Markel Olano Ahaldun nagusiak eta Kiroletako buru Denis Itxasok SUPER AMARA Bera Berako plantilla hartu zuten atzo Foru Aldundian Barakaldon asteburuan lortutako seigarren Kopa dela eta.
Dantzari batek aurresku eskaini zuen sarreran eta ondoren opariak iritsi ziren txapelak kapitanari, entrenatzaile, eskubaloi arloko arduradunari eta Bera Bera RTko presidenteari eta Gipuzkoako baso baten argazkia.
Denis Itxasok eta Markel Olanok taldearen eta klubaren ibilbidea goraipatu zuten. Kiroletako Foru diputuak Málagan galdutako finala gogora ekarri zuen, bertan izan baitzen, “hortaz, banekien Kopa hau irabazteko irrikan zinetela”. Azken urteotan makina bat titulu lortu arren, Itxasok “horrelako ekitaldiak garrantzitsuak dira, aitortza modu bat direlako eta kirolean eredugarriak zaretelako”. Horrez gain, “zabaltzen dituzuen baloreak” goraipatu zituen eta “babesleen inplikazioa txalogarria da, batez ere, SUPER AMARAkoa”.
Markel Olanok emakumeen kirolak egin behar duen “esfortzu gehigarrian” jarri zuen arreta helburuak lortze aldera eta lan hori berdintasuna lortzeko borroka horretan kokatu zuen, “gizartea eraldatzen ari zaretelako”.
Bera Bera RTko presidente Fernando Diez Mintegik agerraldian eskerrak eman zituen “hasteko gure zaleei, familiei, plantilla osoari, eskubaloi arloko eta klubeko arduradunei, instituzioei, babesleii eta Barakaldoko Kopako antolatzaileei”.