Europako partida guztietatik beti hobetzeko zeozer gelditzen da, jokalarien exijentzia maila handitzen baita. Orain SUPER AMARA Bera Berak erritmo hori Ligara eraman nahi du eta ziztu bizian, asteartean Bidebietan (19etan) Rincón Fertilidad Málagaren bisitarekin.
Larunbatean Guerreras Iberdrola Ligako lehenengo itzulia amaitu zen O Porriñon Rocasaren garaipenarekin, Mecalia Atlético Guardések Elxen gol bakar batez galdu zuen eta KH7 BM Granollers taldeak BM Castellóni irabazi zion. Hortaz, 13 partida ostean, kanariarrak lidergoan bakarrik dira 22 puntuekin, ondoren SUPER AMARA Bera Bera (21), Guardés (19) eta 18 puntuekin KH7 BM Granollers eta Elche Mustang –zazpi garaipen jarraian -. Atzerago 16 puntuekin, Rincón Fertilidad Málaga eta Liberbank Gijón Barakaldon eta Valladoliden irabazita.
SUPER AMARA Bera Bera da gol gutxien jaso duen taldea, guztira 290 (partidako 22,3), Elche Mustangek (300) eta Alimentos de Valladolid (309). Horrez gain, gol gehien egiten duen bigarren taldea da (389) Guardésen atzetik (405 gol).
Zerrenda horretan buruan da SUPER AMARA Bera Beran Adriana Cardoso, 75 golekin. Ondoren lehenengo lerroko jokalariak agertzen dira: Arrojeria (41), Menéndez (38), Karsten (37) eta Arderius (34) eta Terés (34). Atzerago, Da Silva (25), Ezkurdia (24), Sans (23), Berasategi (16), Etxeberria (15), Gil (15), Camejo (10), Arruda (1) eta Castellanos (1).
Guerreras Iberdrola Ligan parekotasuna izan da nagusi aurreneko hamar jardunaldietan, hiru líder izan direlarik: Mecalia Atlético Guardés zortzigarren jardunaldira arte, Rincón Fertilidad Málaga etenaldira iritsi zen buruan baina 2019. urtea hiru porrotekin hasi zuena, Rocasaren eskuetan lidergoa utziz.
Gipuzkoarrek bigarren itzulia irekiko dute asteartean (Jesús Escudero eta Jorge Escudero, kantabriarrak) Rincón Fertilidad Málaga taldearen aurka, iaz Bidebietan nagusi izan zena. SUPER AMARA Bera Berak etxean partida sorta erabakiorrak hasiko ditu, izan ere, otsailaren 22an Gascan Mecalia Atlético Guardés hartuko baitu eta hurrengoa, Rocasa izango da.