SUPER AMARA Bera Bera bihar larunbata (20etan) La Arena kiroldegian arituko da Liberbank Gijónen aurka (Merino eta Moyano, Gaztela-Leoi), tarte ia erabakiorra zabaltze aldera, Elcherekin batera, Guerreras Iberdrola ligako bigarren sailkatua.
Partidak arreta piztu du Xixongo La Calzada auzoan eta, antza, La Arena beteko da. Diego Lafuenteren taldeak aukerak urratu nahi ditu lidergotik bi puntura gerturatzeko. Leticia Cobo eta Marta Méndez jokalarien bajak ditu baina azken urtetan baino baliabide gehiago. Marizza Faria eta Cecilia Cacheda zuzentzen dute taldea, albokoan Palicio, Téllez –Bidebieta- eta Nerea Nieto. Pibotean Gavilán argentinarraren indarra azpimarragarriena da, Torreira defentsan eta hegalak ondo beteta daude Raquel Caño, Natalia Montilla, Laura Rivas eta María Gonzálezekin, atezainak bezala Raquel Álvarez eta Estefanía Ruizekin. Liberbank Gijón taldeak ez du partidarik galdu La Arenan eta puntu bakarra galdu du Zubileta Evolution BM Zuazok urratu ziona eta, besteak beste, Elche gainditu du. Bataz beste 29 gol baino gehiago sartu ditu eta 24 gol jaso.
SUPER AMARA Bera Bera, bestetik, Merche Castellanos eta O’Mullonyren baja ditu. Atezainari eskuin eskuko hatz batean tendoia urratu zaio eta Zamorakoak bizkarrean arazoak ditu. Dos Santosek ere ez du bidaiatuko. Bidebietan jokatutakoarekin konparatuta Renata Arruda izango da nobedadea eta zerrendan sartuko da Lacturale Bera Berako atezain Ainhoa Larrañaga Alcobendas, O Porriño eta EHF Cupeko Brasoven aurkako kanporaketan bezala. Imanol Álvarezek jokuari jarraipena eman nahi dio eta Liberbank Gijónen erritmoa ezartzea saihestu. Etxetik at donostiarrek 30 gol baino gehiago sartu dituzte batez beste eta 22 jaso.
Honako partidekin osatuko da jardunaldia: Elchek Alcobendasen jokatuko du (18etan), Mecalia Atlético Guardések Aula Alimentos de Valladolid hartuko du, Rincón Fertilidad Malagak Rocasa, Zubileta Evolution BM Zuazok KH7 BM Granollers eta Conservas Orbe BM Porriñok Balonmano Salud Tenerife.