Hernández, Alba Dapena edo Fátima Suaré, Anthia Espiñeira taldea zuzentzen eta Soraia Lopes ezker hegalean, talde sendo dirudu. Santomé eta Samartin alta hartuta aurkari zaila izan daiteke.
SUPER AMARA Bera Berak Elxen lau puntuko aldearekin jokatu nahi du eta ezin du hutsik egin galizarren aurka ezta ere Balonmano Salud Teneriferekin hurrengo larunbatean.
Conservas Orbe BM Porriño irabaztekotan ligan 500. garaipena litzateke. Bidebietako taldeak 1990-91 denboraldian egin zuen debuta ohorezko mailan eta hamaikagarren jardunaldian irabazi zuen aurreneko partida. 1990ko abenduaren 2an izan zen –Garako kazetari Juan Carlos Elorzak jasotako datua- Universidad de Valladolid (30-22) taldearen aurka.
Ligako 745 partida izango da biharkoa. Orain arte 499 irabazita (%67a), 39 berdindu ditu eta 204, galdu. Guztira, 19.837 gol egin dituzte donostiarrek.